|
|
|
Hau
Azken gertakariak
Jokin Uranga
M-11ko goiz hartan hasi zen guztia. Madriletik, eta baita Euskal Herriko zenbait alderdi eta sektoretatik ere ezkutatu nahi izan ziguten arren, talde islamiar batek bere gain hartu zuen atentatua berehala. Krudela benetan! Harriak ere negar egiteko modukoa. Harriak eta herriak. Ez dut zibilen aurkako ekintza hori justifikatuko, baina ez dut dudarik hilketa horien erruduna Espainiako Gobernua dela.
Espainiako hauteskundeak bertan genituela, urduri sumatu genuen PP, berak ere sinetsi ezin zuen gezurra herriari saldu nahian (ETA izan zela), baina prezio garestia zuen gezurrak, inoiz baino hildako eta zauritu gehiago! Ibarretxek ere bere nagusien (Acebes, Aznar...) haritik ekin zion bere diskurtsoari, gero aldatu behar izan bazuen ere, eta arratsaldeko zortziretan gure herriko udaletxe aurrean kontzentratzera deitu gintuen. Oso ondo, baina ez nintzen joan, berez azaltzeko inongo arazorik ez izan arren, hamabi ordu lehenago horrelako kontu serio baten aurrean gezurretan aritu zaigun jendearen ondoan kontzentratzeak nazka ematen baitzidan, botalarria. Hala ere, zorionak azaldu zinatenoi!
Baina badut zalantza bat; Iruņean bere dendan tiroz erail zuten Angelen heriotzak ez al du salatzerik merezi? Eta Hernanin zipaioek erail zuten Kontxirenak? Bere dendan ETAren aurkako kartel bat ez jartzeagatik garbitu eta hori salatzera manifara joan den andre-gizonak ez al gaitu hunkitzen? Zergatik, ezker abertzalekoak direlako? Non dago EAJ, zipaioak manifetara bidali ordez, bera gurekin etortzeko horrelako hilketa zentzugabea gaitzestera? Orain PP boteretik bota dugulako, dena konponduko dela dirudien une hauetan, ez gaitezen fida, Joxi eta Joxean eta beste hainbat euskaldun erail zituzten beraiekin. Euskal Herria, hemen egingo dugu, ez Madrilen! Angel, Kontxi, gogoan zaituztegu!
|