|
|
|
Hemerotekie
Miretsitako laguna
Joxerra Garzia
Gozamenak gozamen hutsak eraman ninduen ni bertso mundura. Afizioa ofizio bihurtu zitzaidan gero, eta horrek, egia esan, puska dezentea kendu zion nire bertso gozatzeari.
Franco hil berri, Arrasateko ikastolan nenbilen, maixu edo. Saiorik saio ibili ohi ginen, Jexus Mari Mendizabal lan- eta adiskidearen Renault-5 urdin txiki hartan, sekulako kuadrila: Jexus eta biok, Pernando, Xenpelar, Txirrita eta Xalbador, besteak beste. Bertso ibilbide hartako geltokirik maiteena Oņatikoa zen guretzat. Han, Migel Galdos eta Nikolas Segurolaren jiran, bertso afari mundiala antolatzen zen urtero, beti bertsolari berekin: Joxe biak Agirre eta Lizaso, eta Imanol Lazkano. Urtea joan urtea etorri, irrikitan joaten ginen beti saio hartara, eta loriatan ateratzen beti ere beti, hiru azpeitiarren jardun neka ezinak asetuta. Halako batean saioa amaitzen zenean, komentario bera egiten genuen urtero. Gozatu, hirurekin gozatzen genuen, baina Lazkanok, gozaraziz gain, harritu egiten gintuen: haren bertso barneko tolesdura bikainak, haren errima jokoak, haren bertsokera klasiko eta aldi berean modernoa. Miresten genuen Lazkano. Orain badakit ez ginela bakarrak. Egaņak, Sarasuak, Muruak eta beste hainbatek sarri aitortu izan didate Lazkano zutela, 1980 inguru hartan, bertsotako idolo. Orain, liburua dela eta, lan dezente egin behar izan dugu, miresmen horren oinarri ziren Lazkanoren bat-bateko bertsoak biltzeko. Miatu ez ezik, nahastu ere egin behar izan ditugu bazterrak, baina nago liburura aldatu dugun laginak argi eta garbi erakusten duela zer mailako bertsolari izan den eta den Imanol Lazkano. Bitara da, gainera, bertsolari bikaina. Aipatu bertso barruko lan harrigarri horrez gain, beste balio bat ikusi diegu orain bertsoei: gairik korapilatsuenetan ere nola asmatzen duen ikuspegi aurrerakoi bati eusten, topikoei ihes egiten. Baina bada beste Lazkano bat ere, bertsolaria bezain miresgarria, eta hori ere azaltzen da liburuan. Hala espero dugu behintzat. "Zenbat busti nahi den, hainbeste ur dago bertsoaren putzuan", esan zigun Bertsozale Elkartea sortu zeneko bilera hartan, eta nago esaldi horrek ezin egokiroago islatzen duela miresten dudan bigarren Lazkano hori: Lazkano hiztun eta hizlari aparta. Eta ez hori bakarrik, esaldi horrek Bertsozale Elkartearen "estiloa" ere primeran laburbiltzen baitu: bertsogintza bertsolaritzaren, eta bertsolaritza herrigintzaren zerbitzura dagoen jardun gisa ulertzea, alegia. Ez da ideia soila: lan egiteko modua ere bada, eta horrek egiten du Bertsozale Elkartea gizarte honetan gero eta eskasago diren balioz betetako oasia. Elkartea sortu zenetik izan da Imanol lehendakari, baina ez lehendakari bakarrik: Elkartearen balioen bilduma eta eredu bizia da Imanol. Liburuaren hitz lauzko pasarterako hautatu di-tuen gaiak ikustea aski da horretaz konturatzeko. Ez da autobiografia, sortu zenetik gaur arteko bidean izan dituen inguruekiko sentitzen dituen zorren aitorpen garbia baizik. Nola bertsoak hala hizketak dezente galtzen dute noski papereko zuri-beltz lehor mutuan. Eta, hala ere, nago aski argazki fidela aurkituko duela irakurleak liburuan. Argazkia baino ez, baina argazki fidela hala ere. Hasieran esan dut nire bertso gozamenari dezenteko puxka kendu ziola afizioa ofizio bihurtzeak, eta egia da hori. Egiaren erdia baino ez, ordea. Kendu ez ezik, eman ere egin baitizkit gozatu eder askoak bertsolarien artean ibiltze horrek: Elkartea bera, lagunarte paregabeak eta lagun aberasgarri askoak, esaterako. Azken horien zerrendan aurre samarrean daukat nik Imanol, eta gozagarria bada miresten duzun hura lagun izatea, are gozagarriagoa da oraindik lagun duzun hura miretsi ahal izatea. Liburuan ez da Imanol osorik ateratzen, baina uste dut Imanol lagun izateko eta miresteko arrazoiak argi eta garbi azaltzen direla behintzat.
|