Akulue
‘Hitza’ egunkaria
Leire Ostolaza
Zorionez, Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkari berria aterako da. Gurean gehiengoak euskaraz hitz egiten duen arren, ez da erraza gertatzen jendeari betiko Diario-a erosteko ohitura kentzea. Sarri esan izan dugu adineko jendeak euskaraz irakurtzeko dituen zailtasunengatik dela. Baina, denboraren joanean, konturatzen ari naiz gazte ugarik eusten diola etxeko ohiturari; eta, tabernaren batean egunkari bati kolpe egiterako orduan, betiko Azpeitiko karta eta Realaren berri ematen duten kirol orrialde amaigabeak bilatzen dituztela. Beste hainbat gauza bezala, automatikoki egiten den zerbait da, eta apur bat pentsatzen jarriko bagina, ez dut uste gehiengoak bere dirua ematen dion publikazio horri emango ziokeenik. Iruditzen zait geure buruari harrika egitea dela, eta beste egunkarien hurbiltasunik eza aitzakiatzat zutenek orain badutela egunero herriari dagokion orrialde bat, bertatik bertara egina, euskaraz emana.
Kontzientzia kontua da, beraz, egiten dugunaz konturatzea. Alegia, beste mila gauzetan bezala, bi aldiz pentsatuko bagenu gure dirua zertan xahutzen dugun, gero zertan erabiliko den jakinda, ez luke gure hizkuntzak izango prentsa idatzian gaur egun duen leku apala.
|