|
|
|
Kultura, euskara eta komunikazioa
Erakunde eraginkorra herrirako
Enekoitz Esnaola - Nerea Uranga
Uztarria Kultur Koordinadorak eta Baite Euskara Elkarteak bat
egin dute, Azpeitiak euskalgintzako eta kulturgintzako erakunde indartsua edukitzeko. Helburua: herri proiektuak gauzatzea
|
|
Uztarriaren bazkideen batzarra, azaroaren 29an egin zen
|
|
Erakunde "eraginkorragoa" bihurtu nahian, Uztarria Kultur Koordinadorak eta Baite Euskara Elkarteak bat egingo dute 2004tik, bien bazkideen batzarrek azaroaren 29an erabakita.
Bat egitearena ez da izan egun batetik sortu eta mamitu den ideia. Izan ere, Uztarriako eta Baiteko talde eragileek, aurten bien bileratan aipatu izan diren ideiak bildu eta irail hasieraz geroztik elkarrekin barne prozesua zabaldu zuten, bat egiteaz eta hainbat proiektuz hitz egiteko. Bien artean oinarrizko txostena egin zutenean, azaroaren hasieratik Uztarriako eta Baiteko talde, elkarte eta ikastetxe guztietara joan ziren, txostena pasatu eta bakoitzarekin banan-banan bilduz —dozenatik gora bilera egin dituzte eta ehun lagun ingururekin bildu dira—, ekarpenak jaso, eta azaroaren 18an Uztarriako eta Baiteko zuzendaritza batzordeen batzarra egin zen, batera. Baiezkoa eman ondoren, bazkideen batzarretara pasatu ziren asmoak, zuzendaritza taldearen osaketaren proposamena ere bai, eta ontzat jo zen dena.
Erakundeak Uztarria Kultur Koordinadora izenako du, orain arte Uztarriarenak bezala. "Hiru arrazoigatik: 1. Erreferentzialtasunagatik, Uztarria Baite baino leku gehiagotara iristen delako. 2. Erakundeak hiru ardatz izango dituelako —komunikazioa, euskara eta kultura—, eta Uztarriak 1998tik badituelako hirurak; Baitek bat —euskara—. 3. Antzinatasunagatik; Uztarria 1998ko martxotik dago, Baite 2001eko otsailetik". ‘Kultur’ mantentzearen arrazoia, berriz, "azken batean Azpeitian hiru ardatzetan kultur filosofi bat zabaldu nahi delako da, herri mugimendu izaerakoa, herri proiektuen sortzaile eta protagonista izanik, herriko beste erakundeen lana eta izaera errekonozituz beti ere".
Baite sortu zenetik, Uztarriak eta biek elkarrekin egin dute lan: Uztarriaren ordezkari bat beti egon da Baiteko talde eragilean, lokala bera dute, Baiteren aldizkaria Uztarrian egiten da eta Uztarria herri aldizkariaren barruan banatzen da… "Horretaz gain, euskara aldetik helburuak beraiek izanik, eta herrian nahasmenik edo disfuntziorik ez sortzeko, bat egitea da onena eta logikoena", diote bi zuzendaritzek. Hala, Baiteko talde eragilea, Uztarriaren euskara ardatzean sartuko da, eta orain arte bezala egingo du lan; orain, Uztarriaren izenarekin.
Bat egite honekin, beste fase bati ekin dio Uztarriak. "Baina ez da erabat berria, 1998ko martxoan abian jarri zen izaeraren, estiloaren, konpromisoaren eta lanaren jarraipena baita, baina hemendik aurrera herri proiektuak jarri nahi ditugu martxan, proiektu estrategikoak, eta oso garrantzitsua da erakundea indartzea, babes handiagoa izateko, leku gehiagotara iristeko, gauza gehiago lortzeko".
|