Aurrera ekarrita
: Aurrera ekarrita
J. L. Zubizarreta ‘Xubi’: 25. urteurrena antolatzen hasi, lan dinamikan sartu eta hor segitzen dugu
Nerea uranga
Jose Luis Zubizarreta Xubi-k dagoeneko 22 urte daramatza Iraurgi Saskibaloi Elkarteari lotuta. Jokalari, entrenatzaile... izana da, eta gaur egun bertako lehendakaria da. Iraurgiren kirol-proiektu ekonomikoan buru-belarri dabil.
Iraurgi Saskibaloi Elkartea, desagertzear egotetik kirol-proiektu ekonomikoa aurkeztera heldu da. Nola eman da salto hori?
1993-1994tik 2000ra artekoa oso gogorra izan da. 2000. urtean aspertuta geunden: ezin entrenatzailerik aurkitu eta abar. Orduan, bilera zabala antolatu genuen. Jendea pixka bat sentsibilizatu egin zen, eta bileratik orduko taldeentzat entrenatzaileekin irten ginen. Gero, klubaren 25. urteurrena antolatzen hasi eta lan dinamika batean sartu ginen, eta hor segitzen dugu.
Gero teknifikazio eskola sortu zenuten. Nolatan?
Gure semeak saskibaloian jokatzea nahi zuen; beti nire ondoan ibili da eta hori ezagutu du. Donostiara, Easoko saskibaloi eskolara joaten hasi nintzen semearekin. Handik zer hartu pentsatzen hasi eta horrela hasi ginen. Gero, berriz, beldur handiarekin, kuota bat kobratzen. Eskola egituratzen joan gara eta kuotarekin monitore-entrenatzaileei ordaintzen diegu. Jokalariek ere ordaindu egiten dute, kanpotarrek izan ezik. Eta lan pixka bat egiten duenak kobratu egiten du. Horrela, errazago joaten gara gazte jendearengana laguntza eske. Azkenean,
diru hori saskibaloian gastatzeko da.
Kirol-proiektuan izan al duzue kontuan beste talde baten adibiderik?
Hau aspaldi asmatuta dago; Lagun Onak Futbol taldeak ere izan omen zuen taberna. Kirol elkarte asko daude kiroldegiak kudeatzen dituztenak. Badaude beste adibide batzuk ere: Arratek Eibarren bingoa du... Bestelako diru sarrerak kudeatzeko modu bat da. Orain dela 18 urte eduki genuen antzeko asmoa Pikua tabernarekin. Orain borobildu egin da gaia. Ez da kontu berria. Kanpoko diru sarrerak lortzeko saio hori gero eta gehiago egiten da. Niretzako kirol-proiektuaren beraren helburuak dira ardatza. Azkenean, kirola egitea kirola egiteagatik, talde bateko partaide izateko eta kirola egitea ona delako.
Proiektuarekin ilusionatuta?
Orain lanetik bajan nago eta honetara nago. Proiektua martxan utziko dut.
Jarraitzaile asko al du Iraurgik?
Gaur egun Azpeitian kiroldegira saskibaloia ikustera etortzen den jendetza Euskal Herrian ez da inon joaten, Tau eta Bilboko taldea kenduta. Gipuzkoan ez dago guk adina aukera duen klubik, gu bi herritako elkartea baikara. Datorren urtean ziurrenik 12 talde federatu izango ditugu.
|