Pasaiako sarraskia
Hamasei urteren ondoren kasua berriro zabalik
Pasaiako kasua, judizialki, itxita geratu zen 1987an, Calvo Rojas epaileak bertsio ofiziala berretsi ondoren. Hala ere, berriki ezusteak gertatu dira kasu honen historian.
.2000. urtean Santiago Gonzalez abokatua, hildakoen sendiek hala eskatuta, kasua aztertzen hasi zen. Sumarioaren kopia osoa lortu zuen, eta bi dokumentu garrantzitsu falta zirela konturatu zen: bata artxibatze autoa zen, alegia, dokumentu hori gabe kasua artxibatu gabe zegoen; eta bestea Joseba Merinoren deklarazioa, Alcalako espetxean hartu ziotena lekuko zuzen gisa. Bi dokumentu horiek ez ziren inon agertzen; beraz, abokatuak sumarioa berriro irekitzea lortu zuen. Leiho bat ireki zitzaion itxaropenari. Justizia egitea zaila izango da, hilketa haren errudunak espetxean ikustea zaila izango da, baina gutxienez benetako bertsioa zabaltzeko eta epaitegietako paper ofizialetan jasotzeko aukera badago.
2001ean Joseba Merinori deklarazioa hartu zitzaion berriro Pasaian gertatutakoari buruz. Honelako prozesuetan garrantzitsua izan ohi da, epaitegietako borrokaren ondoan, kalean ere, herri mailan mugimenduak egotea justizia eske. Zentzu honetan Azpeitiko autonomoen senideen eta asanblea herrikoiaren lana miresgarria izan da. Berari esker, berak eskatuta, 2001ean Azpeitiko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki zuen, eta hori aurrera ateratzeko abokatua jartzea.
Urte berean Rosa Jimenok ere bere deklarazioa egin zuen epaitegian, berekin egindako basakeria guztiak kontatuz eta Pasaiako operazioaren ilegaltasuna agerian utziz.
Argazkien bidezko informea egin zuten poliziek ere deklaratu zuten. Baina izan zen beste gertaera garrantzitsu bat ere: hildakoen autopsia egin zuen forentseak deklaratu zuen, eta haren aitorpenak eta zehaztasunak bat zetozen, erabat, Merinok egin zituen zehaztasun guztiekin, horrela indarra emanez Merinoren hitzei.
Froga horien aurrean Pasaian parte hartu zuten polizien identifikazioa eskatu zuen fiskalak. Gaur egun, hori da epaitegietan dagoen borrokarik latzena: batetik enboskadan izan ziren polizien identifikazioa eskuratzea, eta bestetik komisario-buruaren deklarazioa lortzea.
2002an Donostiako Komisariak lau polizia bidali zituen epaitegira deklaratzera, baina frustrantea izan zen haien agerpena, lehen lerroan ez zirela egon aitortu baitzuten, atzean baizik, aurrekoak babesten eta jendea hurbildu ez zedin zaintzen. Geroztik eztabaida gogorra dago Poliziaren Zuzendaritza Nagusiarekin, honek ez dituelako tiro egin zuten poliziak identifikatu nahi. Gaur egun, bere horretan dago auzia, eta borroka bi alorrekoa da: juridikoa eta politikoa. Egia jakinarazi nahi da, eta errudunak identifikatu eta epaitegietara eraman.
|