Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Apirila »  Iritzia »  Urola Erdia, ekonomia ikuspegia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gogoetari lehio

Urola Erdia, ekonomia ikuspegia

Miren Larrea eta Mari Jose Aranguren

Larrea, Iraurgi Lantzenen Ezagutza Guneko teknikaria eta Deustuako Unibertsitatean irakaslea da. Aranguren, ESTE-Deustuako Unibertsitatean Ekonomia irakaslea. Biak, Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu eta Ekonomian doktoratuak

Urola Erdiaren moduko eremu batean ekonomiari buruz hausnarketa egiterako bada erantzun beharreko galdera bat: ba al du zentzurik tokiko mailan, Urola Erdian adibidez, azterketa ekonomikoa egiteak?

Globalizazioa ulertzeko moduetako baten arabera, gaur egun benetan esanguratsuak diren harremanak nazioartean garatzen dira eta Urola Erdia bezalako eremu baten azterketa ekonomikoak ez dauka zentzurik errealitatea ezagutzeko. Bada, ordea, beste ikuspegi bat ere, globalizazioak berak tokikoaren garrantzia areagotu duela esaten duena. Ikuspegi hori lantzen dutenek zera diote: globalizazioak tokiko ekonomien arteko lehia areagotu duela eta tokiko mailan enpresek duten giroak eragin handia izan dezakeela enpresa hauek nazioartean izango duten lehia gaitasunean. Ikuspegi horretatik, beraz, izango luke zentzurik 2020ra begira eskualde mailako hausnarketa bultzatzeak eta horixe da orain oinarritzat hartuko duguna.

Ikuspuntu horretatik, tokiko ekonomiaren ardatz nagusiak gizarte sistema (bertan bizi eta lan egiten dugun pertsonak eta taldeetan antolatzeko dugun gaitasuna) eta ekoizpen sistema (enpresak eta berauen arteko harremanak) dira. Ekonomiaren etorkizuna bi sistema horien arteko harremanak garatzeko moduan oinarrituko da. Hori dela eta, ondoren bai enpresei eta biztanlegoari buruz ariko gara.

Saia gaitezen bi sistema horiei dagokienez 2020ra begira ditugun erronkak aztertzen.Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturik, Gipuzkoa 2020 izenburupean hausnarketa estrategikoko prozesu bat burutu zen. Bertan 2020an Gipuzkoa zer izan daiteken ikusten laguntzeko, lau eszenatoki —hau da, lau Gipuzkoa— posible deskribatu zituzten.

Okerrenetik hoberenera honela sailkatu zituzten eszenatokiak:

  • Gipuzkoa kuzkurtua. Eszenatoki honetan, Donostialdea kontrolik gabe garatzen da eta barnealdeko eskualdeek pisua galtzen dute.
  • Gipuzkoa desgogara. Gipuzkoa metropoli handi bihurtzen ari da eta biztanleria Zarauztik Hondarrabirainoko itsasaldean pilatzen da, eta Donostia horren erdigunea da.
  • Gipuzkoa paradoxikoa. Eszenatoki honetan Donostialdeaz gain bada beste polo garrantzitsu bat: Debagoiena. Baina beste eskualde batzuk — Goierri, Urola eta Debabarrena, esaterako— atzerantz doaz, bai demografiari eta bai ekonomiari dagokionez.
  • Gipuzkoa berritzailea. Lurraldearen erdigune bakartzat, Donostialdea zuen ereduaren alternatiba gisa, unitate hauek aipatzen dira: Beasain-Lazkao-Ordizia, Goierri Hiria; Azpeitia-Azkoitia, Urola Hiria; eta Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza, Debagoiena.

Lau eszenatokietatik laugarrenean soilik jarraituko luke Azpeitia-Azkoitia guneak esanguratsua izaten Gipuzkoaren barruan. Gainontzekoetan, bai biztanleria eta bai jarduera ekonomikoa galduko lituzke. Kezkagarriena zera da: hausnarketa hori egin dutenen ustez, laugarren eszenatokia desiragarriena izanda ere, inertziak gainontzekoetara garamatzala. Hau da, gauzak aldatzeko ahaleginik ez badago behintzat, aukera handiena dutenak lehen eszenatokiak direla.

Baina zein izan daitezke eszenatoki bat edo beste gauzatzerakoan eragina izan dezaketen alderdiak? Bat baino gehiago dira eragin dezaketen faktoreak, baina oraingoan jarduera ekonomikoen ezaugarrietaz ariko gara. Jarduera ekonomiko batzuek besteek baino bilakaera hobea espero dute etorkizunean. Esaterako, puntako teknologiako sektoreek, oro har, sektore tradizionalek baino etorkizun argiagoa dute. Eskualdean ditugun jarduera ekonomikoak aztertuz gero, zera ikus dezakegu: enpleguaren ia erdia industriari dagokio, eta eskualdean dugun industria neurri handi batean sektore tradizional eta helduetan dago oinarritua; gure ekonomiaren etorkizuna, beraz, era honetako sektoreari lotuta egon daiteke, eta sektoreok erronka larriak dituzte gaur. Behin eta berriz entzuten dugu Europako Batasunean ekialdeko herrialdeen sarrerak ekar ditzakeen ondorioen berri. Baina eskualdeko hainbat enpresek ez dute etorkizunera begiratu beharrik horrelako herrialdeetako enpresekin lehiatzeak dakartzan ondorioak ezagutzeko.

  • Zer da gertatzen ari dena? Merkatuan lehiatzeko bi modu ditugu. Lehena, ekoizkinik merkeena egitea da; bigarrena, merkeena ez izan arren, bezeroa ordaintzeko prest dagoen balioren bat erantsia duena egitea. Lehen apustua, kostuetan lehiatzea litzateke; bigarrena, desberdintzapen estrategia jarraitzea.

Globalizazioaren ezaugarri nagusietakoa balio erantsi gutxiko ekoizpen prozesuen mugikortasuna da. Zenbait lekutan mugimendu horiek ikusgarriak izan dira, eta tokiko ekonomia lur jota utzi dute. Honek zera esan nahiko luke: eskualdean ditugun sektore tradizionaletan kostuetan lehiatzera joango bagina, zuzenean kostuak oso baxuak dituzten enpresekin lehiatu beharko genukeela. Horrek gure enpresek merkatuetan arrakasta izateko aukerak asko mugatzen ditu.

Badirudi Autonomia Erkidego mailan definitzen ari diren politika nagusiak bigarren bidera zuzenduta daudela; hau da, desberdintzapena bultzatzera. Horretarako garrantzitsuak dira I+Ga bultzatzea, teknologia transferentzia erraztea, teknologia berrien erabilpena, kalitatea zertifikatzea, ezagutzaren kudeaketa, kualifikazioa, balio erantsi altuko sektoreak bultzatzea... Etorkizunera begira autonomia erkidegoaren ikuspegi baikorra zabaltzen digutenek elementu horietan oinarritzen dute hausnarketa. Baina gure eskualdean ba al dugu aukerarik horietan guztietan oinarrituz balioa eransteko gaitasuna areagotu eta nazioarteko merkatuetan desberdintzeko? Hori da, gure ustez, 2020an lehen edo laugarren eszenatokira eraman gaitzakeen gakoa.

Eta horri dagokionez, inork ez dizkigu gauzak eginda emango. Izan ere, egiten diren apustuetako ugari hiriburuen inguruko parke teknologiko eta hauen moduko azpiegituren inguruan ari dira gauzatzen. Joera horietatik kanpo geratuz gero, eszenatoki batetik besterako saltoak gero eta gogorragoak izan daitezke. Ondorioz, oinarrizkoa izango da eskualdean elkarlanerako joera areagotzea, kualifikazioa hobetzeko ditugun tresna guztien (formazio zentro, teknologia zentro) erabilpen egokia bultzatuz. Azken batean, mehatxu moduan agertu ditugun alderdiak aukera ere bihur daitezke.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak