Akulue
Olentzero maitea
Leire Ostolaza
Badaramazkit bi urte hormigoizko lau horma gris hauei begira, eta gaiztoa izan ez naizen ziurtasuna, horma hauetan ez ezik, buruan ere biraka dabil. Betiko aurpegi ilunak ikusi behar ditut egunero, goxatu gabeko janaria jan behar urrutiko babarrunekin gogoratuz. Ehundaka kilometrora ditut gurasoak eta lagunak. Eta nire etorkizunaz ez jakiteak gogaitzen nau aurrera begiratu nahi dudanean. Epaiketarik egin ez didaten arren, sistemaren etsai jakinekoa naizela sumatzen dut, eta patioko haize hotzak Erdi Kaleko korronte indartsuaren herrimina ekartzen dit.
Gauza hauek guztiak jasan nitzake agian, nire zigor honek ez balitu ingurukoen Gabonak baldintzatuko. Autoa hartu eta nirekin berrogei minutuz egoteko mila kilometro egin behar dituztenek ez dute zigorrik merezi, inola ere, eta Sara bezala errepidean bizitza uzten dutenek bihotza mila puska egiten didate. Horregatik, Olentzero, mesedez eskatzen dizut sakabanaketarekin amai dezazun, inongo amak ez baitu merezi oso noizean behin semea besarkatzeko aukera izateagatik kalbario hau pasa behar izatea.
Ikatzik ez zaidazula ekarri, arren, eta nori emanik ez bazenu, arazoez ohartu nahi ez dutenei bidali, zer pentsatua izan dezaten. Urte berri on.
|