Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Otsaila »  Hitza pare bat hitzetan »  Besteen esperientzi interesgarria »  Gari Berasaluze: Inguruko berri geure hizkuntzan jasoko dugu, eta hori oinarrizkoa da

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Urola-Kostako hitzako zuzendaria

Gari Berasaluze: Inguruko berri geure hizkuntzan jasoko dugu, eta hori oinarrizkoa da

Idoia Mendizabal

Hitzalditik hitzaldira dabil Gari Berasaluze zarauztarra, eskualdean Urola-Kostako Hitza egunkaria aurkezten, bera izango baita zuzendaria.

Zergatik sartu zara proiektu honetan?

Dudarik gabe, eskualdea euskalduntzeko proiektu giltzarria iruditzen zaidalako. Lehen aldiz izango dugu Urola-Kostako biztanleok gure herrietan sortzen diren albisteei buruzko informazioa prentsan egunero eta gure hizkuntzan jasotzeko aukera. Uste ez badugu ere, horrek, gure eguneroko bizitza eta irakurtzeko ohiturak aldatu egingo ditu, eta ohorea da horrelako lan batean aritzea.

Editore bezala ibili zara azken lau urteetan; orain kazetaritzara saltoa. Alde handia al da? Aurretik, non eta nola aritu izan zara kazetaritzan?

Egia esan, lehendik ere zerbait ezagutzen dut kazetaritza mundua. Egin egunkarian Zarauzko kronikagile aritu nintzen hainbat hilabetez, egunkari hura itxi zuten arte. Irratigintzan ere aritu naiz Herri Irratian eta Egin Irratian. Egunkaria-n, berriz, asteburuetako literatura gehigarria kudeatzen nuen, eta gazteen Barkatu Ama gehigarriko Azken Portuko Taberna atalaren ardura izan nuen sasoi batean. Gero, Txalaparta argitaletxean editore lanean hasi ondoren, zutabegile moduan aritu naiz, Gara-n eta Berria-n. Aldea? Kazetaritza askoz bizkorragoa da, ‘eroagoa’, baina gustukoa izanez gero kateatu egiten zaitu lanak. Gustura itzuli naiz berriro prentsa idatzira.

Urola-Kostan zergatik behar da bertako euskarazko egunkaria?

Nik behintzat ezin dut imajinatu italierazko egunkaririk gabeko Italiarik. Zergatik iruditu behar zaigu normala euskarazko egunkaririk gabeko Euskal Herria? Urola-Kostako Hitza-ren bitartez, inguruko berri gure hizkuntzan jasoko dugu, besterik gabe. Baina hain oinarrizkoa dirudien hori ez genuen orain arte.

Uste al duzu Hitza-k ondo funtziona dezakeela eskualdean?

Ez dugu inolako zalantzarik. Biztanleen %76 inguru euskalduna da Urola-Kostan. Gure helburua lortzen badugu —egunero kalitateko egunkari plurala argitaratzea—, laster lor dezakagu Hitza gure herrietan eta etxeetan erreferente bihurtzea. Egin beharreko lana ondo egitearekin nahikoa dugu: batetik, irakurleek nahi dutena eskaintzeko eta, bestetik, irakurle berriak sortzen hasteko.

Egunkaria itxi zutenean, mugimendu handia egon zen eskualdean...

Eta seinale ona da. Nabarmena da eguneroko prentsa euskaraz irakurtzeko gogoa duen eskualdea dela gurea. Horregatik, gogo eta behar horren arabera egituratu eta plazaratuko dugu Urola-Kostako Hitza.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak