|
|
|
Musika
Frantzesena, junkeraren ikasle
Kepa Urbieta
Gurasoen eraginez ikasten hasi, aitaren eraginez perkusioari heldu, orain musika du lanbide, eta bi urtez Kepa Junkeraren proiektu batean dihardu Unai Frantzesenak
|
|
Musikene Goi-Mailako musika ikastegian Kepa Junkera eta Unai Frantzesena ikastaroan lanean.
|
|
|
|
Unai Frantzesena, Musikenen txalaparta jotzen.
|
|
Gaztea zenean hasi zen musikari buruz interesatzen Unai Frantzesena. Aita musikaria izanda Jose Luis Frantzesenaren seme zaharrena da Unai, gertutik sentitu du beti doinuen mundua. Lehen pausoak etxean zuen pianoa jotzen eman zituen. Hamabost urte zituela, perkusioa ikasten hasi zen eta denboraldi batez, biak batera ikasten jardun zuen. Azkenik, perkusio erritmoen harira ekitea erabaki eta gaur arte bide horri jarraitu dio. Egun, Unai Frantzesena perkusio irakaslea da, trikitiaren inguruan sortu den proiektu batean ikasle bezala dabil eta laster kontzertuak ematen hasiko da talde berri batekin. Beraz, musika munduari lotuta antolatua du bizitza.
Hemezortzi urte zituela jarri omen zen ordura arte zer egin zuen aztertzen eta horren harira hartu zuen musikari jarraitzeko erabakia. Hasieran pianoari ekin zion eta aitortzen du etxean gurasoek sartzen zioten "presioei esker" ikasi zuela, ez zuelako ikastea gogoko. Azkenik, "urteen poderioz2 hasi zitzaion zaletasuna sortzen. Perkusioan "aitaren eragina" jaso zuela dio; egun batez, aitak musika eskolatik xilofonoa eraman omen zuen etxera eta hura probatuz batera erraza iruditu omen zitzaion. Aitak ikasten hasteko proposatu zion eta horrela hasi zen. Perkusioa pianoa baino gogokoago zuela konturatu zen eta horretan segitzea erabaki zuen.
Hainbat musika taldeko partaide izan zen; Mesias Berriak, Tau Ceti eta Sina-culum Virginitatis herriko taldeetan hasi zen. Azken horrekin maketa bat ateratzeko aukera izan zuen, baina azkenean taldea desegin egin zen. "Garai haietan helburua ongi pasatu eta kontzertuak ematea zen". Gerora Oiartzungo reggae talde batean sartu zen eta Donostian urte batez antolatu zen musika lehiaketa batean irabazle suertatu ziren. Eta Iratxo berbena taldean ibili zen azkenekoz.
KEPA JUNKERAREKIN.
Orain Kepa Junkerak eskuartean darabilkien proiektu berrian parte hartuko du. Junkerak trikitiarekin zerikusia duen eta aurtengo urtean amaituko den bi urteko kurtso bat antolatu zuen, Musikene Goi-Mailako musika Ikastegiaren bitartez. Frantzesenak bertan dihardu ikasketak egiten eta bertako beste ikasle batzuekin batera txalaparta instrumentu nagusia izango den proiektu batean parte hartuko du. Gogotsu dago lan berri horri ekiteko eta talde polita osatzen dutela uste du: "Trikitilariak daude, hizkuntza musikalik ez duen jendea dago; azken ba-tean, amagama zabal bat da eta hori moldatzeak lan asko eskatzen du, baina gogoa badago gustura ibiltzen zara jende berriz inguratuta".
Hamar bat lagunek osatuko dute taldea, nahiz eta oraindik sei-zazpik parte hartzen duten. Ez dakiena da Kepa Junkerak berak parte hartuko ote duen lan horretan. Dena dela, Unai gustura dabil aukera berri horren aurrean, "Junkerarekin lan egitea oso esperientzia ona delako. Lan talde profesional handia du inguruan eta horrek gauzak asko errazten ditu. Lan honek bere fruitua izango duen ziurtasuna ematen dizu". Orain arte lasai ibili badira ere, laster hasiko omen dira gogor lanean eta, bide batez, Kepa Junkeraren exijentzia maila ezagutzeko aukera izango omen du. "Oso exijentea da hura; edo ondo egiten da lan edo ez da egiten".
Musikazale azpeitiar honek, beraz, bidea eginez gogoko duena egitea lortu du. Orain, datorren bi urterako proiektu berriarekiko konpromisoa hartu du eta ez daki hortik haratago zer egingo duen. Oso garbi duena da musikako lanerako gogo handiz dagoela.
|