Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Martxoa »  Iritzia »  Gure zoriontasunaren neurria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Gure zoriontasunaren neurria

Pako Aristi

Gure artean inork ez dizu galdetuko: “Hi, zoriontsu al haiz?”. Halako galdera konprometiturik ez diogu egiten elkarri, arriskua nabaria delako. Hori galdetuz gero, geuk ere erantzun egin beharko genioke ondoren bestearen galderari, eta gure gizartean gehienek lanak izango lituzkete “Ba bai, zoriontsua naiz!” erantzuteko.

Berriki irakurri dut Joxe Arregi fraide azpeitiarrari egin dioten elkarrizketa. Kolonbiako lurretan ibili da bera, eta ikaratuta etorri da han ikusitako egoerarekin: 42 milioi biztanle dituen herrialdean %60 pobrezian bizi omen dira, 10 milioi eskaleak omen dira, eta auzunerik txiroenetako miseriak ikaratu egiten omen du bihotza. Hala ere, zerbait harrigarria kontatzen du Joxek: oraintsu egindako inkesta batean kolonbiarren %83k zoriontsu edo “dexente” zoriontsu direla esan omen dute.

Ze diferentzia, ezta? Pobreak zoriontsu eta aberatsok beti negarrez, beti kexaka, beti marmarrean eta gehienetan petral, arazo askorekin, konpondu behar askorekin, egun osoa zereginetan murgilduta.

Kolonbiako zoriontasunaren berri irakurrita berehala oroitu nintzen iaz elkarrizketatu nuen Portugaleko kantari inprobisadore batekin. Armando Rodrigues da bera. Esaten zuen Iparraldean edo Hegoaldean ezberdin kantatzen dela. Hegoaldekoak fadozaleak direla, tristeagoak, baina Iparraldean miseria handia egon dela, aspalditik, pobreak direla, eta kantatu egiten dutela alaitzeko, goseak kantarazi egiten duela tristura hori alaitzeko, bestela tristuraz hilko liratekeelako. Kantatuz alaitzen duela pobreak bere bizitza tristea, eta horregatik Iparraldeko kantuak, pobreen kantuak, alaiagoak direla Hegoaldekoenak baino. Eta bukaeran esan zuen: “Tristura aberatsen lujoa baino ez da”.

Duela gutxi, Pensylvanian, Seligan doktoreak ikerketa sakon bat egin du milaka pertsonekin, zoriontasunari buruzko haien iritziak edo zergatiak jasoz, eta ondorio harrigarri batera iritsi da: osasunak ez omen dauka lotura handirik zorionarekin, aberastasunak ere oso harreman gutxi omen dauka, eta goapoa edo gorputz ederrekoa izateak ere, gizartean dakartzan abantailak alde batera utzita, ez omen dauka eragin handirik.

Mundu erdia oraindik bizikletan dabilelarik, eta egunean behin jatera iritsi ezinda, gu aberatsak gara gure autoekin, altzariekin, etxebizitzekin, garbigailu eta tresneria guztiekin; hozkailuak gainezka dauzkagu, baina barre gero eta gutxiago egiten dugu. Badakit inor ez dela pobre bere borondatez izaten, eta ahal duenak ihes egingo diola pobreziari, baina guk lortu dugun aberastasunak prezio garestia ordainarazi digu.

Dauzkagun ondasunak disfrutatzeko bizi beharrean, ondasun horiek erosteko baino ez gara bizi, azken batean. Lehen baten lanak mantentzen zuen hamar senideko familia; orain biren lana behar da haur bat edo bikoa mantentzeko. Lehen lagun artean elkar zirikatzen edo familian hitz egiten ematen zen denbora orain telebistari eskaintzen diogu oso-osorik. Gure etxeetan aski da komuneko apaingailu guztiak eta armairuko arropategiak ikustea kanpoko itxurari begira bizi garela jakiteko; baina okerragoa da hau: zoriona ere kanpotik prestatua ekarriko digutela uste dugu, oporrak, haziendako deklarazioak eta jakiak prestatuta ekartzen dizkiguten bezala.

Pobrea denak badaki ezer erosi gabe bizitza disfrutatzen; gutxi daukanak, oso gutxi behar du festa antolatzeko. Asko daukanak, aldiz, gauza gehiago behar ditu asetuko bada, eta erosi gabe ez du zorionik ezagutzen. Gutxi daukanak barre erraz egiten du; asko daukanak, aldiz, barre nekez egiten du.

Zoriona, berriz, gauza sinplea izan: lore bat (bide bazterrekoa, ez dendakoa), irribarre bat, ardo botila bat lagun artean, kantu polit bat. Hemen aurkiezineko gauzak, denak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak