Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urtarrila »  Iritzia »  Tramitazio Eguna dela eta

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kartak

Tramitazio Eguna dela eta

Azpeitiko Bai Euskal Herriari

Jakina den bezala, pasa den abenduaren 13an EHNAren Tramitazio Eguna ospatu zen Euskal Herriko hainbat herritan. Azpeitian ere egun berezi hori ospatu zen, eta 109 herritarrek atera zuten EHNA. Azpeitiko Bai Euskal Herriari taldetik balorazio oso ona egiten dugu; gure ustez, jendeak ondo erantzun zuen eta oso garrantzizkotzat jotzen dugu jada 683 azpeitiarrek Euskal Herriko Naziotasun Aitormena atera izana.

Hala ere, lagun batzuek ezin izan zuten egun horretan EHNA atera, Udaleko langileek 13:00ak arte egiten dutelako lan larunbatetan, eta ez 14:00ak arte, astegunetan bezala. Beraz, barkamena eskatu beharrean aurkitzen gara gai honegatik; batetik, EHNA egun horretan atera ezin izan zuten herritarrei (13:00ak baino beranduago joan eta ezin izan zutelako EHNA atera); eta bestetik, Udaleko langileei (EHNA 14:00ak arte egin zitekeela iragarri genuelako, eta beraiei ez genien jakinarazi behar zen moduan).

Arazo txiki hori kenduta, aurrez esan bezala, balorazio oso positiboa egin beharrean aurkitzen gara. Goiz osoan jendea etengabe udaletxera sartu irtenean egon zen, eta 12:00etan ekitaldi txiki bat ere antolatu genuen. Bertan, txalaparta, bertsolari eta trikitilariak ez ziren falta izan. Tartean, Bai Euskal Herriari taldeko kide baten eta Hautetsien Biltzarreko Miren Odriozolaren hitzak entzuteko aukera izan zen; bi lagun horiek EHNA ateratzearen eta erabiltzearen garrantziaz hitz egin zuten. Eta hor dago gakoa. Atera ez ezik (asko gara atera dugunak, eta beste hainbestek EHNA ateratzea ere posible ikusten dugu) erabiltzearen beharra azpimarratu nahi dugu lerro hauen bidez. Herriko dendatan, anbulategian, liburutegian… eta nola ez, udaletxean, EHNA erabili behar dugu, ez baita poltsikoan eramateko karnet sinboliko bat.

Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren bidez, edozein herritarrek, nonnahi eta noiznahi, bere euskal naziotasuna adieraz dezake, libreki, inork ezer inposatu gabe. Eta, berriro diogu, hor dago benetako gakoa. Espainiako eta Frantziako estatuek inposatutako karnetak ezartzen dizkigute; baina euskaldun sentitzen garenok arrotz sentitzen gara karnet horiekin. EHNAren bidez, gure euskal naziotasuna aldarrikatzen dugu.

Gogoratu behar da Bai Euskal Herriari herri ekimenak sinadura bilketa handi bat egin zuela Euskal Herri osoan, (125.000 sinadura bildu ziren), non Udalbiltzari (euskal erakunde nazional bakarrari) eskaera garbia helarazten zitzaion: EHNAren tramitazioa ahalbidetzeko, hain justu. Udalbiltzak hori onartu egin zuen; hurrengo pausoa, hori herriz herri onartzea izan zen. Hainbat herritako udalek onartu zuten eskaera hau, tartean Azpeitia (2002ko maiatzean egindako ez ohiko batzarrean). Ondorioz, urte eta erdi honetan 683 herritarrek atera dugu EHNA, baina gehiago izango dira laster.

Bukatzeko, EHNA atera duten herritarroi eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, Abenduaren 13a bezalako egunak errepikatuko diren esperantzan gaude.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak