Aurrera ekarrita
Aurrera begirako kirol proiektu oparoa
Nerea Uranga
Iraurgi Saskibaloi Elkarteak kirol-proiektu
ekonomikoa du; teknifikazio eskola, Saskiratzen Elkarte berria, taberna eta webgunea ditu ardatz
|
|
Iraurgiren kirol-proiektu ekonomikoaren aurkezpeko irudia.
|
|
|
|
Jende asko bildu zen Soreasun
|
|
|
|
Iraurgiko teknifikazio eskolako jokalariak kiroldegian.
|
|
I Iraurgi Saskibaloi Elkarteak Azkoitia eta Azpeitirako kirol-proiektu ekonomikoa aurkeztu zuen Soreasun, urtarrilaren 14an. Iraurgiko jokalari ohiak, Iraurgirekin lotura izan dutenak, gaur egungo jokalariak, umeak, helduak eta gazteak bildu ziren herriko zine aretoan. Saskibaloiak eta aurrera begirako asmoek bildu zituzten denak.
Aurkezpen lanetan Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehendakaria, Jose Luis Zubizarreta Xubi aritu zen; hari laguntzen, mahaiaren inguruan, hauek: Luis Oyono (Iraurgin sei urtez jokatu zuen), Lolo Encinas (Iraurgiko Lehen Mailako taldeko entrenatzailea), German Cea (Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko arduradun teknikoa), Maixol Rezola (Iraurgiko jokalari ohia eta iaz alebinen entrenatzaile lanetan ibili zen), Ana Eizagirre (Urolako eskualdean saskibaloiko jokalari batek izan duen kurrikulumik onenetakoa du; inoiz ez du Iraurgin jokatu), Ramon Aranburu (Iraurgiko entrenatzaile izana urtebetez, eta taldearekin harreman estua dauka) eta Joxemi Etxaniz (Iraurgi Saskibaloi Elkarteko zuzendaritzako kidea eta jokalari ohia). Horiek ekitaldiaren amaieran hartu zuten hitza, proiektuaren balorazioa egiteko. Denak ere proiektu "on" bezala definitu zuten.
LAU DATA
Xubik, Iraurgi Saskibaloi Elkartearen kirol-proiektu ekonomikoa aurkezten hasi baino lehen, lau data azpimarratu zituen:
- bi milako uztaila: "Iraurgi Saskibaloi Elkartea desagertzeko bilera antolatu genuen. Nekatuta geunden".
- bi mila eta bateko iraila: "Tau-Zalgiris partida jokatu zen Azpeitian. Lan asko eginarazi zigun"
- bi mila eta biko uztaila: "25. urteurrena. Iraurgi Saskibaloi Elkartea liburua aurkeztu genuen".
- bi mila eta lauko urtarrila, aurkezpen eguna bera: "Lehen aldiz bildu gara bilera bat egiteko Soreasun. Gure kirol-proiektu ekonomikoa aurkeztera etorri gara".
TEKNIFIKAZIO ESKOLA.
Bi urtean ari da Iraurgi Saskibaloi Elkartea teknifikazio eskolarekin; 8-12 urte bitarteko 137 jokalari ditu. Jokalariek ordaindu egiten dute eskolak jasotzeagatik. Iaz, gainera, udako egonaldiak ere antolatu zituzten; Hondarribiko kanpusera joan ziren 67 jokalari. Hainbat txapelketatan ere hartu dute parte.
Kirol teknifikazio eskolaren helburua "nahi duen guztiak saskibaloian jokatzeko aukera izatea" dela azaldu zuten Iraurgikoek, "eskola kirolari oztoporik egin gabe". Era guztietako kirolak egitearen aldekoak direla adierazi zuten. "Gaztetxo bakoitzak aukeratuko du zein kirol egin, baina entrenatzaile bat topatzeko zailtasunak daude, eta ikastetxeetan gehiago".
Infantiletan iaz bost talde zeuden eta orain zortzi; neskatan, berriz, 11. "Azkoitiko eta Azpeitiko kirol-proiektua da hau, eta saskibaloian jokatu nahi duten guztiek, jokalari ona edo txarra izan, jolasteko aukera izateko eskola da".
SASKIRATZEN.
Orain arte Iraurgi Saskibaloi Elkartean "lagunartean" lanean aritu direla azaldu zuen Xubik: "Seriotasun baten barruan, gauzak aurrera eramaten aritu gara". Baina teknifikazio eskola martxan jarri utenetik kirol egitura asko hazi da Iraurgin. "Gaur egun teknifikazio eskolan dabiltzan talde batzuk gero talde federatua eskatuko dute —gaur egun bost dauzkagu—. Horrek egitura bat eskatzen du. Hausnartu ostean, gai fiskalengatik eta batik bat gardentasunagatik, Iraurgiri beste izaera bat ematea erabaki dugu". Egitura sendotze aldera, irabazi asmorik gabeko Saskiratzen Elkartea sortu dute. "Elkarteak izan ditzakeen irabazi guztiak saskibaloian inbertitzeko izango dira. Elkartearen helburua Iraurgirentzako dirua lortzea da: jokalari federatuentzat eta teknifikazio eskolako taldeentzat".
Elkartearen finantziazio bideak ere aztertu dituzte: hiru enpresa sortzea, publizitatea, babesleak eta bazkidetza.
Hiru enpresa horietako bat taberna izango da, baina beste bien berri ez zuten eman, "oraindik labean dauden beste bi enpresa direlako".
Dirua lortzeko beste iturri bat publizitatea da: kiroldegian kartela jartzen duten 26 etxe dituzte, eta gaur egun beste bost batekin hizketan ari dira. "El Diario Vasco-rekin ere akordio bat egin dugu; guk bideratuta lortzen dugun publizitatea Iraurgik kobratuko du". Taldeen babesle indartsuagoak edota diru gehiago emango dutenak lortzeko asmoa ere badu Iraurgik.
Bazkidetza ere Saskiratzen-en finantziazio bide izango da. Behin, ehun euroko kuota ordaindu beharko da bazkide egiteko. "Bazkideek batzar nagusietan parte hartzeko aukera izango dute, baita elkartearen sarrera-irteera eta aurrekontuen berri izateko ere. Erabaki garrantzitsuetan bazkideen babesa eta onarpena beharko du elkarteak". Horrela "gardentasunez" lanean jardutea bilatzen dela azaldu zuten.
TABERNA.
Iaz, maiatzean, hasi ziren saskibaloi zaleak tabernaren kontuarekin lanean. "Orain dela 18 bat urte ere taberna hartzearen ideia izan genuen: Pikua taberna, Fernando Bereziartuak utzi zuenean. Baina ez genion heldu gaiari".
Lekua aukeratu dute: Hartzubia eta Pablo VI.a artean hartu dute lokala, Ildefontso Gurrutxaga kalean (Patxo jatetxetik gertu). 216 metro koadro ditu lokalak eta tabernaz gain egoitza ere han izango dute saskibaloi zaleek. Ekainerako lanak bukatuta eta irekitzeko prest izatea espero dute.
Horretarako aurrekontua 661-721 mila euro artekoa da eta dagoeneko 420 mila euro lortu dituztela esan zuten Soreasuko aurkezpenean. "Jende batek dezente diru jarri du; horregatik, gardentasunez jokatu behar dugu". Herritarrak Saskiratzeneko bazkide egitera animatu dituzte, proiektua aurrera ateratzeko "dirua behar" delako.
WEBGUNEA.
Iraurgik webgune berria ere aurkeztu zuen Soreasun: www.iraurgisb.com. Donostiako lagun batek lagundu omen die webgunea egiten. Iraurgiko talde guztiak daude, sailkapenak, datozen partidak, emaitzak eta abar. Saskibaloiaren inguruko albisteak ere sartzen dituzte askotan. Iraurgiren historiari lotutako atalak ere baditu: Historia atala eta 25. urteurrena gogoan duen atala. Historia atalean garai bateko argazkiak eta kontuak sartuko dituzte. Atal horrekin lotuta, dei bat ere egin zen aurkezpenean: "Etxean norbaitek argazkiren bat edukiko balu Iraurgirekin lotutakoa, bidal dezala". 25. urteurrena atalak www.uztarria.com-ekin lotura du, eta Iraurgi Elkartearen 25. urteurrena liburua osorik irakurtzeko aukera dago.
Webgunean jendeak ere parte har dezake; foroa atala dago, eta hor eztabaida desberdinetan erantzuteko aukera. “Ilusio handiarekin” egindako orrialdea dela azaldu zuten, eta euskara aukeratu dutela webgunerako hizkuntza.
Kirol-proiektu oparoa, beraz, Iraurgik aurkeztu berri duena.
|