Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Apirila »  Euskara irabazten

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara irabazten

Uztarria

- Uztarriak dio Udalarekin lortu duen hitzarmenak, beste akordio batzuk lortzeko ere “balio” dezakeela

Akordioa
Akordioa.  Laxaro Azkune, Julian Eizmendi eta Xabier Mendiguren, martxoaren 25ean, akordioak sinatzen.  (Urola-Kostako Hitza)

Herriak eskatzen eta behar zuen egoerara iritsi dira Udala eta euskalgintza, Udalak berak eta Uztarria Kultur Koordinadorak euskararen normalizazio planerako akordioa sinatu dutelako; hain zuzen ere, martxoaren 25ean izan zen hitzarmenaren izenpetzea. Udalak eta Kontseiluak ere sinatu zuten euren arteko hitzarmena. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Bai Euskarari Akordioa uztarturik gelditu dira, ondorioz.

Uztarria, joan den urte bukaeran, Udalari bi planen arteko uztarketa proposatzen hasi zenean, Tolosaldeko eredua ari zen jartzen eredutzat, eta Tolosako Udaleko euskara teknikari Ińaki Azaldegik artikulu esanguratsua idatzi zuen herri aldizkarian: “EBPNk eta Bai Euskarari Akordioak prozesu berean bat egitea iruditzen zait egokiena. Bide hori ari gara jorratzen Tolosaldean, Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordea eta EBPNren Aholku Batzordea kide berberez osatuta baitugu. Kostatuta, baina elkarren kontra aritu ordez, elkarrekin eta elkarlanean aritzea erabaki dugu. Euskaldunen arteko kontua izateko, miraria ere badirudi, ezta?”.

Azpeitian ere lortu da miraria, eta uztarketa egon da. “Bi parteen aldetik borondate ona egon baita. Udalak herriko euskalgintzarekin kontatu du, herrian euskararen normalizazio helburua duten erakundeen arteko indarren biltzea ezinbesteko delako helburu hau lortu dadin”, dio Uztarriaren Euskara Taldeak. “Azken urteetako desadostasunak alde batera utzi eta euskararen aldeko ekimen honek norabide bakarra izatea oso garrantzitsua da. Hitzarmena garrantzitsua da, logikoa, efektiboa eta naturala”.

Dena dela, “bidea hasi besterik ez” dute egin Udalak eta Uztarriak, “eta herriko enpresek, elkarteek, komertzioek... planean protagonismo handia eduki behar dute, baita hartuko dituzten erabakiak betetzean konpromiso irmoa eduki ere”. Kontseiluak orain arte eman duen “babes garrantzitsuarekin” segitu beharra dagoela dio Kultur Koordinadirak.

Beste kontuak. Hitzarmena sinatu da, eta orain paperean dagoena betetzen hasi behar. “Hor ere denok geure borondate onenarekin jardun beharko dugu”, uste du Uztarriak.

Eta aurrera begiratu nahi du, herri ikuspegi zabalarekin. “Azpeitiko beste arloetarako balio dezake Udala-Uztarria akordioak, beti ere herriaren mesederako. Euskararen alorrean, esaterako, zintzilik geratu da Urola-Kostako Hitza-ren kontua. Ea hor ere adostasuna lortzen dugun”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak