Gogoetari lehio
Industria da motorra
Xabier Aranbarri
Arrasateko Eskola Politeknikoan Injenieritzan lizentziatua da. Gaur egun Azpeitian Laguntzailleko produkzio burua da (haren artikulu osoa www.uztarria.com helbidean irakur daiteke)
Gaur egun Euskal Herria, Europa eta oro har mendebaldea, aldaketa prozesu batean murgilduta daude. Sistema kapitalista gero eta erradikalagoa da eta globalizazioaren eredu piramidala gero eta nagusiagoa gizartean edo ekonomian. Piramidearen oinarria, piramide muturraren manipulatutako merkatua bihurtzen ari da, eta bere potentzial guztia erabat baldintzatua dago.
Azpeitian ere eredu horren isla gero eta nabariagoa da. Herri txikiak, nahiz eta binztanlegoa mantendu, herri hilak bihurtzeko arriskua dago, eta joera horrek datozen urteetan abiadura handiagoa hartuko duela dirudi.
Azken urteetan, bizi kalitatea hobetzeko azpiegitura berri batzuk sortu badira ere, herri baten motorra ekonomia da. Zerbitzuak, nekazaritza, edo abeltzaintza baztertu gabe, industria da gurea bezalako herri bat sostengatu behar duena eta herriari bizia emango diona. Eta gaur egun garapen industriala, soilik enpresa partikularren ahalmenaren esku dago.
Azpeitiko industria sarea zaharkitua dago. Enpresa eta komertzio txikien lehiakortasuna behera doa, lurreko baliabideen ustiaketan dihardutenek kontrol gogor eta jasanezinak dituzte, ingurumenarekiko errespetua mingainera mugatzen da. Gizartea gero eta bakarti, berekoi eta materialistagoa da, etxebizitza berri eta ondasunak lortzeko dirua bilatzera mugatzen baikara, kapitalismo hutsaren oinarriek agintzen duten erara.
Ildo nagusi horiek baldintzatuko dute 2020. urteko Azpeitiaren egoera sozioekonomikoa. Herriaren garapen ekonomiko eta sozialean, herritarren partaidetzak erabakigarria izan behar luke. Erakunde publikoem eta gizartearen arteko elkarlana sustatzeko formula berriak lortu behar dira, arazoak eta irtenbideak guztionak direlako.
Azpeitiak askoz ere azpiegitura industrial sendoagoa behar du, ingurumena errespetatuko duen industrigunearekin enpresa berriak sortzen edo kanpotik ekartzen lagunduko duena. Garapenaren aldeko apustu gogorrarekin, herrira enpresa tekniko gehiago erakartzeko ahalegin bereziak eginez. Eta komunikazio aldetik, Euskal Herriko gainontzeko puntu estrategikoekin ongi lotua. Azken ziklo ekonomikoan ez bezala, baliabide publikoen babes sendo batekin: lurrak prestatzen, legedia denek betearazten, laguntza fiskal eta publikoak ongi banatuz, eta errealitatetik gertu.
Hezkuntzan, gure herritik ez oso urruti ditugun adibide batzuk (MH Institutoa Elgoibarren, Arrasate...), non hezkuntza maila askoz ere espezializatuagoa den, bere fruituak ematen ari dira. Herri edo eskualde mailan, hemengo industriarekin lotura duen hezkuntza atalak landu behar dira, baliabide propioak sortuz edo, gutxienez, lehen aipatutako zentro horiekiko harremana sendoagotuz.
Nagusi-langile erlazioak ikuspegi desberdina hartu behar du. Langile prestatuagoen indarra eta parte-hartzea erabakigarria bihur dadin eta enpresaren informazioa eta ardura langileekiko zabala eta garbia. Langileak, lana egin eta kito egitetik, enpresa barruan inplikazio maila handiagora pasatuko lirateke; jakina, balorazio desberdinaren truke.
Zerbitzu arloak gizarte osoaren laguntza handiago bat behar du. Erabat manipulatutako gizartea izatera iritsi baino lehen, hausnarketa ariketa sakona egin behar dugu. Gure herrian zerbitzu sare indartsua eratzeko, lehen dagoenari bultzada bat eman behar diogu. Herriko zerbitzuak alde batera utzi eta inguruetako hiriburuetakoetara bagoaz, nekez lagunduko dugu lehen daudenak indartzen, eta berriak sortzeko beharrik ez da izango, ez publiko eta ez pribatu. Komertzio txikiek elkar bildu eta edozein zentro komertzial handi beste zerbitzu emateko gai dira, beti ere herri barruan ongi kokatuta badaude. Izan dadila parte zaharra, edo Sanjuandegi, edo Damaso... Garbera edo Urbil adinako aukera ematen duen zentro komertzial handi bat, horretarako lokal, ordutegi parekatu eta baldintza beraiekin. Kalitatea-prezioa-zerbitzua berdinduz joango da komertzio zentro handiekiko, eta txikien arteko lehiakortasuna, txiki elkartuen eta handien artekoa bihur liteke.
Bestalde, inmigrazioak ere garrantzi handia izango du hurrengo urteetan. Gaurko inmigrazio mota marginala izateko arriskua dago, eskulan beharrak bultzatua izango baita, eta hor tentu handiz ibili beharko dugu, arrazakeria edo gizartea bitan zatitu gabe, ondorioak latzak izan daitezke eta.
Etxebizitza, aparkaleku publiko, baserri eta nekazaritzaren egoera eta galbidea, eta beste hainbat arazo aspalditik ditugu herrian, eta kasuan kasuko irtenbideek gizartearen aldaketaren adinako abiadura eskatzen dute, berandu izan baino lehen.
Beste herri eta bizimodu bat ikusi nahi nuke 2020. urtean, muturreko kapitalismotik salbu, garapen emankor eta sozialarekin, non gizarte berdindu batek bere herriaren norabideak markatu eta baldintzatuko dituen, eredu propioa sortuz.
|