XIX. mendeko margoak parrokian
Kepa Susperregi
Bi urte pasatu dira dagoeneko Imanol Eliasek Oinpean izan ditugu urteetan zehar izeneko artikulua idatzi zuenetik. Parro-kian, Soledadeko Kaperan lurperatuta zeuden eskeletoak ikusteak eragindako harridura eta gogoeta eskaintzen zigun han.
Agerian ziren, ordurako, kanpai bat egiteko erabili zen moldearen aztarnak, baita antzinako lurperatzeak ere (gure herria sortu zen garaikoak ote?).
Bi urte pasatu dira, eta, lurpean ez ezik, paretatan ere azaldu dira antzinako artisten lan aztarnak: egitura arkitektonikoen margoak, gizaki eta abereen irudiak.... Garai hartan ezaguna zen grisalla deritzan estiloan egindakoak. Sakristiatik teilatu aldera igotzeko eraikiko zuten eskailera borobilaren sarrerako atea, edo leihoa, hor dugu, orain, agerian. Ezkutuan zen guztia orain arte, gure begientzat.
Agerian zena ere aldatzen hasia da dagoeneko. Hilobi errenazentista egiten duten emakumeen irudiek —XIX. mende amaieran margotutakoak— berezkoa zuten kolorea hartu dute. Hasiera bateko itxura hartuko dute denborarekin.
Hilabete asko falta dira lanen amaiera ikusteko. Baina amaieran, zahar-berritutako kaperatxo bat izango dugu. Gure aurrekoen ahalegin eta saiakeren lekuko; garai bateko teknika eta ahalmenen adierazgarri; garai bateko ikuspegi erlijiosoaren nolabaiteko agerpen.
Duela urtebete edo, Euskal Telebistako erreportari batek hitz hauekin amaitu zuen Soledadeko Kapera horri eskainitako erreportaia: "Azpeitiarrek museo txiki bat izango dute bere eguneroko ospakizun xumeentzat". Ea bada, gure kultur-ondarea aberasteko ez ezik, gure arteko otoitz giroa eta sinesmen bizitza zahar-berritzeko, bizi-berritzeko lagungarri gertatzen zaigun.
|