Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urtarrila »  Entrenatzaileak eta gazteak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Futbola

Entrenatzaileak eta gazteak

Kepa Urbieta

Aitor Zulaika, Joseba Zubizarreta 'Galtxa' eta Joseba Aranguren, hiru lagun, hiru azpeitiar. Hirugarren Mailako eta Preferenteko entrenatzaileak dira, baina nola bizi dute futbola?

 

Aste amaiera gainean eta oraindik ezer garbirik ez. Urduri gerta daitekeenaz eta irmo agertu behar. Pentsatu eta pentsatu; nire erabakiek dute azken hitza beraz, nire erabakien erantzule bakarra neu naiz. Herri baten parte, talde baten buru eta lagunen lagun izatearen ardura bizkarrean. Entrenatzaile batek hau eta gehiago dauzka berarekin.

Txikitatik ibiliak dira Joseba Aranguren, Joseba Zubizarreta Galtxa eta Aitor Zulaika futbolean. Euren bizitzako parte izan da kirol hori urteetan eta oraindik ere futbolaren zaporea gogoko dute. "Hainbeste gustatzen zait futbola, aukera etorrita ezin diodala ezezkoa eman, eta gero futbola berak lotzen zaitu", esan dio aldizkari honi Galtxak; Zarautzeko entrenatzailea da. Baina futbola ulertzeko moduak daude eta modu horiek aldatu egiten dira nondik begiratzen den. "Nik jokalari bezala egingo ez nituzkeen gauzak eskatzen dizkiet orain nire jokalariei", dio Galtxak.

Zaleen presioa. Urte gutxi dira hirurak kargu horretan dabiltzala eta erronkari gogoz heldu diote. Entrenatzaile izateak bere zama dakar, talde baten arduradun zaren unetik hasita eta talde hori emaitza eta joko egokien bidetik zuzendu beharrak presioa ekar liezaioke edonori. Urtetik urtera, ordea, Lehen Mailan salbu, ikusle kopurua behera doa eta, beraz, jarraitzaileen presiorik ez dute antzematen. "Presioa guk geure buruari jartzen diogu, aste guztian egindako lanaren etekinik ateratzen ez dela ikusten badugu", dio Lagun Onak taldeko entrenatzaile Zulaikak. Baina presioa beldurraren ondorioa besterik ez ote den esaten da; hau da, jakina da emaitzak lagungarri ez direnean kargua galtzeko dagoen aukera egunetik egunera handitzen dela, baina Zulaikak nahikoa argi du bere iritzia honen inguruan: "Entrenatzaileen bizitzaren zati da segurtasun eza, baina ez dut horren beldurrik; heltzen denean taldea utzi beharko dudan seinale izango da".

Futboleko sekretua. Futbolak denbora eskatzen du, are eta gehiago en-trenatzaile bati. Entrenamenduak prestatu eta zuzendu behar dituzte, erabakiak har-tu, jokalariez arduratu... Buruari asko eragin behar diote baina bakoitzak bere bizitzaz gozatzeko duen eskubideaz gain, gertukoen arretaz arduratzeko eta aprobetxatzeko eskubidea ere bada. "Bizi egin behar dut eta profesionalak ez garen neurrian ez dugu horrenbeste lan egin behar", irizten dio Zulaikak.

Zaletasuna, maitasuna eta beharra. Futbola definitzen duten hiru hitz izan litezke; ados agertzen dira entrenatzaileak horretan. Baina garbi dutena da futbolean jarraitzeko ezinbesteko osagaia taldean dagoen giroa dela. Joseba Aranguren, Zulaikaren laguntzailea da, eta berak ere badio batzuetan ez dutela ondo pasatzen: "Une txarrak pasatzen ditu entrenatzaileak; partidako deialdia ematerakoan esate baterako. Nik abantaila dut alde horretatik, jokalarien eta entrenatzailearen artean bainago. Hala ere, konfiantza handia dago gure artean eta harreman ona dugu jokalariekin". Eta hori esateaz batera, honela lagundu dio Galtxak: "Jokalariak bereiztu egin behar du noiz eta non nola ibili. Maila hauetan ezin da aurrera jarraitu [Lagun Onak, Hirugarren Mailan; Zarautz, Prefe-renten], giro onik ez badago taldean".

Batzuk etxean dauden bitartean beti daude neguko eguraldi hotzetan bustitzen diren entrenatzaileak. Honek barruan gordetzen ditu: direla sekretuak, direla dudak, direla sentimenduak. Ez da lan erraza. Denboraren eskuetan daude.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak