|
|
|
M-11
Azpeitiarrak Madrilen
Enekoitz Esnaola
- Martxoak 11, Madril: tren batzuk lehertuta, ia 200 hildako, giroa lehertuta, eta azpeitiarrak lekuko
- Madrilen bizi dira Jon Esnaola, Begoña Beobide, Maite Etxaniz eta Asier Agiriano azpeitiarrak, eta Uztarria lau haiekin egon da, martxoaren 11koa gogora ekarriz.
|
|
Geltokian.
Ezkerretik hasita, Asier Agiriano, Begoña Beobide eta Jon Esnaola, Madrilen, Atocha geltokian. Maite Etxaniz Mexikora joan berria zen argazkia atera zen egunean
(Pedro García)
|
|
Jon Esnaola
“Orain bi fronte dituzte, eta ez dute sinetsi nahi”
Jon Esnaola Madriletik 20 kilometrora bizi da, Boadilla del Monten, baina Madrilen egiten du lan, supermerkatuen aparejadore bezala, duela urte batzuetatik. Martxoaren 11n goizean goiz irten zuen etxetik, lanera joateko, kotxez, ohi bezala. “Irratia piztu nuen, eta ordurako ari ziren esaten atentatua egon zela baina artean hildakoen berri ez zuten ematen”. Lasai antzean abiatu zen, beraz, Madrilera, amak poltsikoko telefonora deitu zion arte. “‘Zer pasatzen da, Madrilen?!’, esanez deitu zidan. Buelta hartu eta etxean utzi nuen kotxea, Donostiako matrikula dudalako eta…”.
Autobusa eta metroa hartuta iritsi zen lantokira; atentatu leku batetik gertu du laneko lekua. “Hura koadroa lanean! Asko odola ematera joanda zeuden, eta zeudenek ez zidaten ezer esaten. Irratiari baino ez zioten egiten kasu. Nik esaten nien nire ustez ETA ez zela atentatuen egilea, baina haiek ezetz, ez zutela sinesten hori.
Gainera, Madrilgo komunikabideak egilea ETA izan zela esan eta esan ari ziren, eta hemengo jendeak komunikabideek diotena itsu-itsuan sinesten du. Lankide bati Arnaldo Otegik prentsaurrekoan esan zuena erakutsi nion, euskal webgune bat irekiz; lankideak irakurri zuen baina ez zuen nahi sinesterik. Alferrik ari nintzen, hortaz. Eta beldurra sentitzen nuen. Aste bukaeran etxetik ezta irten ere ez nuen egin”.
Talde islamdar indarkeriazko batek segituan esan zuen bera izan zirela atentatuen egilea, “baina jendeak ez zuen sinetsi nahi atentatu egilea Al Kaeda-edo izan denik. Eta hauxe da arrazoia: Espainiak orain bi fronte izango ditu, ETArena eta Al Kaedarena. Espainiarrek uste dute ETA garaitua dutela, baina orain Al Kaeda... Jendeak askoz nahiago zuen egilea ETA izatea”. Baina ez da izan. “Eta, pentsa: jende batek ez du sinetsi nahi oraindik. Al Kaeda=ETA kartelak ugari ikusten dira hemen”.
Panikoa omen dago hirian. “Lehengo batean gertatu zitzaigun: lagun bat eta biok sartu ginen taberna batera zerbait jatera, mahaia hartzeko poltsa utzi genuen eta jendea segituan hasi zitzaigun begirazunekin; jakina, poltsa bat utzi genuen... Beste batean, berriz, trenean nahita ibili ginen lagun bera eta biok lasterka, geltoki bakoitzean bi bagoi aurrera eginez, eta lagun madrildar horrek gelditzeko esan zidan, jendea arraro begiratzen hasi zitzaigulako eta urduri antzean jartzen hasi zirelako”. Beste pasadizo bat ere kontatzen du Jon Esnaolak: “Lehen dendatan-eta zinpeko guardiak gora begira egoten ziren, asper-asper eginda; orain lanean ari dira”.
Atentatuak izan zirenetik ia hilabete pasatu da eta Madrilek “hunkituta” segitzen du. “Ulertzen dugu, nola ez. 190 hildako egon dira, eta aurreneko gauza bizia da. Baina euskaldunoi gogorra egiten zaigu Madril Espainiako banderez josita ikustea. Pentsa, hemengo dendatan gastatu egin dira banderak, eta esaten dutenez, Santiago Bernabeun partida hasieran banderak-eta saltzen ibiltzen direnak dirutza egiten ari dira”.
Begoña Beobide
“Manipulazioaz Madrilen orain ohartu dira”
Atentatuei buruzko informazioaren manipulazioa egon zen martxoko egun haietan, eta Begoña Beobidek alde horretatik gertu-gertutik bizi izan zuen gertaera, Sogecablen egiten duelako lan, 2001etik —arlo teknikoan—, eta lantokiko eraikin berean daude CNN+, Canal +... Hau da, bertatik bertara usain zezakeela informazioa. Gainera, komunikabide horiek PSOEren ingurukoak dira eta haiek izan ziren atentatuetatik ordu batzuk pasatu eta gero Espainiako Gobernuaren aurrean burua makurtu ez zuten bakarretakoak. “Martxoaren 11n egundoko mugimendua egon zen hemen, Sogecableren egoitzan, telebista kateetako autoak sartu-irten ibili zirelako, kazetariak informazioa ekarriz eta informazioaren bila joanez. Jendeak CNN+ kateko albistegiak jarraitzen baditu, ikusiko du nola egoten diren kazetariak aurkezlearen atzean lanean; ba, martxoaren 11koa albistegietan kazetariak telebistan atzera-aurrera ikusten ziren, ohi baino askoz gehiago. Eta gurean kazetarien artean eguerdirako hasi zen zabaltzen egileak islamdarrak izan ote zitezkeela. Hala ere, Espainiako Gobernua ari zen esaten ETA izan zela, ETA izan zela, eta ez beste inor, nik lantokikoei esan nien zer adierazpen egin zituen Arnaldo Otegik, baina hasieran denek uste zuten ETA zela egilea”, dio Beobidek.
Juan Jose Ibarretxe, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria izan zen agintari instituzionalen artean aurrenekoa esaten atentatuen egilea ETA zela (“ETA bere bukaera idazten ari da. Demokrazia leherrarazten saiatu da. Atentatua egin dutenak ez dira euskal herritarrak, hiltzaile eta basapiztiak baizik”, esan zuen, goizean goiz), eta Espainiatik begiradak Euskal Herrira zuzendu ziren. Eta azpeitiarrak Madrilen. Begoña Beobidek esaten duenez, ordea, berak ez zuen bazterketarik-eta sentitu. “Nik lantokikoei eta lagunei hasieratik esan izan diet nola pentsatzen dudan, abertzalea naizela, baina ez dudala indarkeria justifikatzen, indarkeriaren kontra nagoela, ni bezala Euskal Herriko gehiengoa, eta errespetatzen naute”. Baina batzuetan kostatu egiten omen zaie. “Behin batek esan zidan Ibarretxek ez duela ezer egiten ETAren atentatu bat dagoen bakoitzean. ‘Nola ezetz’, erantzun nion. ‘Ez al dituzu haren adierazpen entzuten, haren irudiak ikusten kontzentrazioetan eta?’. Ezetz esan zidan. Hurrena atentatu bat balego, irudiak-eta grabatu eta bideoa propio emango niola erantzun nion. Eta egon zen atentatu bat, eta bideoa eman nion. Hor ikusten da Espainiako komunikabide batzuek nola manipulatzen duten; gertatzen da hemengo jendeak Madrilgo atentatuen ondorioz ikusi duela hori”.
Atentatuen hurrengo egunean, ostiralez, Euskal Herrira itzuli zen Beobide, laneko kontu bategatik, eta asteazkenean atzera lanera bueltatu zenean izan zen beregana propio hurbildu zenik. “Esan dut hasiera haietan jendeak ez ninduela baztertu, baina bai egin zizkidatela aipamen batzuk, zeharka zerbait adierazi nahi bezala; ‘Bego, nire emaztea joan zitekeen tren hartan...’ eta horrelakoak, bazkaltzen ari ginela. Lanera itzuli nintzenean hori bota zidanak berak esan zidan akordatu zela bazkariko solasaldi hartaz”.
Maite etxaniz
“Lanean aurrean izaten nuen emakumea hil egin zen”
“Lantokian aurreko aulkia hutsik daukat, aurrean izaten nuen emakumea ez da martxoaren 11z geroztik itzuli. Trenean zetorren lanera. Baina ezin naiz imajinatu itzuliko ez denik. Ez ginen agurtu. Hil egin zen, bai”. Horrela mintzo da Maite Etxaniz. Madrilen bizi da, 2002tik; kotxeak alokatzen dituen multinazional batean marketingen egiten du lan, “emakume haren aurrean”. Badu haren istorio bat kontatzeko: “Orain dela hilabete pasatxo elkarrekin gindoazen haren kotxean, eta esan zidan zorte txarra zuela errepidean autoekin, bi istripu izana zelako, eta gure lantokiak tokiz aldatu behar zuela-eta handik aurrera lanera trenean joaten hasi behar zuela zioen hark. ‘Lasaiago joango naiz, irakurri egingo dut, martxoko bonoa aterako dut…’, esaten zidan. Eta halaxe hasi zen. Martxoaren 11 hartan lanera iritsi nintzenean, emakumea falta zen. Banekien tren haietako batean behar zuela, banekien ordu hartan irten zuela lanera...”.
Ezjakintasunagatik eta ustez interes politikoengatik atentatuen egilea ETA izan zela esaten hasi ziren ia euskal agintari denak, eta gero, ETA izan ez zela jakin zenean, “lasaitua” hartu zuten agintari haiek beraiek. Bitartean, handia zen presioa euskal herritarrekiko. Hala ere, Maite Etxanizek ez zuen beldurrik sentitu. “Agian, emakume haren heriotzagatik izango zen, drama gertu tokatu zitzaigulako; elkartasun handia sentitu nuen lagunen eta lantokikoen partetik”. Ba omen da beste faktore bat: “Lagunek-eta badakite euskaltzalea naizela eta jakingo dute politikoki nola pentsa dezakedan, baina, aldi berean, badakite ni edozein indarkeriaren kontra nagoela. Eta horregatik ere lasai egon izan naiz, alde horretatik txinatar bat banintz bezala sentitu nintzen egun haietan, ez ninduelako eragin”.
Asier Agiriano
“Zortzi urteko frankismoaren bukaera ospatu genuen”
Asier Agirianok martxoko egun historiko haiek beste era batera bizi izan zituen: asko mobilizatuz. “PPren egoitza nagusiko manifestazio hartan izan nintzen, Madrilen bilbotar batzuen Lamiak tabernan biltzen garen euskal herritarrekin batera. Telefono mugikorretan mezuak jaso genituen, Aznarren, Urdaziren... kontrakoak, eta Puerta del Solen egon behar zela esanez; joatera animatu ginen. Aurreko eguneko manifestaziora ere joan ginen”.
Ez zaio berehalakoan ahaztuko PPren egoitza aurreko egonaldia. “Oraindik urduri jartzen naiz kontatzean. Jende asko bildu ginen, eta polizia asko zegoen, armekin, egoitza zaintzen. Baina bukaeran polizia askok pasilloa egin ziguten, armak jaitsi zituzten, burukoak kendu eta negarrez hasi ziren. Gurekin bat egin zuten”.
Atentatuak gertatu eta lau egunera izan ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. PSOEk irabazi zituen. “Madrilgo alde zaharrera ospatzera joan ginen Lamiak tabernan biltzen garen asko; zortzi urteko frankismoaren bukaera ospatzera. Gau-pasa egin genuen”. Astelehena jai zeukan... Ileapaindegi batean egiten du lan Agirianok —2000tik dago Madrilen, hasieran antzerkiko eta dantzako lana egitera joanda—.
Martxoaren 11 hartan ere ia jai eduki zuen. “Bezperan Azpeitian nengoen, eta egun hartan nintzen Madrilera iristekoa, goizez, trenez, Chamartinera [han ez zen atentaturik izan]. Baina neure kontu bat zela-eta bidaia atzeratu egin nuen; arratsaldez iritsi nintzen, autobusean. Joan nintzen lanera, eta ostegunez normalean lan asko izaten badugu ere —30 bat lagun hartzen ditugu—, orduan lau besterik ez genituen izan. Jendeak ez zuen etxetik mugitzeko gogorik; informazioa nahi zuen eta telebistaren aurrean geratu zen. Eta zer esango dut ba; euskaldunoi hasieran ez ziguten aurpegi txarrarekin begiratzen, bai beste era batera”.
|