Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Martxoa »  'Hitza'-ko gizarte eragileak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Urola-kostako Hitza

'Hitza'-ko gizarte eragileak

Ihintza Agirretxe

Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri eta Zutoin eta Zutarri guraso elkarteak dira ‘Hitza’-n oraingoz dauden gizarte eragileak, eta laster gehiago izatea nahi dute

  (Ihintza Agirretxe)

Azken hilabete honetan egunkari berri bat jaio da. Hitza da egunkariaren izena, eta Urola-Kostako etxe guztietan sartu da jada. Egunkaria otsailaren 19an aurkeztu zen Zarautzen, eta hurrengo egunean, Euskaldunon Egunkaria itxi zutela urtebete bete zen egunean, Azkoititik Oriora bitarteko etxeetara iritsi zen. Proiektu hori aurrera eramatea hiru zutabe nagusik ahalbideratu dute: alde batetik, EKT Euskarazko Komunikazio Taldea dago; bestetik herri aldizkariak eta euskara elkarteak; eta, azkenik, hirugarren hanka deitzen dioten eta hain garrantzitsuak diren gizarte eragileak daude. Azpeitian hasieratik lau gizarte eragile sartu dira proiektuan: Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, eta Zutoin (Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI) eta Zutarri (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai) guraso elkarteak.

**“TRESNA EGOKIA”**. Maje Larańaga (Lagun Onak M.B), Josu Galarraga (Zutarri), Luxio Galarraga (Ikasberri) eta Agustin Lizarralde (Zutoin) gurean izan dira, eta proiektu berri honetan parte hartzera nolatan animatu diren galdetzean, ez du inork zalantzairik izan. “Euskarazko tresna egokia dela-eta, garai batean Euskaldunon Egunkaria, orain urte erdi bat Berria eta orain Urola-Kostako Hitza ere bultzatu behar genuela pentsatu genuen. Gainera, oraindik eta gehiago gure eskualdeari buruz informatuko gaituen euskarazko prentsa izanda”, esan du Luxio Galarragak.

“Euskara eta euskal kultura suspertzera dator Hitza, eta gu ikastola bat garenez, gure bultzada eman beharrean aurkitu gara. Urola eskualde euskalduna da, baina euskara idatzia nahiko urria da, eta prentsa idatzia bultzatzea beharrezkoa iruditu zitzaigun”, dio Josu Galarragak.

“Babesa”; guztiek aho batez erantzun dute beraiek egunkari berri honi zer eskaintzen dioten galdetzean. Lau gizarte eragileek jende ugari dute atzetik, eta proiektuak pertsona horien guztien babesa eta bultzada duela esan dute. Horretaz gain, behar dutenean laguntzeko prest ere azaldu dira. Beraz, hain garrantzitsuak diren lagun- tza eta babesa eskaintzen dituzte gehienbat.

Gaur egun oraindik lau eragile bakarrik daude proiektu honetan sartuta, baina laster kopuruak gora egitea espero dute, Tolosaldeko Hitzan-eta gertatu den bezala (Tolosaldean ia 80 gizarte eragile daude sartuta enpresan, eragileen kultur elkartearen bitartez). “Euskararen alde egiteko aukera egokia da oraingo hau; ez da askotan izaten euskararen alde horrelako gauza garrantzitsua egiteko aukera, eta, horretaz gain, inguruko informazioa lortzeko dugun hutsunea beteko du”, dio Maje Larrańagak.

**“BIDELAGUNAK BEHAR”**. “Euskara indartzea guztion lana da, eta bidean aurrera jarraitzeko bidelagunak behar dira, eta guk aurrera egin nahi duenari eskua luzatzen diogu”, gaineratu du Josu Galarragak. Luxio Galarragak uste du “tresna bera ezagutu” eta bakoitzak ikusiko duela “nola den beharrezkoa” egunkari berria: “Azpeitian tresna natural bihur daiteke, gaur egun El Diario Vasco den moduan, eta horrek euskarazko prentsa naturala bihurtuko du. Gainera, herriko taldeen ekitaldien berri emateko tresna egokia da Hitza, eta talde guztion beharra da hori”.

“Horrelako komunikabide batean beharrezkoa da eragileen babesa, eta gizarte eragileren batek euskararen alde zerbait egin nahi badu, hemen du aukera”, dio Agustin Lizarraldek.

Oraindik pare bat aste baino ez daramatza Urola-Kostako Hitza-k kalean, eta espero da jendea eta taldeak produktua ezagutzen doazen heinean, herriko enpresak, sindikatuak, elkarteak, ikastetxeak... hurbiltzen hastea; hala ere, Hitza-k berak laster hasiko du bazkide berriak lortzeko kanpaina, eta orduan joko du eragileengana.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak