Joxe Mari Etxeberria
- Jose Mari Etxeberria. 81 urte ditu, eta 70 urte baino gehiago daramatza otargintzan.
- Nuarbeko plazan. Nuarbera joan eta plazara jaitsiz gero, hantxe aurkituko dugu Etxeberria etxe baten azpian, otarrak egin eta egin.
|
|
Jose Mari Etxeberria egurra zuritzen.
(Kepa Urbieta)
|
|
|
|
Etxeberriak eginda eta bukatutako otarrak.
(Kepa Urbieta)
|
|
Zortzi urte zituela hasi zen, aitarekin eta amarekin batera, otarrak egiten. “Hasiera batean, otarra azpiak, ipurdiak ixten hasi nintzen”. Ondo gogoratzen du Jose Mari Etxeberriak etxean lehen otarrak egiten ibiltzen zireneko garaia. “Hiru seme etxean, eta hiru anaiak ginen otargileak. Garai hartan goizeko seietarako ekiten genion lanari, eta gaueko bederatziak aldera arte otarrak egiten aritzen ginen. Ordu asko ematen genituen lanean. Anaia batek soldadutza egitera joan zenean utzi zion otarra egiteari; bestea, aldiz, Irunera joan zen bizitzera, eta han ere otarra egiten jarduten zuen”.
Denborarekin, ordea, diru iturri zena bigarren mailako ofizio bihurtu zen Nuarbeko otargilearentzat; izan ere, otargintzak ez ditu beti garai oparoak bizi izan. “70 urte inguru daramatzat otarrak egiten. Horietatik hamasei lantegiko lanarekin uztartu ditut. Lanetik irten eta tartea nuenean segitzen nuen otarra egiten. Ordu-rako ikusten zen otargintza gainbeheran zetorrela. Jende askok utzi zion otarra egiteari, eta lantegiko lanari eutsi”.
Baina gauzak asko aldatu direla uste du Jose Mari Etxeberriak. “Gu gazteak ginela, Nuarben 60 otargile inguru izango ziren. Familiak etxeetan aritzen ziren lanean, eta fabrika bat ere bazen. Orain, berriz, hiru besterik ez gara otarrak egiten aritzen garenak. Eta lehengo aldean gutxi saltzen da otarra”.
Urte asko dira Etxeberriak otarra egiten daramatzanak, eta egin dituen otarra guztien kontua aspaldi galdu zuen. Etxe-berriak, jakina, ondo daki nola egiten den otarra bat: “Nik era ezberdinetako otarrak egiten ditut. Esku-otarrak, perretxikoetarako otarrak, asto-otarrak… Baina, azken horiek lan handia eskatzen dute. Une honetan, tolosar batzuek eskatu dizkidaten zortzi perretxiko otarra egiten ari naiz. Gaur egun, normalean, enkargu bidez egiten dugu lana”.
Jose Mari Etxeberriak egurrak lagatzeko ez du oso urrutira joan beharrik, putzua etxe parean baitauka. “Orain egur gutxi dut putzuan. Laster egurra biltzera joan beharko dut berriro”.
Etxean otarra egiten ondorengorik ba al duen galdetzean, zera dio Etxeberriak: “Ez dute ikusi ere egin nahi. Otarra egitea lan gogorra da; ordu asko eta diru gutxi. Ordu asko behar da, zerbait egingo bada”.
Badirudi, beraz, gaur egun gazte jendea ez dagoela prest lana gogor egin eta ordainsari gutxi jasotzeko. Horrela, bada, Nuarbeko Etxeberriatarren etxean ere ofamiliatik datorren ohitura eta lanbidea galtzear da. Baina, Jose Marik bereari segituko dio, otarrak egin eta egin, eskatzen dizkioten artean.
|