Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2004 »  Urtarrila »  Azpeitiko Udala eta nazio eraikuntza »  Udalbiltza, bi aurepgi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udalbiltza

Udalbiltza, bi aurpegi

Nerea Uranga

Udalbiltzako bi errealitate: Julian Eizmendi lehendakaria da eta Miren Odriozola Udalbiltza legez kanpo utzi arte Nazioarteko Batzordearen arduraduna izan zen

Nazioa, Euskal Herria; erakunde nazional bakarra Udalbiltza, zatituta; herri bat Azpeitia; bi aurpegi. Bata, Julian Eizmendi (EAJ) Azpeitiko alkatea eta Udalbiltzako lehendakaria. Bestea, Miren Odriozola Habea legez kanpo utzitako plataformakoa, eta Udalbiltza Baltasar Garzonek legez kanpo utzi aurretik (2003ko apirila) Batzorde Eragileko kide eta Nazioarteko Batzordearen arduraduna zena. Biak azpeitiarrak eta biak ezagutzen dute gertutik Udalbiltza.

Eizmendik, iaz azaroaren 8an hartu zuen, Basaurin, Udalbiltzako lehendakari kargua. "Udalbiltza udal hautetsiek osatzen dutenez, udal hauteskundeak pasatu ondoren EAJko eta EAko exekutibek erakundeko zuzendaritza berritzea adostu zuten. Zuzendaritzan nik hartu nuen lehendakari kargua eta Debako alkateak lehendakariordekoa. Alkate askok ditugu alkatetzaz gain beste hainbat erantzukizun (Eudelen, Batzar Nagusietan, Patzuergoetan...). Alderdiak ni Udalbiltzako lehendakari kargurako hautatu ninduen", esan dio Uztarriari. Dagoeneko Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko bilera eta ekitaldietan izan da: 2003ko abenduaren 2an, Euskararen egunaren bezperan, Iruñean hitzarmen batzuk sinatzen, eta 14an, Donibane Garaziko ikastolaren inagurazioan. "Talde bat osatu dugu eta hari tokatuko zaio eguneroko lana egitea. Guri irizpideak ezarri, gainbegiratu eta erabakiak hartzea dagokigu".

2003ko apirilean Miren Odriozola kide zen Udalbiltza legez kanpo utzi eta zuzendaritzako zenbait kide eta langile kartzeleratu zituzten. "Oraindik hamar lagun kartzelan daude Udalbiltzako kide eta langile izateagatik", gogorarazten du Odriozolak. Nazioarteko Batzordearen arduradun zen eta, ondorioz, Euskal Herritik kanpoko estaturik gabeko nazio eta herrialde askoren berri izan du. "Europa mailan beste estaturik gabeko nazioetako jendearekin harremana genuen. Eta lehendakariak, Loren Arkotxak, Nazio Batuetan beste gobernuetako kideekin-eta harremana zuen Euskal Herriko prozesuaren berri emateko. Europatik kanpo, 2002ko abenduan autodeterminazioa ardatz hartuta antolatu genuen konferentzian ere mundu osoko estaturik gabeko herrien errealitatea ezagutzeko aukera izan genuen. Euskal diasporako jendearekin ere harremanak izan ditugu".

Nazio eraikuntza. Euskal Herriko erakunde politiko bakarra da Udalbiltza, herrietako udal ordezkariek osatua. Eizmendik hala dio: "Euskal Herrian sinesten dugu. Udalbiltzan sei lurraldeetako udal hautetsiak ditugu eta gure helburua Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea da, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik. Naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta eta hiritarren borondate askean eraikia, behetik gora. Lurraldetasuna ez dago herritarren borondatearen gainetik inposatzerik; printzipio hori estatuek errespeta dezatela eskatzen ari baldin bagara, guk ere gure nazio eraikuntzan errespetatu beharra daukagu". Odriozolak, Udalbil-tza sortu zenean jarritako bost helburuak ditu gogoan: "Udalbiltza legez kanpo utzi diguten arte sorreran jarritako bost helburuak oinarri hartuta egin dugu lan. EHNA bultzatuz, autodeterminazioaren inguruko konferentzia antolatuz, herrien arteko anaikidetzak lortuz, Euskal Herriaren Eskubideen Kartaren proposatuz, auzolana bultzatuz...".

Bien iritziz Azpeitiak asko du aportatzeko Udalbiltzan. Eizmendiren aburuz, "Azpeitia, tamainu batetik gorako udalerriekin alderatuta, Euskal Herriko herririk euskaldunena eta abertzaleena genuke. Euskararik gabe zaila da abertzaletasuna mantentzea eta abertzaletasunik gabe ez da lortuko sujetu politiko bakarreko Euskal Herririk". Odriozolaren iritziz, Azpeitiak Udalbiltzan lan egiteko arlo guztietan "oso baldintza onak" ditu. "Udaletik bertatik lan asko egin daiteke. Esaterako, Hazpar-neko herriarekin anaikidetzan lan eginez".

Udalbiltza sortu zenean, 1999ko irailaren 18an, Euskal Herriko alderdi abertzale guztien partaidetza zuen, eta 1999ko abenduan ETAren su-etena bukatu ondoren Udalbiltza bitan zatitu zen. Eizmendik Udalbiltza zatituta dagoela hartu du lehendakari kargua. "Indarkeria politikoaren aurrean genuen postura desberdinak zatitu gintuen. EAJk eta EAk orduan erabaki zuten EHkoekin elkarlanik ez egitea. Abertzaleen arteko zatiketan tokatu zait kargua hartzea. Ea aurreko denborak itzultzen diren", dio Eizmendik.

Odriozolaren ustez, Udalbiltzak alderdi politikoen "gainetik" egon behar du. "Bat izan behar du eta indarra sorrerako bost puntuei eman behar zaie. Badaukat itxaropena, une historiko interesgarria bizitzen ari baikara eta jendea mugitzen ari da. Herritarren artean ere gogo izugarria dago. Proiektu desberdinak ere badaude: Ibarretxeren Plana, Baterarena, Nazio Eztabaidaguneko Foroa... Mugimendua badago, elkarrizketak badaude eta hori da lehen pausoa".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak