|
|
|
Eta beste
Gazteez eta lorepotoez
Ainhoa Odriozola
Larunbat gau batean, Azpeitian. Taberna baten aurrean, gazte koadrila batek lorontzi bateko lore guztiak errotik atera ditu eta elkarri botaz aritu dira. Aspertuak zeudelako, edo loreak gustatzen ez zitzaizkielako... baina dena txikituta. Gertaeraren lekuko izan ginenok ez genien ezer esan, baina aipamen bat entzun zen: “Etorkizun tristie zeukenau gazte jende honekin...”. Iragarpen beltza, dudarik gabe.
Ez naiz lorepoto horietan ‘lerrokatutako’ naturaren zale berezia, eta ez deritzot inor iraintzeko moduko larritasunik duenik gertaerak, baina zerbait esan ez izanaren damuaz, lore haiek eta lerro hauek aprobetxatuko ditut horretarako. Loreak diot, gaur loreak izan direlako, baina beste behin kolunpioak izan zirelako (Goena eta Harzubia auzokoak), eta hurrengoan edozer izan daitekeelako. Fenomeno hori ez da gaurkoa, ezta geurea soilik ere. Arrunta da herrialde garatuetan, gazteek inkonszienteki, bizi diren gizartearekiko desadostasuna eta deskontentua horrela agertzea, eta udaletxeen aurrekontuetan puskaketa horiek aurreikustea ohikoa izate punturaino. Baina horrek ez du ondo dagoenik esan nahi. Gertaeraz egin zen eta egin ohi den hausnarketa ere ez zitzaidan gustatu, ordea, ezkorra eta exajeratua nire gusturako.
Bi gauza esateko, beraz: lehendabizikoei, axola ez bazaie pixka bat pentsatu eta besteek balora ditzaketen gauzak bakean uzteko eskatuko nieke. Bigarrengoei, ez orokortzeko eta ez dramatizatzeko. Gaur ekarri dudan gertaera eta hortik atera zen den ondorioa ez dira nobedosoak, bestela ikusi harira datorren zita: *“Nuestra juventud es decadente e indisciplinada. Los hijos no escuchan ya los consejos de los mayores. El fin de los tiempos está próximo”*. Kontuan izan hori Mesopotamian idatzi zela, orain dela bi mila bat urte. Hemen gaude oraindik, behintzat!
|