Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urtarrila »  Iritzia »  Karidadeko egun lainotuak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Manex Beristain gai librean

Karidadeko egun lainotuak

Manex Beristain

Iritsi zaizkigu gauetako argi egunak eta egun argitako egonaldi epelak eta argitzaletako irribarre merkeak eta kale kantoietako hotz bero estali kontrolatuak, etxe beroetako turroi gogorrak eta bigunak eta txokolatezkoak eta frutazkoak, nahi adina, gehitxo, gutxiengo batentzako eta gutxitxo gehiengoarentzako.

Egun hauetako ibilaldi neurtuak dendaz jositako zentroetara antolatzen dira. Nortasunik eta bizilagunik gabeko herrixkak bete-bete eginda egoten dira karidadeko egun lainotuetan, begiradak bidean galtzen dira eta betaurreko beltzak edukitzearen sentsazioa hartzen zaio leku horietako giroari. Lehiaketa kutsuko arratsaldeak bizitzen dira denda desberdinetako ring-etan, nork poltsa handiagoa altxatu esku batez, baietz bi eskurekin lau poltsa eraman, baietz minutu batean bost praka pare probatu, ezetz! Azken batean, batzuk zer erosi ez dakitela eta beste batzuk ezer erosi ezin dutela.

Autoak ere distira berezia dariela irteten dira kalera. Ia ispilu baten funtzioa betetzen dute, egun arruntetan baino mantsoago igaroz, jendez betetako kaleetatik. Urri erditik, apaingarri gisa jarritako porta eskia azkenean elur tresnaz beteta, nahiz eta oraindik elurraren ziurtasunik ez eduki.

Karidadeko egun lainotuetan herritarren bihotzak udaberri epeletako loreak bezala zabaltzen dira baina herdoil usaina darie, ia urte osoan leize batean bezala egon baitira, malko umelen zigorra bereganatuz. Ezagutzen ez dugun horrengana bideratzen gara, sentitzen eta pentsatzen ez dugu hori belarrira esatera, berdin zaigu erantzunik ez jasotzea, gaur bederen karidadeko egunak ditugu, nahiz eta lainoz estaliak egon, karidadekoak dira, ezta?

Karidadeko egun lainotuetan maitasunak sarrera erraza izaten du. Atzo maite ez genuena maitatzeko esfortzua egitea ez zaigu kostatzen. Besar-kadak, supermerkatuetako eskaintzen antzera ba-natzen dira, besarkada lainotuak diren arren, be-sarkadak izaten jarraitzen dute. Urte osoan banatu ez ditugun muxu eta laztanak egun batean edo ho-be esanda gau batean banatzen ditugu, ziztu bi-zian, azken gaua balitz bezala. Karidadeko egun lainotuetan maitasunak sarrera erraza izaten du, baina batzuengana muxu bat bera ere ez da iristen, eta haiek zain egoten dira.

Familiako egun lainotuetan eguzkiak ez du zirrikiturik aurkitzen bere besoak luzatzeko. Sutondoko arkume erreak urtean behingo eztabaida gozoekin nahasten dira, irribarreak mahaiko protagonisten ahoetan errotulagailuz margotzen dira.

Karidadeko egun lainotuak eguzki egunak bihurtzea litzateke guztion helburua. Kaleko kartoiak koltxoi bigun izatea eta frontoiak mendiko irudiz jositako gela epel. Karidadeko egun lainotuetan euriak batzuen aurpegia soilik bustitzen du eta euri horren tanta oro proportzioan banatzea litzateke egokiena eta eguzki epelak guztien azalak berotzea, inor erre gabe. Soilik igaro egun hauek eta hurrenarte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak