|
|
|
Uztarria.com
Sokamuturra: sansebastianak 2004, Eliz kalea
Enekoitz Esnaola
Joxin Belokik Azpeitiko Jaiak liburuan kontatzen duenez (231. orrialdea), garai batean zezena pilotalekuan ibiltzen zuten, sokarik gabe.(...) "Zuhaitzekin makina bat jolas egiten genuen", dio Belokik. "Petrilak ere joko haundia ematen zuen". Baina behin, sustoa galanta! "Zezena orain Ilunpe soziedadea dagoen etxe barrura sartu zen, eskailerak igo zituen eta adarrekin ‘Meltxoraren’ pisuaren atea jo zuen. Orduan ‘Meltxorak’ atea ireki omen zuen norbait ate joka ari zelakoan"...
Alegia, zezena karrera batean sartu zela orduan. Irekita zegoelako. Kostatuko zaio gaur egun sartzea, batez ere handik gertu daudenetan: Eliz kalekoetan. Gero eta karrera gehiago egoten baitira itxita. Oso adierazgarria izan da aurten sansebastianetan gertatu dena: bizi osoan zezena, Ustarrineko taberna parean lotzean, denbora luzez ibili izan bada ere, aurten pare bat minutuz besterik ez dute ibili sokamutilek, ondoko ia karrera denak itxita zeudelako. Protesta gisa, hartu soka eta Enparan kalera eraman zuten segituan, bai 18an, bai San Sebastian egunean.
Eta tristea da. Pare horretan gaur egun ez dago girorik. Lehen bai kale giroa, festa giroa...
Modan jarri da, nonbait, sokamuturreko kaleetan karrerak ixte hori. Erantzunkizunik ere badute adibidez mixikordiyen alde batean bakarrik jartzea? Sokamuturra, begiratzeko ikuskizun bihurtu da toki horretan (ere), ez parte hartzeko ikuskizun; hala, han lehen beti irekita egoten zen notaritzako karrera desagertu egin da. Ikuskizun pasiboaren birus hori hedatuz doa beste kaleetara, eta Eliz kalean gogor ezarri.
Horren aurrean zerbait egin beharra dago. Sokamuturra gustatu edo ez gustatu, herritarrek parte hartzen duten festa da, izaera parte-hartzailea du, herri giroa egoten da, eta gizartea gero eta indibidualistagoa bihurtzen ari den honetan, izaera horri bere garrantzia eman behar zaio. (...)
|