Nuarbeko azkeneko hiru otarginak
Ainitze Oruesagasti
Garai bikainak izan ditu otargintzak Nuarben, baina gaur egun bestelako egoera dauka lanbide horrek; hona hemen azken arrastoak
Lanbide zaharra da otarginarena; orain 70 urte jende ugari bizi zen Nuarben lanbide horretatik, baina gaur egun egoera oso ezberdina da. Urte batzuetatik hona, beherakada nabarmena izan du Nuarbeko otargintzak. Otargintzaren garai oparoenean, 60 lagun inguru aritzen ziren Nuarben otarrak egiten. Familia osoak aritzen ziren zumitzak eta gainerako erreminta guztiak hartu eta otarrak egiten. Fabrika bat ere izan zen; gaur egun eraikina Azpeitiko Udalak dauka erosita. Uda garaian, eguraldia lagun zenean, etxe atarietan otarrak josten aritzen ziren familiako kide guztiak.
Otargileak gutxitu egin dira, eta otarrak egiteko erabiltzen den egurra ere gure basoetan gastatzen ari dela diote. Egurra zahartua dago, eta zahartutako egurra ez da otarrak egiteko material egokia.
Garaiak asko aldatu dira, eta orain hiru otargile besterik ez dira gelditzen Nuarben. Uztarria Juanito Zabaleta Txistu, Jose Mari Etxeberria eta Jose Sarasuarekin izan da. Badirudi orain arte familiako ohitura eta auzoko altxorra izan dena galtzear dagoela Nuarben. Beraz, ez da erraza izango hemendik aurrera otarginen lana. Batetik, beren lanbide maiteak jarraipena izan dezan atzetik datorren jendea bilatu beharko dute. Bestetik, berriz, otarrak egiteko materiala ziurtatu beharko dute.
Garai batean Nuarbe eta otargintza oso lotuta zeuden, baina denborarekin lokarria askatzen joan da, eta gaur egun lokarria etetear dago. Nuarbetarrek diote “otargintza ofiziorik zaharrena” dela.
|