Aurrera ekarrita
Julian Eizmendiren elkarrizketa osoa
Nerea Uranga
Julian Eizmendi
UZTARRIA: Azaroaren 8an, Basaurin, Udalbiltzako lehendakari kargua hartu zenuen. Nola hartu zenuen kargua?
JULIAN EIZMENDI: Udalbiltza Udal hautetsiek osatzen dutenez, Udal hauteskundeak pasa ondoren EAJ/PNV eta EAko ejekutibek Erakundeko zuzendaritza berritzea adostu zuten. Zuzendaritza horretan nik hartuko nuen lehendakari kargua eta Debako alkateak lehendakariordekoa.
UZTARRIA: Erraz hartu al duzu kargua?
JULIAN EIZMENDI: Alkate askok ditugu alkatetzako karguaz gain beste hainbat erantzunkizun (Eudelen, Batzar Nagusietan, Patzuergotan...). Alderdiak ni honetarako hautatu ninduen.
UZTARRIA: Zenbateko dedikazioa eskainiko diozu ardura berri honi?
JULIAN EIZMENDI: Zuzendaritzaren aurreneko bilera egin genuen eta datorren astean aurreikusita daukagu beste bat egitea aurreko zuzendaritzakoekin. Bestalde, pare bat ekitalditan izan naiz: abenduaren 2an, euskararen egunaren bezperan, Iruñean hitzarmen batzuk sinatzen eta 14an Donibane Garazin bertako Ikastolaren inaugurazioan.
Ekipo bat osatuko dugu eta horri tokatuko zaio eguneroko lana egitea, guri erizpideak ezartzea, superbisatzea eta erabakiak hartzea.
UZTARRIA: Udalbiltza Udalek osatutako erakundea da, herriak osatutakoa. Behetik gorako erakunde bat da. Euskal Herri osoko herrien ordezkariak daude han. Izenak berak hala dio Euskal Herria.
JULIAN EIZMENDI: Euskal Herrian sinesten dugu. Udalbiltzan sei lurraldekoetako udal hautetsiak ditugu eta gure helburua Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea da, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik. Naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta eta hiritarren borondate askean eraikia, behetik gora. Lurraldetasuna ez dago herritarren borondatearen gainetik inposatzerik; printzipio hau Estatuek errespeta dezatela eskatzen ari baldinbagara geuk ere, gure nazio eraikuntzan errespetatu beharra daukagu.
UZTARRIA: Azpeitiak herri bezala zer aportatuko du Udalbiltzan? Hauxe zen Uztarria aldizkariaren lehen zenbakiko (1999 azaroa) artikulu baten titularra: “Zertan aporta dezake gure udalak Udalbiltzan?”.
JULIAN EIZMENDI: Azpeitia, tamaino batetik gorako udalerriekin alderatuta, Euskal Herriko herririk euskaldunena eta abetzaleena genuke. Euskararik gabe zaila da abertzaletasuna mantentzea eta abertzaletasunik gabe ez da lortuko subjektu politiko bakarreko Euskal Herririk.
UZTARRIA: Lehen ere Azpeitiak nazio eraikuntzan zer esanik izan du: 1931n Lizarran euskal udalerriek onartu zuten Autonomia Estatutuaren antzeko proiektua martxan jartzeko bileran parte hartu zuen. 1976ko uztailaren 21ean Bergaran egin zen ekitaldian ere Azpeitiko Udaleko ordezkariak han izan ziren. Aurrera begira zer egitekorik izango al du Azpeitiak?
JULIAN EIZMENDI: Oker ez banago, Udalbiltza abiatu zen 1999ko urtarrilaren 29an hogeita bat alkatek egindako deialdi batetik ( 1999ko otsailaren 6an Iruñean alkateek eta zinegotziek ospatu zuten batzarrerakoa) eta hogeita bat horietariko bat, deialdi hura sinatu zuteneko bat, Azpeitiko alkatea zen, Joxe Mari Bastida. Orain, gu izendatu gaituzte erakundearen gidaritzarako eta horretan gaude.
UZTARRIA: Aurrekoan, EBPNren aurkezpenean globalizazio garai honetan, estaturik gabeko herrialdeetan, Euskal Herria kasu, bestelako supraestrukturak sortzen ari direla aipatu zenuen eta estatuak indarra galtzen ari direla. Kasu horretan Udalbiltza indartzeko, Euskal Herriko herri guztiek osatutako erakundeak indarra eta eragina izateko zer egin beharko da?
JULIAN EIZMENDI: Oro har, Globalizazioak estatuak gainditzen dituen markoak, aurrena ekonomikoak eta gero politikoak, eraikitzea suposatuko du, eta horrek uniformidadea bultzatuko du bai kultura eta hizkuntza arloan. Gu bezalako Herrientzat (txikiak, estaturik gabekoak, zatituak) arriskuak eta erronkak.
Europako konstituzioa egiten ari dira eta dudarik ez dago prozesu horretan estatuak direla protagonista nagusiak. Baina bateratze prozesu horretan Estatuak euren "independentzia", subiranotasuna (XIX. mendean nazioen gainetik eraiki zirenean zutena) galtzen ari dira, hala nola: diru bakarra daukagu (euroa); polítika ekonomirako tresnetan (polítika monetarioa erabat Bruselasek markatzen du eta fiskala gero eta gehiago); ejerzito bateraturantz goaz; kanpoko harremanak ere gero eta bateratuagoak dira eta izango dira; edozein arlotan araudiak gero eta gehiago datozkigu Bruselasetik, berehala izango dugun Europako Konstituzioa...
Zentzu horretan XIX. mendean sorturiko Estatuak indarra galtzen joango dira, eta Europa Bateratu horrek hartuko ez dituen ahalmenak bera baitan dituen Herriek hartu behar dituzte, hau da, Estatu tradizional horiek "azpitik" ere inadarra galtzen joan behar dute eta egitura horien azpian dauden Herriak, nazioak irabazten. Hau da nire ustez abertzaleon erronka une honetan. Eta Udalbiltzak naziogintza hori bultzatu behar du, aukera jurídiko-polítiko berriak bultzatu, beti ere, lehen esan dudan bezala, pertsona guztien eta lurralde desberdinen errespetuan oinarrituta, herritarren borondate askean. Behetik gora, eguneroko lanean oinarrituz
UZTARRIA: Orain arte Udalbiltzatik egin denaren zer balorazio egiten duzu. Lau urte ditu Udalbiltzak. Hemendik aurrera zer egin beharko da, zer aurreikuspen daude?
JULIAN EIZMENDI: Oinarrizko antolakuntza eta azpiegitura aldetik azpimarratu behar sede bat erosi zela Iruñean, kale Berrian, Iruñea erdi-erdian, non bi pertsonek lan egiten duten.
Zenbait proiektu lagundu eta finantziatu dira Euskal kultura eta historia arloan, euskera eta hezkuntzan (Ikastolak bultzatzen)...batipat Nafarroan eta Iparraldean: besteak beste SEASKA lagundu dugu Hazparneko Ikastolaren anpliazioan eta berrikuntzan, eta Donibane-Garaziko Ikastola eraikitzen; Nafarroako Ikastolen Federakuntza ere lagundu dugu, aurten hain zuzen Irunberri-Lumbierreko Arangoitiko Ikastola eraikitzeko eman dugu laguntza; Nafarroako Sortzen Ikasbatuaz; Nafarroako Euskara Kultur Elkargoa (EKE); Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)....
Aipatu behar ere "HURBILTZEN" programa Euskal Herriko udalerrien arteko senidetzak bultzatzeko eta "XENDRAK, Euskal Herrien bideak" programa, non zazpi rutak lotzen dituzten Euskal lurralde desberdinetako zenbait herri. Azken finean, elkar hobeto ezagutzeko eta ulertzeko programak, zaila da maitatzea ezagutzen ez dena.
Hasitako bidetik jarraituko dugu, batipat amankomunean dugun hizkuntza zaharra ahulago dagoen lurraldeetan.
UZTARRIA: Udalbiltzaren sorrerako egoera eta gaur egungoa ez da bera. Udalbiltzako leen lehendakariak ez duzue egoera berean hartu kargua. Hor arantzarik gelditzen al da?.
JULIAN EIZMENDI: Udalbiltza duela lau urte sortu zen (1999ko irailaren 18an) tregua garaian, alderdi abertzale guztien partaidetzarekin. Baina, sortu eta berehalaxe, 1999ko abenduan, ETAk su-etena amaitutzat eman zuen eta 2000ko urtarrilean atentatuekin hasi zen. Ondorioz Udalbiltza zatitu egin zen (2000ko martxoan). Inderkeria politikoaren aurrean genuen postura desberdinak zatitu gintuen. EAJ-PNVek eta EAk erabaki zuten orduan Euskal Herritarrekoekin elkarlanik ez egitea. Abertzaleen arteko zatiketa honetan tokatu zait kargua hartzea. Ea aurreko denborak itzultzen diren.
UZTARRIA: Ordezkaritza bat falta al da Udalbiltzan?
JULIAN EIZMENDI: Bultzatzen dugun Udalbiltzan garbi daukagu indarkeriaren erabilerarik gabe, era demokratikoan, askatasunean eta hiritarren borondatean eta erabakimenean oinarritu behar dela naziogintza. Beti ere giza-eskubide guztiak erabat errespetatuz. ETAk oztopo egiten dio nazio eraikuntzari.
Prinzipio horiek onartzen dituztenen arteko elkarlana lortu nahi dugu.
UZTARRIA: Udalbiltzako lehendakari kargua hartzean zeuk esandako batzuk:
"Erakunde honetan, atxikimendu askearen bidez, ordezkari independienteen edo beste alderdi politikoen integrazioaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du".
JULIAN EIZMENDI: Adierazi dut zein prinzipio nagusietan oinarritu nahi dugun naziogintzan beharrezkoa dugun elkarlana. Basauriko Batzarrean izan ziren gonbidatuak zenbait independiente, Abertzale Batasuneko eta Aralarko.
Donibane-Garazin izan ginen pasa den abenduaren 14an, bertako Ikastolaren inaugurazioan, eta informalki egon ginen Abertzale Batasuneko zenbaitekin. Harremanak izatekotan geratu ginen.
Elkarlanerako esparruak zabaltzeko presto gaude.
UZTARRIA: Hegoaldeko udalerrietako azken hauteskundeak gogoan izan zenituen. "Ez diren izan gure nahi eta exijitutako baldintza demokratikoetan garatu".
JULIAN EIZMENDI: Alderdi politikoen legearen aurka egon ginen, Batasunaren ilegalizazioaren eta plataformen (Habea...) ilegalizazioen aurka. Ez ziren noski guk nahi genituen baldintzetan ospatu.
UZTARRIA: "Udalbiltza, lurraldetasunaren lekuko da eta Europa barneko herri multzoan bere nortasuna daukan herri, nazio eta gizarte eraikuntzarako eragilea da"
JULIAN EIZMENDI: Euskal Herria Pirineoen alde bietara hedatzen den herria da, egun nolabait hiru estruktura politikotan zatitua. Udalbiltzak lurralde desberdinen arteko harremanak sendotu nahi ditu amankomunean duguna indartuz (euskara, kultura,...), naziogintzan aurrera eginez atxekimendu askean oinarrituta, irritaren borondatea errespetatuz.
|