Hiruko txikiyen
Iban Arregi
BIOLENTZIAZ. Interesgarria uztarria.com orrian piztu den eztabaida, Manoli Urangari eginiko erasoa dela eta. Azken batean, etikatik haruntzago ia-ia denak, biolentzia bata edo bestea salatzerakoan edo babesterakoan. Etika politikaren menpe, ia-ia beti. Edo galdetu aurten tratu txarrak jasan dituzten Azpeitiko 26 emakumeei. Ez kontzentraziorik, ez kondenarik, ez manifestaziorik, ez minutuko isilunerik. Urteak isilik biolentzia batzuen aurrean.
ZUHAITZA. "Eguberrietako zuhaitzaren sindromea zaukaagu: sustrai faltan, geure burua apaindu". Zakilixut-ek zioen hori, Berria-n. Hain sinplea eta hain konplikatua... Antzerki Topaketak pasatu berri dira, apain-apain, Goenkale osoa bertan zela; baina justu 2003ko martxoan, herriko antzerki talde historiko bat, Antxieta, desegin egin zen ofizialki. Urteak zeramatzan geldirik, entseiatzeko lekurik ere ez zuen eta. Eguberrietako zuhaitzaren sindromearekin Azpeitian ere...
AZENTOA. Ederra da Jose Luis Otamendi bat errezitatzen entzutea, euskara batuan baina Azpeitiko azentoarekin. Harentzat, entonazioan, "gaRÉlako" "gareLÁko" da. "AzPEÍtiko", "AzpeiTÍko". Eta abar. Azpeitiarrontzat ere bai. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari ere Azpeitiko entonazioa, azentoa, ukitua emateko ordua ailegatu zaigu. Baina ez dakit azentoa denok jarri ahalko diogun. Elkarlanaren beharrik ez, beharbada, Udalarentzat. Eta talantea ona izango da, bai, baina talante onarekin bakarrik (eta euskalgintzarik gabe), asmatuko ote AzpeiTÍko azentoa jartzen? Nire erantzuna: ÉZ.
|