Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urtarrila »  Danborjole txiki berriak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

San Sebastianak

Danborjole txiki berriak

Ainitze Oruesagasti

Aurtengo haurren danborradan talde berria izango da: Juan Antxieta Musika Eskola. Berekin, bederatzi talde izango dira San Sebastian egunez. Musika elementuekin jokatuz osatu dituzte jantziak

 

Juan Antxieta Musika Eskolako taldea aurten aurreneko aldiz izango da danborradan; haurrenean. "Danborradan irteteko asmoa sortu eta Udalarekin harremanetan jarri ginen. Baiezkoa jaso genuenean lanean hasi ginen, taldea sortzeko", esan dio Uztarriari Mari Jose Bikendi, Musika Eskolako zuzendariak.

Erantzuna duela urtebete jaso bazuten ere lanik handienak azken hiru hilabetean egin dituzte. "Azken detaileak falta dira, baina gehiena prestatuta dugu. Jantziak Donostiatik ekarri ditugu. Gure asmoa, musika eskolako taldea garen aldetik, gure alorrarekin zerikusia duen jantzia izatea zen. Baina garai hartan musika bandarik ez zenez, orduko tronpetajoleek eta egungo musika bandek dituzten elementuekin jokatuz osatu dugu jantzia. Emaitza ikusita, oso gustura gaude", dio Bikendik.

Musika Eskolakoekin bederatzi izango dira Azpeitiko haurren danborradako taldeak. "Taldean, aurten bederatzi eta 12 urte egiten dituzten gaztetxoak izango ditugu. Denera 40 haur: 35 danborjole, bi zuzendari eta hiru kantinera".

Danborradan, danborrez gain, barrika eta txapak izaten dira. Juan Antxietak txapak joko ditu. "Danborrak nahi genituen, baina ez da nahi kontua bakarrik. Udalarekin hitz egin genuenean txapak tokatzen zitzaizkigula esan zigun. Horrela guztion soinua orekatuagoa izango da".

ALDEA? Jakinekoa da eskola horretan musika eta erritmoa lantzen direla. Beraz, horko haurrek beste guztien artean abantaila ote duten galdera egitean Bikendik zera dio: "Benetan saiatuko gara umeak ondo jo dezaten. Dagoeneko esan didate: 'Musika Eskolakoek nota emango dute ez?!'; eta horrelakoak. Lantzen dugun erritmoa erakusten saiatuko gara".

Urte osoan zehar herrian izaten diren festa eta jaietan beti hor izaten direla dio Bikendik. "Danborradan irteteak poz handia ematen digu. Era berean, herriarentzat lan egiten dugula eta herrian integratuta gaudela erakusten du honek".

Entseguak, kaleetan bozgorailuekin probak egiten... Doinu berak izaten diru buruan San Sebastian eguna hurbiltzen ari dela. "Entseguak egingo ditugu. Urduritasuna eguna gerturatzearekin batera etorriko da. Oraindik, nik uste, ez garela ideiara egin. Hala ere, eguraldi polita eskatzen diot urtarrilaren 20ari. Uste dut umorearekin eta gogoarekin guztiok irtengo dugula eta".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak