|
|
|
Aurrera ekarrita
Azpeitiko Udala eta nazio eraikuntza
Enekoitz Esnaola
Udalek zeresanik eduki dute azken hamarkadetan Euskal Herriaren eraikuntzan, eta Azpeitikoak gertutik eta modu zuzenean parte hartu izan du
|
|
Casto Orbegozo, 1931an Azpeitiko alkate zena
|
|
|
|
Oiarzabal.
Jose Antonio Oiarzabal, herriko lehen alkate abertzalea
|
|
|
|
1931n Lizarran udalek estatutua onartzeko egindako batzarra
|
|
|
|
1931n Lizarran udalek estatutua onartzeko egindako batzarra
|
|
|
|
1976an Bergaran udal ordezkarien artean egin zen batzarra; han ziren Azpeitikoak.
|
|
|
|
Jose Mari Bastida, Bilbon, 1999ko irailaren 18an, Udalbiltza
sortu zen batzarrean (herriko alkatea zen orduan Bastida)
|
|
|
|
Julian Eizmendi,
Azpeitiko egungo alkatea, 2003-11-08an, Basaurin, Udalbiltzako presidente izendatu zutenean
|
|
|
|
Miren Odriozola, Udalbiltzako ekitaldi batean.
|
|
Lizarra-1931, Bergara-1976 eta Bilbo-1999: hiru toki eta hiru urte interesgarri eta garrantzitsu Euskal Herriko udalen historian. 1931n Lizarran Hego Euskal Herriko estatutua onartu zuten, 1976an Bergaran 1931ko estatutuaren antzekoa eta foruak eskatu zituzten, eta 1999an Bilbon Udalbiltza, aro modernoko lehen erakunde nazionala sortu zuten. Eta hiruretan presente izan da Azpeitiko Udala. Orain, 1999an zabaldutako bidean segitzen du, eta EAJk eta EAk kudeatutako Udalbiltzako lehendakari izendatu berri dute Julian Eizmendi (EAJ), Azpeitiko alkatea.
.1931n Casto Orbegozo alkatea egon zen udalen orduko mugimenduan sartu-sartu eginda. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako alkateek, Eusko Ikaskuntzaren gerizpean idatzia zegoen autonomia estatutua oinarri hartu eta adituen esparrutik plaza publikora atera zuten, batez ere Espainian 1931ko apirilaren 14an I. Errepublika aldarrikatu ostean; Espainiako Estatua eta Hego Euskal Herria modu berrian egituratzeko aukera zabaldu zela zioten alkateek. Orbegozo bera, Errepublika aldarrikatu eta hiru egunera, Azpeitiko alkate jarri zen berriro —aurretik beste bi alditan izana zen: 1922-1923an eta 1924-1925ean—, eta, Gipuzkoako batzordeko kide ez ezik, Hegoaldeko batzordeko kide izendatu zuten segituan, Getxoko alkatearekin (Jose Antonio Agirre, gero Eusko Gobernuko lehendakari izan zena), Zangozakoarekin (Agustin Blanco) eta Laudiokoarekin (Guillermo Ruiz) batera —lehenago Getxo, Gernika, Elorrio eta Bermeoko alkateek osatu zuten batzordea, behin-behinekoa—. 1931ko maiatzaren 27an, "Hego Euskal Herrirako estatutua onartu eta aldarrikatzeko asmoz", udal guztien batzarra deitu zuten Orbegozok eta konpainiak, Lizarran elkartzeko, ekainaren 14an.
.529 udaletik 485ek onartu zuten estatutua. Azpeitiko Udalak sei egun lehenago Eusko Ikaskuntzak prestatutako euskal estatutuaren aurreproiektua jaso zuen, lehen aipatutako udalen batzordeak sinatutako gutunarekin batera, eta Casto Orbegozo bera eta Silvestre Madrazo zinegotzia izendatu zituen herriko ordezkari, herriaren izenean estatutuari baiezkoa emateko, Imanol Eliasen Azpeitiko efemerideak liburuan ageri den bezala. Estatutu hura, Telesforo Monzon, garaiko eta ondorengo politikorik garrantzitsuenaren esanetan, inportantea zen: "Penintsulako Euskal Herriko lau herrialdeentzat egina, bertan Euskadiri estatu subirano baten ahalmen guztiak ematen zitzaizkion, salbu armada, moneta eta atzerriko ordezkaritza".
1931n ezezkoa eman zuten artean ezkertiarrak eta Espainiako Errepublikaren aldeko udalak zeuden —hauen artean lau hiriburuetako errepublikarrak—, eta hutsune hori funtsezkoa izan zen gero. Lizarrako batzar hura baino lehenago Azpeitian egin zen bilera batek bere garrantzia eduki zuen, bertan estatutuaren aurreproiektuari emendakin batzuk egin zitzaizkiolako eta Orbegozo alkateak —karlista zen— zera eskatu zuelako ekainaren 14 hartan Lizarran: autonomia estatutuak Vatikanoarekiko harreman zuzenak edukitzeko ahalmena Euskadirentzat gorde behar zela. Karlista guztien nahia zen hura, abertzaleena ere bai, eta onartu egin zen emendakina. Ez zen, ordea, Espainia-zale ezkertiar eta errepublikanoen gustukoa. Hauek, irailaren 25ean Madrilen Gorteetan autonomiei buruzko Konstituzioko artikulua eztabaidatu zenean, garbi esan zuten ez zutela Azpeitiko alkateak egindako eskaera onartuko: "Jaun euskaldunak, autonomia nahi baduzue, Espainiako Errepublikak finkaturiko baldintzapean izan beharko du. Vatikanoari buruz ez dago gehiago hitz egiterik". Espainiako eskubia ere estatutu haren kontra zegoen, "laikoa" zelako, "ainkoaren izena agertzen ez" zelako. Monzonek berak esan izan zuen orduan "itxi" zitzaizkiola Lizarrako estatutuari "ateak betiko".
Azpeitiko alkatea, aurretik, beste euskal ordezkari batzuekin batera, Madrilen izana zen, hara antolatutako tren berezi batean joanda, baina alferrik.
**Iruñea-1932**. Abertzaleak hurrengo hilabeteetan ere saiatu ziren estatutua aurrera atera nahian, baina 1932ko ekainaren 19an, Iruñean, Nafarroa gabe gelditu ziren, Espainia-zale ezketiar eta eskubikoen presioen ondoren Nafarroako udalen gehiengoak ezezkoa eman zuelako —aurretik hiru aldiz alde agertu izan zen, gehiengo oso handiz gainera—. Bilera garrantzitsu hartan zen Casto Orbegozo.
1933ko azaroaren 5ean, Espainian boterean eskubia jarri baino zertxobait lehenago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutuaren —edukietan ere murriztua—erreferenduma egin eta erroldaren %84 alde agertu zen. Orduan Jose Antonio Oiarzabal zen Azpeitiko alkatea —herriko lehen alkate abertzalea— eta berak esan zuenez, egun hartan azpeitiarren %98 estatutuaren alde azaldu zen, Azpeitiko efemerideak liburuan azaltzen denez; "udaletxeko balkoian Espainiako bandera ez ezik, ikurrina zintzilikatzea ere erabaki zen".
Baina estatutu hura 1936. urtean jarri zen martxan, Espainiako II. Errepublikaren garaian. 1936ko otsailean errepublikazaleak boterera igo ziren berriro, eta Azpeitiko Udalak Manuel Azaña, Espainiako Errepublikako presidenteari, "zorionak" emateaz gain, estatutua ontzat hartzeko erregutu zion. Herrian alkate atzera Oiarzabal zen; bi urte lehenago kargutik inhabilitatu egin zuten, kontzertu ekonomikoa eta herrien autonomia defendituz indartsu jokatzeagatik.
1936a bitartean, estatutua “arrastaka” ibili zen, orduko zenbait politikarik zioten bezala. Gainera, 1936ko uztailaren 18an Espainian altxamendu nazionala egon zen, 1933ko estatutua bertan behera geratuz.
Beragaran. 40 urtera, 1976an saiatu ziren udalak berriz ere Hego Euskal Herrirako eskumenak lortzen. Franco, Espainiako diktatorea urtebete lehenago hil zen, eta demokraziarako trantsizioa egin nahi zen garai hartan. 1976ko uztailaren 21ean, Bergaran bildu ziren udal ordezkariak, Jose Luis Elkorok (Bergara), Imanol Murua (Zarautz), Inazio Iruin (Hernani) eta Iñaki Aristizabalek (Oiartzun) osatzen zuten taldeak deituta. 2002an Mailo Oiarzabalek idatzi eta Uztarriak argitaratu zuen Imanol Elias biografian azaltzen denez, "1976ko martxoaren bukaeran, Elkoro abertzalea Bergarako alkatetzara iritsi berria zela, Bergarako Udalak gutun bat igorri zion Juan Carlos I.a Espainiako erregeari. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa euskal probintzietan 1876ko uztailaren 21eko legeak ezereztatu zituen foruak itzultzeko, eta 1931an Lizarran euskal udalerriek onartu zuten Autonomia Estatutuaren antzeko proiektua martxan jartzeko eskatzen zuen gutunean Bergarako Udalak. Giro horretan, Alkateen Taldea herriz herri bilerak antolatzen joan zen, udalak demokratizatu beharraren premia nabarmenduz, eta presioaren beharra aldarrikatuz (…). Azpeitiko Udalak ere hartzen zuen parte Alkateen Taldearen bileratan".
Alkateen eta udal ordezkarien mugimenduaren ekintzarik adierazgarriena 1976ko uztailaren 21ean egin zen, Bergaran. Agustin Prat, Iñaki Urkia, Manuel Altuna Kanpaxa, Lorenzo Soraluze, Tomas Bereziartua eta Imanol Elias izan ziren han egon ziren udal ordezkari azpeitiarrak.
"Orduantxe ikusten zen han mugimendu bat, zerbait sortzen ari zela herrian, ikaragarria. Hemen zerbait bazetorrek, eta handia, pentsatu nuen. Ordu arte ez genuen halakorik ezagutzen, hango jendearen berotasun hura, han esan zirenak... Gauzak beste martxa batean zetozela ikusten zen", esaten du Imanol Eliasek bere biografian.
1979ko urriaren 25ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatutua onartu zen; Nafarroa atzera kanpoan gelditu zen... edo utzi zuten.
1999-an. 1999an hartu zuten euskal udalek berriro protagonismoa, eta Azpeitikoak azkeneko saioan ere parte hartu izan du. Urte hartako irailaren 18an, 1998ko iraileko Lizarra-Garazi akordioaren ondorioz, Udalbiltza, aro modernoko lehen erakunde nazionala sortu zen, Bilbon, Euskalduna Jauregian egindako batzarrean, eta han izan ziren Azpeitiko EAJko, EHko eta EAko zinegotziak eta Jose Mari Bastida alkatea (EAJ). Handik aste batzuetara, Udalbiltzaren aldeko mozioa onartu zen Azpeitiko Udaletxean. "Udal hautetsiek eta udalek babestu, indartu eta garatu behar dugu Udalbiltza, gure erakunde nazionala (...). Euskal Herriko udalen arteko harremanak sakontzeko, senidekidetzan lan egiteko eta Euskal Herri osoaren alde aritzeko sortu da", zioen mozioak.
Uztarriak 1999ko azaroaren atera zuen aldizkariaren 1. zenbakia, eta orduan Udalbiltzari buruz egindako erreportajean, Bastidak zioen Azpeitiko Udalak "asko aporta" zezakeela, "beste edozeinek baino gehiago". Javier Beobide, EAko zinegotziak, berriz, Azpeitiak "Udalbiltzako zenbait arlotan zeresanik" edukiko zuela esan zuen. Eta Miren Odriozola, EHko zinegotziak "garrantzia" eman zion erakunde nazionalari, "Euskal Herriaren gorpuztea bideratzeko sortu" zelako.
Bastida Udalbiltza sortu aurreko Batzorde Iraunkorreko kide izan zen, baina Odriozola izan da Azpeitiko Udaletik Udalbiltzan gehien parte hartu duen zinegotzia, hasieran EHko bezala eta gero Sozialista Abertzaleetako ordezkari; eta, batez ere, ETAren su-etena bukatu ondoren (1999ko abendua) Udalbiltza bitan zatitu zenetik. Ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzako zuzendaritzako kide izan da Odriozola, eta han eta hemen ibili da (Brasilen, Argentinan, Italian…) Udalbiltzako nazioarteko taldeko arduradun, Espainiako Justiziak 2003ko apirilean ezker abertzalearen Udalbiltza legez kanpo utzi zuen arte. "Espainia Euskal Herriaren kontra ari da, berriro frogatu den bezala", zioen orduan Odriozolak.
Orain beste azpeitiar udal ordezkari bat dago Udalbiltzako zuzendaritzan: Julian Eizmendi alkatea. EAJren eta EAren Udalbiltzako lehendakari da, hain zuzen, 2003ko azaroaren 8tik, Jon Jauregi, Beasaingo alkatearen (EAJ) ordez. Basaurin izendatu zuten presidente; Euskal Herriko 245 herri ordezkatzen zituzten 400 bat hautetsi bildu ziren hango Sozial Antzokian, EAJ eta EAkoak, eta aho batez onartu zuten. Eizmendik, kargu berria hartu ostean, erakundea "berritu eta sendotzeko" konpromisoa hartu zuen. EAEko estatutu berrirako proposamena gogoan izan zuen, eta eguneroko lanetik hasita "euskal nazio eraikuntzan sakontzeko konpromisoa" azaldu
|