Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Apirila »  Umekeria ote?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Komikia

Umekeria ote?

Amaia Mendizabal-Ohiana Elduaien

Nahiz eta inguruan gutxi ezagutzen den artea izan, herrian hiru komiki zale daude: Josu Goenaga, Igor Elorza ‘Elo’ eta Jon Berdejo. Eta ez dira umeak

Josu Goenaga
Josu Goenaga.    (Amaia Mendizabal-Ohiana Elduaien)
Gozamena
Gozamena.  Mundial pasatzen dute hiru azpeitiarrek komikiekin. Uztarriak hirurak bildu ditu aldizkarirako erreportaia egiteko, eta denbora asko pasatu dute elkarren bildumak ikusten. Argazkian, ezkerretik hasita, Igor Elorza, Jon Berdejo eta Josu Goenaga.  (Amaia Mendizabal-Ohiana Elduaien)
Igor Elorza
Igor Elorza.    (Amaia Mendizabal-Ohiana Elduaien)
  (Amaia Mendizabal-Ohiana Elduaien)
Jon Berdejo
Jon Berdejo.    (Amaia Mendizabal-Ohiana Elduaien)

Komiki zale amorratuak dira Igor Elorza Elo, Josu Goenaga eta Jon Berdejo azpeitiarrak; txiki-txikitatik izan ere. Orduan, haurtzaroan, gurasoek sari gisa eskaini ohi zizkieten komikiak; ondo portatuz gero eskuratzen zituzten altxor gisa. Edo medikuarengana joateko ordua iristean, euren protestak gurasoek isiltzen zituzten, marrazkiz eta istorioz jositako karameloekin. Berdejok dioen bezala, ordea, komikiak eta istorioak eurekin batera joan dira hazten, eta gaur egun ere umetako zaletasunari eutsi diote. Orain, ordea, bestelakoak dira irakurtzen dituzten komikiak: “Hauek ere, irakurleen martxa berean, heldu bilakatu dira”. Haren hitzetan, “komikiak ere aldatzen doaz urteak bitarteko. Karpantarekin edo Zipi Zaperekin hasi eta gero, gauza serioagoen bila jotzen duzu, gai ilunagoak-edo behar dituzu. Izan ere, adin guztientzako komikiak daude”.

Hala eta guztiz ere, hirurek onartzen duten bezala, inguruko jendearengan badago, oraindik ere, komikiak haurren kontua den uste ustel hori. Hala dio Elok: “Komikiak irakurtzen ditudala esan izan dudan bakoitzean, zera esan izan didate: ‘Komikiak? Horiek umeenak ez al dira ba?’. Kritika hori beti izan dugu. Gainera, beti, ‘zer irakurtzen duzu: Mortadelo eta Filemon?’, esaten du jendeak; muga horretatik aurrera ez dute ezagutzarik. Hortik aurrera ere beste istorio asko daude, komikiak asko landuak izaten dira”.

Ideia beraren inguruan aritu da Josu Goenaga ere: “Egia da kutsu infantila baduela komikiak, baina, era berean, komikiak hiru arte batzen ditu: literatura, pintura eta zinema”. Artearen ideia hori azpimarratzen dute behin eta berriro. “Nik —dio Berdejok— jendeak komikien inguruan duen ikuspegia aldatzea nahi nuke. Liburu bat irakurtzea baino errazagoa eta azkarragoa da komiki bat irakurtzea. Batzuetan ezin izaten dituzu eszenifikatu liburuetan agertzen diren zenbait ideia, ez duzu irudia argi ikusten. Komikiak lan horretan asko laguntzen du. Begiratzeko gauza asko daude, ez da nahikoa ‘bokadiloa’ irakurri eta aurrera egitea, binetako bazterrak miatu behar dira, txokoetan sinbolo asko egon ohi dira eta horiei ere arreta eskaini behar diezu. Horrekin esan nahi dudana zera da: komikia ez dela haurrei ikusmiran jarduteko ematen zaien zerbait bakarrik, gauza serioak ere badaude horietan, eta istorio aldetik garapen handia egon da nire ustez”.

Gaiei dagokienean ere “aukera galanta” dago komikietan, eta bakoitzak nahi duen edo jakin-mina sortzen dion gaiaren bueltan egindako komikiak aurki ditzake. Umekeriez haratago, kritika sozialak ere lekua baduela diote. Hala dio Josu Goenagak, behintzat: “Charlie Brownek garai hartako gizartea kritikatzen zuen”.

Helduen lana. Berdejo ados dago ikuspegi horrekin, eta Simpsonekin konparaketa egiteraino ausartu da: “Snoopy gaur egungo Simpsonekin alderatuko nuke. Garaiko gizarteari zuzendutako kritika eta amets amerikarra esaten dugunaren aurkako erreakzioa izan zen. Eguneroko bizimodua satirikoki islatzen saiatzen dira. Komikiak umeentzako diren klitxe hori gaindituko bagenu, beharbada ohartuko ginateke zeru urdin eta laino zuri horien atzean dagoen lanaren neurriaz. Ez dugu preziatzen, agian ez digutelako erakutsi, baina itxura infantil horren atzean heldu batzuen lana dago. Garbi izan behar da, nahiz eta itxura hori ez eman, komiki bat oso ironikoa izan daitekeela. Agian, umeen xalotasun horretaz baliatzen dira guri mezu landuak bidaltzeko”.

Herriak ezer gutxi. Zaletasuna handia izan arren, hiru azpeitiar hauek badute hamaika arazo komikiak eskuratzeko orduan. Izan ere, herrian ezer gutxi aurkitu omen daiteke. Hori dela eta, gehienetan hiriburuetara jo behar izaten dute, bereziki Bilbo eta Donostia aldera. Hirietan komikigintzan espezializatutako dendak aurki daitezke, edo literaturaren inguruko denda handiak, Bilintxen antzerakoak. Hori bai, Josu Goenagak dioen bezala, “alde batetik, ia denda guztia hartzen, eleberriak daude, eta gero, txoko batean komikiak, apala zokor batean edo”.

Denda horiez gain, Bartzelonara ere joan izan dira, han komiki munduaren inguruan kultura handiagoa baitago eta azokak-eta antolatzen direlako. “Bartzelonako erakusketa Durangoko azokaren oso antzekoa izaten da. Ale berriak eta zaharrak, egile famatuak euren lanak sinatzen. Eta sariak ere ematen dituzte”, dio Goenagak. Berdejoren hitzetan, gisa horretako jaialdietan “komikigintzan hasiberriak direnentzat ere aukerak egoten dira”. Hala ere, ez da erraza mundu horretan mugitzea. Eloren iritziz, “landu beharreko afizioa da: interneten begiratu, berrikuntzen berri izan...”. Argi dago ez dela zaletasun eskuragarria.

Horren guztiaren errua kultura zer den eta zer ez den erabakitzen duen eliteari leporatzen dio Goenagak: “Komikia azken mailako kultura bezala egon da, lehen rock&roll-a bezala (ez dago konparatzerik rock&rollak eta operak duten onarpena). Literatura bezala da: batzuei nobel saria ematen diete, eta beste batzuk, oso onak izan arren ere, ez zaie beraien lana baloratzen, gaiaren-eta arabera. Nire ustez, komikiarekin antzeko zerbait gertatu da, ez dute kultura bezala onartu nahi izan”.

Lekuaren arabera ez dute garapen bera komikiek, ordea, eta gurean ez omen zen garairik egokiena tokatu: “Komikia garatu zenean, frankismoaren erdi-erdian geunden hemen”, dio Josu Goenagak. “Frankismoak literaturan, zinean... ezer uzten ez zuen bezala, komikian oraindik eta gutxiago. Beraz, komikia umeentzat produktuak egitera mugatu zen: Mortadelo, Karpanta...”.

Zaletasun garestia. Komiki zaletasunak arazo asko ditu, eta, aurretik aipatutakoei, diruarena gehitu behar zaie. Izan ere, ez da merkea komiki bat erostea.

Elok dioenez, “oso-oso garesti daude komikiak. 48 orrialdeko bat, tapa gogorrarekin, 20 euro ordaindu nituen azkena, eta 1 tapa normalarekin, 10. Guztira, bi komikitan, 30 euro. Diru asko xahutzen da komikietan”. Horregatik, askotan trukera jo behar izaten dute, Berdejok esaten duenez: “Zer erremedio! Nahiz eta badugun bildumagile kutsua ere, hobe da zenbait komiki aurretik ikustea, merezi duen ala ez erabakitzeko. Gertatu izan zait, Watchmen-en kasuan, esate baterako, lehenengo norbaitek utzita irakurri, eta, ‘honek merezi dik’ esan eta neuk edukitzeko erostea. Baina, bestela, elkarri trukatze horretan asko diru aurreztu ohi dugu”. Haren hitzak baieztatu ditu Goenagak: “Bai, horrela ibiltzen gara. Erostea ere ez da oso erraza eta. ‘Nik badiat bat ederra’ eta besteak ‘jo, ba utzidak!’ eta horrela ibili behar izaten dugu”.

Dirudienez, gainera, antzeko gustuak dituzte hirurek ere, eta horrek, seguru asko, erraztu egingo du trukearen kontua. Berdejok eta Elok aitortu dutenez, gerlarien komikien zale amorratuak dira. Elori “denetik” gustatzen zaio, “super heroienak” izan ezik; “batik bat, historiakoak gustatzen zaizkit, piratak eta... ezpatekin ibiltzen direnak, gerlariak, Konan, eta antzekoak. Bestelakoak ere bai, amerikarrak eta. Horiek ere gustatzen zaizkit, baina esan bezala, batik bat, gerlariak”. Berdejo bat dator gustu horretan: “Gerlarien zalea naiz. Super heroi batzuk ere baditut, baita Mortadelo eta Filemon eta antzerakoak ere. Denetik pixka bat. Errealismo handiena dutenetatik hasi eta mantxa bakan batzuekin marraztuta daudenak arte. Bildumak ere asko erosi izan ditut, merkeago direlako”.

Hirurak irakurle amorratuak izanik ere, ordea, Berdejo da marrazterako pausuoa eman duen bakarra; adibidez, Uztarria herri aldizkarian atala du: Trauskil. Dena dela, marrazteari ez diola serioegi heldu dio: “Zerbait egin izan dut. Beti asmoak, baina inoiz ez dut aurrera egin; adibidez, ‘ba, nora-nora bidaliko ditut lanak’ esanez. Ez, horrelakorik ez”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak