Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Apirila »  Iritzia »  Azpeitiko artista berriak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Azpeitiko artista berriak

.1877. urtean, Antonin Dvorak konpositore txekiarrak Estabat Mater konposatu zuen. Hori baino lehenago bi alaba eta semea hil zitzaizkion hari, alaba bat bi egun zeuzkala eta semea tifusa zela medio. Entzun egin behar da Estabat Mater hori samina zer den ulertzeko, sentimenduen indar menderaezinak eragiten duen ezinegona ulertzeko, baina baita tragediatik artelan bat nola sor daitekeen ikasteko ere.

Sormena lantzen duen jendeari artista deitzen zaio, eta era askotakoak dira: margolariak, antzezleak, eskultoreak, idazleak, argazkilariak, bertsolariak... Artelanak berezitasun ugari ditu lan arruntekin alderatuz: lan arrunta mekanikoa izan ohi da, errepikatuz ikasi egiten dena; lan artistikoa beti da berria, eta urte asko hori egiten eman izanak ez dizu ziurtatzen hurrengoan ondo egingo duzunik. Beti hutsetik hasten da lan artistikoa; inork eskatu gabeko lan boluntarioa da; eta denbora askotxo igaro arte ez dakizu zenbat diru emango duen, hori dirurik ematen badu, lan arruntetan egin aurretik dakizularik zure soldataren kopurua.

Daukan bizitzarekin konforme ez dagoenaren emaitza da beti lan artistikoa; esan nahi dut bihotzak iraultzen dituen lan artistikoa, gizartea markatzen duena, jendea hondoraino hunkitzen duena, eta ez denbora-pasako edergarria dena. Kontxu Odriozola antzezle azpeitiar aski ezagunak hala esplikatzen zuen bere antzerkirako grina: gaztaroan Azpeitian begien aurrean ikusten zuen bizitza pobrea iruditzen zitzaion, tristea, estua, grisa, zatarra, ito egiten zen, eta antzerkia eginez, nazioarteko obrak antzeztuz eta pertsonaia ezberdinak eta korapilotsuak antzeztuz bere bizitzari beste aliziente bat ekarri nahi izan zion.

Baina artista ez da egoista izaten. Bere lana nahi duen guztiari erakusten dio, eta horrela sarritan gertatzen da paradoxa aberasgarri hau: artistak asko sufritu ondoren sortu duen obra (literarioa, zinematografikoa, piktorikoa) gozamen eta betetasun eragile gertatzen zaio ikusleari. Artistak sufrimendua bere baitan gozatzen badaki, ikusleari sufrimenduaren emaitzarik onena bakarrik erakutsiz, ez sufrimendua bera. Patthi Smith rockera aspaldikoak hala esan zuen: “Erakuts ezazu zure obra, ez zure zauriak”.

Enkarguzkoak edo dirua ematekoak ez diren lanetan buru-belarri hasten denak ez dauka beste helbururik: bere minak sendatu eta bizitza edertzea; eta ondoren, jendeak bere eginahala estimatzea ere bilatzen du. Ez dut esan nahi artistak zorigaiztokoa izan behar duenik, baina bai zorigaitza eragiten duten arazo askori nolabaiteko erantzun bat eman behar diela, zorigaitzak diren eratakoak direla. Jendeari nolabait ‘balio’ egin behar dio ikusi duen horrek, irakurri duen horrek.

Zoriontsu bizi den jendeak ez du inoiz ere ezer interesgarririk egiten, batez ere haien zoriontasuna ez delako benetakoa izaten, gizarteak ezarri dituen arauen eta lorpenen betetze soil bat baizik.

‘Literatuzta’

Azpeitian artista talde berri bat ari da kaleratzen. Literatuzta deitzen da haien agertokia, eta idazleak dira, poetak, ipuinlariak, pentsalariak, zerbait aportatu nahi diotenak gure bizitza gris honi. Egia esan, gazteok, iazko uztailean, zuen lehendabiziko emaitzak epel utzi ninduen, eta epel esatea literaturan hotz esatea da, munduan hainbeste irakurtzeko eta hain denbora gutxi dagoenean.

Autokonplazentziatik ihesi behar du artistak, ņoņokeria baztertu, edergarri hutsalak ere bai, nerabeen sindromea atzean utzi behar du, eta maitasun faltaz ahal bada ez hitz egin: horteroa geratzen da bihotzaren programen inperioan bizi garelarik. Egun aspergarrien ihesbide hutsa den literaturarik ez du maite benetako irakurleak, bizitzaren benetako arazoei aurre egiten dien literatura baizik. Talde handia elkartu zarete. Espero dut poz handiagoak emango dizkiguzuela hemendik aurrera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak