Mendia
Emakume bat buru
Nerea Uranga
Lagun Onak Mendi Bazkunak lehendakari berria du: Maje Larrañaga. 26. presidentea da Mendizaleetan, eta lehen emakumea. "Ilusioz" hartu du kargua
Lagun Onak Mendi Bazkunak lehendakari berria du; 26.a, eta lehen emakumea. Joan den hilaren 13an egin zen bazkideen batzarra eta lehendakari Maje Larrañaga aukeratu zuten.
Orain dela bost urte, 1998an, hasi zen Larrañaga mendizaleen ibilaldietan parte hartzen. "Kanpoan egon nintzen ikasten urteetan eta Azpeitira etorri nintzenean lehengusu batekin mendizaleek haurrentzat antolatzen dituzten mendi ibilaldietara joaten hasi nintzen. Gero, batzordean parte hartzen hasi eta gaur arte. Azken batean, ibilaldietan-eta ateratzen garenak lagun talde handi bat gara. Mendizaletan ezagututako lagunekin Nepalera joateko, nire ametsa izan dena betetzeko, aukera ere izan dut".
Lehendakari kargua hartu berri du, ilusioz hartu ere. "Lehen baino ardura handiagoa eskatzen du, baina, azken batean, lan talde bat dago eta erabakiak batzordeak hartzen ditu. Ilusioa ere badut zerbait berria aportatzeko", dio.
Kirolean emakumeak. Lagun Onak M.B.ko 26. lehendakaria da, eta lehen emakumea kargu horretan. Berak "kasualitate hutsa" dela dio. “Batzordean beti egon izan dira neskak; gaur egun ere bost neska gaude eta horrek eragin duela uste dut". Hala ere, kirolean emakume gutxi ikusten dela dio. "Egia da kirol elkarteetako zuzendaritzan emakume gutxi ikusten dela, baina kirolean neska gutxiago ibiltzen dela ere esaten da".
Aurrera begira, elkarteak proiektu ugari du; tartean, elkartea bera biltzen den lokala berritzea, haurren ibilaldiak indartzea eta udaberrian Azpeitian bi ikastaro antolatzea —orientazio eta GPS ikastaroak—.
|