Amuko Zubitik
Adibidez, Izazpiko basoa
Aitor Aranguren
Ariketa bat egin dezagun. Azpeitiko udalerriko mapa hartu eta kendu ditzagun herriko etxeak eta industria, bideak, auzoak, ba-serriak, gizakia… Eta bost minutuan, begiak itxita, irudikatu dezagun zer gelditzen zaigun: mendiak, zelaiak, basoak, ibaiak, errekak, animaliak. Ederra, ezta? Hori guztia ere Azpeitia da, eta seme-alabei utzi behar diogun ondarea, ahalik eta baldintza onenetan. Baina ondare hori oso sentikorra da, eta gizakia espezializatu egin da ingurune horiek gaizki tratatzen eta deusestatzen.
Udalean egin dira dagoeneko ingurune naturaleko hainbat azterketa, eta badago altxorrik; adibidez, Izazpiko basoa. Oso maldatsua den eremuan, 70 hektareako baso hori berez etorri da, eta, ondorioz, zuhaitz gehienak oso gazteak dira; baina, espezie-aberastasuna handia du, 21 zuhaitz mota ezberdin identifikatu dira-eta. Denbora laburrean ezaugarri horietako basoek interes naturalistiko handia izan dezakete. Zer egin behar den? Erraza: babestu eta kontserbatu. Egia da, ez da Iratiko basoa. Eta zer!. Kontua da denok Izarraitzera begira gaudela, txotxolotuta. Hori bai, bost axola zaigu antena handi bat Erlo puntan izatea, autobidea goraino, asteburuan autoak goian, jatetxe bat San Inazio ondoan, higadura-prozesu inportanteak Azketa inguruan... Baina Izaz-pirekin alderatuz Izarraitz katalogatuta dago, ordenatzeko eta kudeatzeko planaren oinarrizko dokumentua egina dago, lur asko erosi ditu Udalak, eta hori bultzatzeko lau Udal daude atzean (Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta Deba).
Erabakiak hartzea erraza da. Zer falta da? Nahi izatea eta dirua ipintzea. Udalak lur sail hori erosi eta babesteko asmoa azaldu zuen, eta baita dirua ipini ere 2003 aurrekontuetan, baina alkateak ez zuen gauzatu. Eta oraingo talde berriak? Zein asmo ote ditu 2004an in-gurune naturalerako? Azpeitiko hiriaren mugetatik at mundua ere existitzen da.
|