Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Martxoa »  Nuarbeko azkeneko hiru otarginak »  Joxe Sarasua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Joxe Sarasua

- Joxe Sarasua. Igareta baserrian bizi da. Hamabost urte zituela hasi zen otarrak egiten. - Ibilbidea. Hamabost urte zituela lanean hasi zen; eta gero tailerrean hasi zen lanean. Baina tailerra itxi zutenean, Joxe Sarasua berriro bere kabuz otarrak egiten hasi zen.

Joxe Sarasua, berak egindako otarrekin.  (Uztarria)
Jasotako egur multzoa.  (Uztarria)
Putzuan egurrak gordeta  (Uztarria)
Bizi osoko lanaren isla.  (Uztarria)

Nuarbeko Igareta baserrian bizi da Joxe Sarasua; gelditzen den hirugarren otargilea da. Gazte hasi zen lanean, 15 urterekin ari zelako otarrak egiten. Denborarekin ordea, otarrak egiteari utzi eta Fernando Olaizola Tailerrean hasi zen lanean. Baina honek kiebra jo zuenean, berriz heldu zion gaztetan horrenbeste ordu pasatu zituen otargintzari. “Hamaika urte eman nituen tailerrean, lanean. Hura itxi zutenean, lehenago utzitako lanari, otarrak egiteari alegia, ekin nion berriz”. Ordutik hori izan da bere lanbide bakarra, eta hortik bizi da gaur egun ere.

Lehen familia osoak aritzen baziren ere otarrak egiten, Joxe Sarasuari otargintza ez datorkio familiatik. “Auzoko mutil zahar batekin hasi nintzen. Harekin urtebete pasatu nuen lanbidea ikasten, batere irabazi gabe, noski. Hasieran lan zaila da. Materiala ateratzea…”.

Sarasuaren ustez, edonork ez du asmatzen edo ez du balio langintza horretarako, “trebezia behar delako otarrak egiteko”. Ez da ematen duen bezain lan erraza: “Eskua eta pazientzia behar dira. Pazientzia handia, gainera. Lan honetan ordu asko sartu behar dira. Otarra egiten hasi baino lehenago, materiala (egurra) basotik ekarri behar izaten da… Lan asko du”, esaten du.

Otarrak egiteaz gain, baserriko lanez ere arduratzen da Sarasua. Baserrian garaiak aldatu direla ere ederki nabaritu du; orain ez da ez astorik ezta otarrarik ere erabiltzen, eta hori guztia otargintzaren kalterako izan da. “Lehen, baserrian otarra asko erabiltzen zen; orain, berriz, plastikozko ontziak erabiltzen dira. Lehen otarra lan tresna zen, baina orain, gutxi erabiltzeaz gain, otarra adornurako objektu bihurtu da. Gaur egun otarrak estimazio txikia du gure artean”.

Baserrian bertan dauka Joxe Sarasuak ere egurrak lagatzeko putzua. “Egurra putzuan sartu behar izaten da, kanpoan utziz gero azala arrotu egiten zaiolako, eta hori ez da batere ona. Egurra kanpoan lehortzen utziz gero, egarritu egiten da egurra bera, eta azalik ez duen egurra labean sartzen bada, dena ihartu egiten da”.

Garai batean ordu ugari sartzen zituen Sarasuak otarrak egiten, baina gaur egun ordu dezente gutxiago pasatzen omen ditu. “Jubilatu moduan nago orain, eta lehengo aldean ordu gutxi pasatzen dut otarrak egiten. Saldu ere gero eta gutxiago egiten dela uste dut”, gaineratu digu Joxe Sarasuak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak