Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Otsaila »  Iritzia »  Hamaika azpeitiar

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Hamaika azpeitiar

Pako Aristi

Gaur egun hamaika azpeitiar dira espetxean edota ihes eginda daudenak, nahiz eta euskaraz mugagabea adierazten duen hamaika hori erabil daitekeen esateko hamaika azpeitiarrek ezagutu dutela estatu espainiarraren terrorismo basatia: atxilotuak izan dira, torturatuak, tirokatuak... eta erahilak.

Ni asko inpresionatzen nau hamaika azpeitiar zehatz horien argazkiak (edota itzalak) ikusteak; tabernetan dakuskit, pankartetan, atariko horman, eta zerbait esan nahi didatela iruditzen zait, galdezka ari zaizkidala, ez dakit zer baina. Haien bizitza, haien historia, haien egoera dut gogoeta.

Argazkiok asko ugaritu dira azken urteetan, eta gaur egun adin tarte handiko jendea ikus dezakegu bertan. Esan daiteke zaharrenek herritik alde egin zutenean gazteenak ez zirela jaio artean, edo jaioberriak zirela. Ez zuten elkar ezagutu, baina argazkietan elkarrekin daude, arazo berak elkartuta, denek amets berberak barruan, denek borrokarako grina iguala zainetan, denek bihotz handia eta eskuzabaltasuna. Hain adin urrunekoak elkartuta egoteak esan nahi du zerbait: Bat, zaharrek konpondu nahi zuten arazoak jarraitzen duela, alegia, berdin-berdin 25 urte ondoren; eta bi, arazo hori konpontzeko bide berririk eta eraginkorrik ez dutela ikusi gazteek.

Lagun hauek egin duten sakrifizio pertsonala, profesionala, ekonomikoa, benetan handia da. Gure erosotasunak utzi, guk daukagun iji-ajako "buena vida" hau baztertu eta klandestinitatean bizitzera joatea oso-oso gogorra da. Horretarako buru-indar ikaragarria behar da. Jakinda, gainera, beste jende asko inplikatzen zutela euren erabakiarekin, hau da, familiari sufrimendu ikaragarria ekarriko ziotela jakinda, sufrimendua, noraeza, diru-gastuak eta ikara. Izan ere, euren bizia arriskuan jartzen dute, baina jakina da besteen bizitzaren aurka doazela, ahal bada norbait hiltzera. Samin hori ikaragarria da. Hala idatzi zuen ederki Gabriel Arestik: "ETArren amek asko sufritzen dute semeak hiltzen dizkietenean, eta batez ere, semeek hiltzen dutenean".

Aitortu behar da, bestalde, gaur egun gure gizartean ia gehienek ez dutela onartzen lagun hauek hartutako bidea; gero eta gehiago, baita ezker abertzalearen baitan ere, gaitzetsi egiten da pistola hartu eta guregandik ezberdin pentsatzen duenari buruan tiro bat emateko bidea, edo gure aurkako legeak eta aginduak ematen dituena hiltzeko bidea. Horregatik, lagun hauen bihotz zabaltasuna eta aportazio pertsonala ez dira behar beste miresten eta onartzen. Herria maitatzeko oso bide egokia ez dutela aukeratu esaten da, maitasun horrek herri honen etsaiak indartu egiten dituelako. Eta paradoxikoki, bide horrek eurak hain maitea duten herri horretatik urrundu egiten dituelako; nora, eta espetxera, exiliora, milaka kilometrora, eta gainera, gehienetan, urte askotarako.

Halere, egin litezkeen interpretazio guztien gainetik, gaurko egoerari aurki dakizkiokeen alternatiba guztien ondoan, nik geure-geureak sentitzen ditut hamaika azpeitiar hauek. Herriaren alde patxadan eta bide baketsuan lanean ari diren gehienak baino neureago sentitzen ditut hamaika azpeitiar hauek. Konpromiso politikoa alderdiarekiko zerbitzuekin nahasten dutenak baino neureago. Euren poltsikoetarako negozio ederrak eginez herriarentzat aberastasuna sortzen dutela diotenak baino neureago. Gure herriaren tradizioak akritikoki gordetzen saiatzen direnak baino neureago.

Eta neureak ditudalako, zuenak bihurtu nahi ditut, haien izenak ipiniz lerro hauen amaieran. Hauek dituzue hamaika azpeitiar handi: Artola, Paterra, Pakea, Etxarte, Kafe, Jabi, Xegu, Joxin, Txapi, Gotzon eta Maider.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak