Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Apirila »  Iritzia »  Londres, Azpeitia, Donostia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Londres, Azpeitia, Donostia

Alaitz Olaiozola

Azkeneko bidaiatik itzultzean, ingelesa ikasten hasi behar nuela argi eta garbi neukan. Jendearekin, atzerrian, ezin komunikatu hori gogorra egin zitzaidan. Ezin asetu kuriositatea, ezin eskatu nahi nuena, ezin ulertu ziotena. Baina, behin etxean, ingelesa jakiteko inongo premiarik sentitu ez eta laster ahaztu nuen azken bidaiaren ostean sentitutako premia hura.

Londrestik etorri berriak gara, eta arazoak bi direla konturatu naiz. Batetik, ingelesa, eta bestetik, ausardia. Gutxi edo gaizki jakinagatik ere, saiatuz gero, zerbait esateko moduan izango nintzateke, baina ez, ausardia falta!

Iritsi bezain pronto konturatu nintzen, han pasatu beharreko egunak, hizkuntzari zegokionez, ez zirela batere samurrak izango. Maletak eskuetan, metroan sartu eta leihatilako gizonarekin izandako elkarrizketa hura etortzen zait gogora. Elkarrizketa, edo jarduna. Ondo apuntatuta eraman nuen han esan beharreko guztia, zer erosi nahi nuen azaldu nion intonazio txar baina ondo konposatutako esaldi bakarrean. Bakarrean diot, handik aurrerakoa inprobisazio puruan oinarritu zelako. Metroko txartelak atera nahi nituen. Joaterako, eskaintzen zituzten aukera guztiak ondo aztertu nituen eta ederki prestatua neraman esan beharrekoa; ez ordea, berak erantzungo zidana.

Laster, eskatzen niona baino aukera merkeagoa banuela esan zidan, edo hala ulertu nion nik behintzat, eta gure atzean sekulako jende ilara sortu eta gero, hamar minuturen bueltan lortu nuen txartel madarikatuak lortzea. Hegazkinean bidaiatzeko hartutako lasaigarriaren eragina aise pasatu zitzaidan trantze hartan. “Sarrera ederra egin dun”, esaten nion behin eta berriz neure buruari.

Sarrera, korapiloa eta amaiera. Izan ere, handik aurrerakoa ez zen errazagoa izan.

Txinoan bazkalduko genuela erabaki genuen haietako egun batean eta Txinatown famatuan sartu ginen. Buffet-a zenez gero, janariarekin ez zegoen arazorik; botila bat ur eskatu nahi ordea, eta ezin! Gezurra dirudi, hainbeste bai baitakit. Baina, eskuak, ingelesa eta gaztelania erabiliz sekulako ahalegina egin eta gero, hala esan ez zidan ba txinatar gazteak haserre, mesedez ingelesez hitz egiteko! Hura ulertu izan ez banio, askoz hobe. Han jandako arroza oraindik bueltaka bai darabilkit urdailean. Eta nik: “I’m sorry, I don’t speak english”. Berak ni ezin ulertu eta nik ere bera ez, eta beste bati deitu zion. Gauza bat zeukan hobea beste honek: sinpatikoagoa zela. Eta teknika berarekin, ura eskatzea lortu nuen.

Ausardia berreskuratu beharrean, neukan apurra galtzen hasia nengoen. Jostailu denda erraldoi horietako batean sartu ginen arratsalde batean, eta lasai nenbilen bazterrak ikusiz, mutiko gazte bat eskuan zeukan kristalezko irudi eder batekin hurbildu eta zerbait esan zidan arte. Ulertzeko ahalegina egiteko asmo guztiak galduak nituen jadanik, eta nik berriro ere: *“I don’t speak english”. Eta berak haserre: “Joe, pero yo ya sé español”*.

Aplikatu euskarari. Distantziarekin begiratuz gero, neuri ere sekulako grazia egiten didate han pasatutako estuasunek, baina ez diot gezurrik, une haietan neure buruarekin benetan haserretzen nintzela esaten badut. Egunak pasatu ahala, ingelesa ez jakiteak sortzen zizkidan une barregarriei aurre egiteko moduan izango nintzela sinestarazi nion neure buruari. Nirea ez zela errua, nekienarekin ez nintzela moldatzen, gehiago ikasi beharra neukala, eta ikasiko nuela. Baina ausardia falta hori... Hori bai egiten zitzaidala jasangaitza, hori bai ez niola barkatzen neure buruari.

Gero, autobus geltoki batean behin ausartuko *“seven” esaten emakume bati, ea hartu beharreko autobus zenbakia hura zen galdetuz. Berak, gaztelania ederrean: “Sí, el siete os lleva al museo”*. Datorren bidaian, ausardiaren eskuliburua soinean hartuta ibiliko naiz, non, orriz orri esango duen lotsa etxean utzita joan behar dela kalera.

Gero, aplikatu bera gure euskarari. Azpeitiarra Donostiara erosketak egitera joan eta *“¿tienes la talla 42?”* eta dendariak: “Bai. Zer koloretan?”.

Ederki pasatu genuen Londresen. Berriro itzuliko naiz, seguru. Bitartean, euskararen babesean lasai ibiliko naiz, beti ere hizkuntza desberdinekiko harremana estutzeko garaia iritsi ote zaidan nire buruari galdetuz.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak