Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urtarrila »  Iritzia »  Alkate baten despedida

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidioa

Alkate baten despedida

Pako Aristi

Urtea amaitu zaigu. Berria datorkigu. Errepasoa egiten hasita, joandako urteak Azpeitian eskaini duen gertaera nabarmen baten bila hasi naiz. Eta bada gauza bat oharkabe samarrean joan dena baina niri garrantzitsua iruditzen zaidana. Aurtengo udaberrian agur esan zion alkatetzari Jose Mari Bastidak, eta oso despedida arraroa izan da kargu horretan 18 urte pasa dituen gizon batentzat, bai maite zutenen aldetik, baita maite ez zutenen (eta gorrotatzen zuten askoren) aldetik ere.

Oso despedida tristea izan da. Bastidak berak enkargatu eta Udaleko diruarekin garesti ordaindutako liburukote bat atera zuen, denoi etxeko ateraino ekarri zigutena, bere lanaren goraipamenerako: paper garestia zeukan, argazki asko, esplikazio eskasak, dena eder eta polit agertzeko intentzioa, bere lana arrakastatsua izan balitz bezala. Bere zeregina Azpeitiaren historian funtsezkotzat agertu nahi zuena. Baina denok dakigu norberak bere burua famatzea gauza tristea dela, ezintasuna agertzen duen ekimen ustela. Zure lana publikoa baldin bada, publikoak famatuko du, edo bazterreratu. Hori idazleok ondotxo dakigu, eta ezagutzen dugu publikoaren bendizioa zein bazterketa. Norberak ezin du esan zenbat egin duen herriarengatik, hori besteek esan behar dute, historiak esan behar du alkate bat ona izan al zen edo halamoduzko txapuzero eskas bat, edo mafioso bat, edo nahi duzuena.

Hilabeteak itxoin ditut, eta ez dut inon ezer idatzia ikusi, ez dut entzun komunikabideetan Bastidaren lanari buruzko ezer. Ez da agertu prentsan gutunik. Udalaren inguruko publikazioetan zurikerian aritzen direnek (borondate onez izanda ere) ez dute ezertxo idatzi. Bazkariren bat edo kenduta ez du omenaldi nabarmenik jaso. Nik uste nuen herria 18 urtetan gobernatu duen gizonaren despedidak piztuko zituela esker oneko idatziak, edo kritikoak izan direnek aprobetxatuko zutela despedida egia batzuek esateko, baina ezer ez du esan inortxok.

Uste nuen Bastida bazela norbait, Azpeitian ez ezik baita Euskal Herrian ere. Iazko inauterietan gazte batzuk salatuz protagonizatu zuen iskanbila zela eta ia Espainiako hedabide guztietan ikusi genuen, baina orain inork ez du idazten hari buruz, haren lana epaituz, famatuz, kritikatuz, zertan asmatu zuen, zertan huts egin. Badirudi denak hura desagertzeko amorratzen zeudela, eta orain pisu bat kendu duenaren lasaitasunak hartuta dabiltzala.

Egia da, batetik, Bastidak hiru abokatu zeuzkala bere alde lan egiteko, ondo babestu zuela beti bere burua. Egia da, bestetik, bere alderdi politikoa nahiko aspertuta zegoela berarekin, duela lau urteko hauteskundeetan apoiatzen ez bazuen bere kasa aurkeztuko zela mehatxu egin omen zionetik. Azken honek zer esan nahi du? Ba EAJak ez zuela bere ustez herriarentzat alkaterik onena aurkeztu, baizik eta gogoko ez zuen pertsona bat onartu zuela boterea ez galtzeagatik.

  1. urte asko dira. 18 urte herri bat gobernatzen eman dituenak gehiago merezi du, goraipamen gehiago, edo egur gehiago. Gainera, Bastidak agintzeko modu oso pertsonalizatua izan du beti, bera zen azken erabakiaren jabe, bera bakarrik, berak agintzen zuen, ez beste inork, besteak harekin ondo konpondu beharreko kolaboratzaileak baino ez ziren, haren aginduak betetzeko zeudenak. Ertzainei deitu zalea zen oso, gazteak jipoitzeko; etxegileen lagun handia, etxeen prezioan Azpeitia Gipuzkoako bigarren herririk garestiena bihurtu duten horiena. Herrian zulo handi bat zabaldu du 18 urtetan, herritar askori bizkarra emanda gobernatuz. Hori ixten lan ederra utzi die ondorengoei.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak