|
|
|
Urola-Kostako Hitza
Besteen esperientzi interesgarria
Idoia Mendizabal
cHiru ‘Hitza’ daude (Tolosaldean, Oarsoaldean,
eta Lea-Artibai eta Mutrikun), eta Uztarriak hiruretako zuzendariak bildu ditu; esperientzi "ona" daukate
|
|
Hitza egunkarietako lau zuzendariak, Andoainen,
Martin Ugalde Kultur Parkean, norbera bere Hitza eskuan
duela. Ezkerretik hasita: Joxemi Saizar (Tolosaldea), Arantxa Iraola (Oarsoaldea), Lore Bengoetxea (Lea-Artibai eta Mutriku) eta Gari Berasaluze (Urola-Kosta).
|
|
Urola-Kostako aurreneko euskarazko egunkaria izango da Hitza, baina dagoeneko horrelako hiru egunkari daude Euskal Herrian: Tolosaldean (2001-12-18tik; hasieran Egunero zen, eta Egunkaria-ren itxierarekin Hitza sortu zen), Oarsoaldean (2003-06-24), eta Lea-Artibai eta Mutrikun (2003-11-11). Hirurek ere "oso harrera ona" izan dute herritarren artean,; hala kontatu diote Uztarriari behintzat hiru zuzendariek.
"Tolosaldekoa izanik proiektuko aurrena, ez zen hasiera erraza izan, lan egiteko moduan dena berria zelako: ezagutzera eman, publizitatea, informazioa lortu, zorion agurrak... Baina jendeak oso harrera ona eman zion eta gustura hartu zuen. Gaur egun 7.500 ale banatzen ditugu egunero", dio Joxemi Saizar, Tolosaldeko Hitza-ko zuzendariak. "Oarsoaldean, berriz, 5.000 harpidedunetik gora ditugu dagoeneko, eta harpidetza egin nahi duten herritarren eskariak ez du etenik", dio Arantxa Iraola, "Oarsoaldeko Hitza"-ko zuzendariak (azpeitiarra du ama: Mari Karmen Alkorta, Xumaia familiakoa). "Lea-Artibai eta Mutrikun ere oso harrera ona. Hasi eta berehala konturatu ginen zelako oihartzuna hartzen hasi zen. Umeen erreakzioa horren lekuko, kazetariren bat zerbaiten gainean idaztera joan eta argazkiak ateratzen hasi orduko ‘Hitza-koa, Hitza-koa!’ hasten zirenean", esan du Lore Bengoetxea, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ko zuzendariak.
Herri informazioan prentsan eta euskaraz esperientzia berriak dira Hitza-renak (Hernanin ere bada egunkari bat, bi orrialdekoa: Kronika), eta hiru zuzendariek diote beharra zegoela horrelako produktua sortzeko. "Oarsoaldea oso eskualde bizia da, baina, hein handi batean, zatitua, hainbat lubakitan sakabanatua. Alde horretatik, herriko elkarte eta eragileek elkarren berri izateko tresna aparta da egunerokoa. Zer esanik ez, informazio emate hori, gainera, euskaraz egitea oso garrantzitsua da. Batetik, euskaraz irakurtzeko ohitura, oro har, oso ahula delako oraindik euskaldunen artean. Gehienek, erdarazko hedabideetara jotzen dute. Hitza eskura izateak, ordea, ate berri bat ireki die", dio Iraolak.
ERREFERENTZIALA.
Saizarrek esaten duenez, euskarazko egunkariak "informazioaren erreferentzialtasunean pauso handia" eman du: "Tolosaldeko Hitza da erreferentzia eskualdean. Gure egunkarian eskualdeari buruz kaleratzen den informazio bolumena ez da beste inon kaleratzen. Horregatik Tolosaldeko gizarte eragileentzat garrantzitsua da Hitza-n agertzea: informazioa, iritziak, publizitatea...". Besteak beste, "kazetaritza bizia" egiten dutelako, Iraolak uste duenez: "Hemen, herriko kontuen berri izateko, hilabetekariak zeuden orain arte eskura, edo egunkari jakin batzuek argitaratzen dituzten albiste solteak. Orain egunkari bat dute egunero kalean, zortzi orrialdekoa, euskaraz. Eta kazetaritza bizia egiten saiatzen gara: erreportajeak, elkarrizketak, kronikak... Albisteak bertatik bertara kontatzeko ahalegina egiten dugu. Eta jendeak benetan eskertzen du hori".
Lea-Artibain dagoeneko uxatu dituzte beldurrak. Bengoetxea: "Hasieran, denok bertigoaren antzeko zeozer sentitu genuen, eta uste dut gauza bera pasatuko zela gainerakoetan, baina behin hasita ikusi da gurea bezalako eskualde txikietan ere badagoela zer kontatu, eta jendeak beharrezkoa ikusten duela. Bakoitzari berri batzuk beste batzuk baino gehiago interesatzen zaizkion arren, denentzako lekua dago. Albiste batzuen inguruan esan izan digute, adibidez, konturatzen direla Hitza-n agertu izan ez balira ez zituztela sekula jakingo".
Herri bakoitza ez ezik (Tolosaldean 28 herri dituzte, Oarsoaldean 4, eta Lea-Artibai eta Mutrikun 12; Urola-Kostan 11), eskualdea ere "uztartzen" laguntzen du Hitza-k, "informazio asko ematen duelako, eta, gure ustez, kalitatez eta pluraltasunez".
Eta euskaraz. "Ekarpen nagusietakoa euskararen normalizazioan eman dela iruditzen zait —dio Saizarrek—. Egunero eskualdeko 7.500 etxetan euskaraz irakurtzea aurrerapauso handia da. Orain arte herri aldizkariek lan handia egin dute, baina gure eskualdean sekula ez genuen euskarazko irakurle kopuru hori lortu. Eta egunero, gainera”. Iraola: "Oarsoaldean euskararen presentzia oso urria da, %25 gara euskaldunak, baina euskara ikasten ari diren haur, gazte eta helduak oso ugariak. Horientzat ere tresna egokia da Hitza; eta bat egin dute egunerokoarekin. Maiz etortzen zaizkigu, esaterako, guraso erdaldunak beren umeentzako zorion agurrak jartzera, ez dute guk kontatzen dugun guztia ulertzen, baina beraientzat ez gara arrotzak...; hori oso garrantzitsua da".
"ARRAKASTA".
Kazetariak egunero daude harremanetan jendearekin eta, jakina, anekdota ugari dute kontatzeko. Saizar: "Orendaingo baserritar batek gure kazetariari esandakoa: ‘Lehen senarra eta biok gosaldu eta ikuilura joaten ginen lanera. Orain, Hitza dagoenetik, gosaldu eta Hitza irakurtzen gelditzen naiz eta gero joaten naiz’". Iraola: "Hasieran, batez ere hainbat erdalduni, arrotza eta arraroa egiten zitzaien; zer eta egunero Oarsoaldeko egunkaria etxera euskaraz! Behin emakume batek telefonoz hotsegin zuen erredakziora, ea periodiko ‘klandestinoa’ ote ginen galdetuz...". Bengoetxea: "Hitza sortu eta berehala, markinar bat erredakziora etorri zitzaigun eta armonikarekin bertoko neskei saioa eskaini zigun".
Eta orain Urola-Kostako Hitza. Laugarrena. Iraolak dio "arrakasta handia" izan dezakeela, "eskualde bizia delako, eta oso euskalduna. Ekarpen handia egingo du".
|