|
|
|
Nor izateko proiektua
Uztarria Kultur Koordinadora
Uztarria Kultur Koordinadora sortu zenean —1998ko martxoan—, hiru ardatz finkatu zituen lan egiteko: komunikazioa, euskara eta kultura. Izan ere, arlo horietan arazo handiak zeuden, hutsune asko, eta herri euskaldun honetan ez zen ona egoera hura:
- Komunikazioa: herri aldizkaririk ez zegoen, herri telebista bere kontura zebilen, web orrialderik ez zegoen…
- Euskara: udal euskara teknikaririk ez zegoen, udal euskara patronatorik edo batzorderik ere ez, euskara elkarterik ere ez, eta herrian ez zegoen euskararen normalizaziorako plan estrategikorik.
- Kultura: kultur etxerik ez, kultur azpiegitura eskasak, kultur dinamika pattala, kultur taldeen artean koordinaziorik ez, kultur plangintza falta...
Bost urte pasatu dira eta aurrera egin da (ikusi 32. eta 33. orrialdeak). Baina oraindik izugarri falta zaigu:
- Komunikazioa: Azpeitiak ez ditu herri komunikabide eraginkorrak edota kalitatekoak: ez du herri egunkaririk...
- Euskara: Azpeitian ez gara euskaraz bizi, euskararen normalizaziorako dagoen plan estrategikoan parte-hartzea mugatua da (oraingoz) eta plana bera ez da abiatu oraindik.
- Kultura: herri azpiegitura onik ez dago (kultur-gunea, kultur etxea…) eta kultur dinamika ez da ona.
Garai garrantzitsuan eta erabakigarrian gaude Azpeitian, eta Euskal Herrian. Alor estrategikoetan nabarmen egin behar dugu aurrera, sortzaile eta protagonista izan nahi dugu herri erakundeok. Bost urte eta erdi pasatu dira Uztarria sortu zenetik eta ia hiru Baite Euskara Elkartea sortu zenetik, eta, gabeziak gabezi eta hutsuneak hutsune, orain arte bide bat egin dugu, baina bestelako egoera batera iritsi nahi dugu.
Nolako Azpeitia nahi dugu epe ertain-luzera? Hori da galdera. Eta erantzunaren bila jo behar dugu. Aurrera egiteko garaia da, aurrera proiektu estrategikoetan.
Azpeitian komunikazioa, euskara eta kultura ardatzetan, Uztarria erakunde eraginkorra izatea da helburua. Horretarako, proiektuak herrikoak izan beharko dira, eta gure elkartearen proiektu soil baino gehiago, herri proiektu bezala aurkeztuz Azpeitian; babes handiagoa izateko, leku gehiagotara iristeko, gauza gehiago lortzeko. Beti ere herriko beste erakundeekin elkarlana bilatuz, eta besteen lana eta izaera errekonozituz.
Hauek dira komunikazioa, euskara eta kultura ardatzetan Uztarriaren proiektu nagusiak:
- Urola-Kostako Hitza egunkaria sortzea (komunikazioa, euskara).
- Azpeitian euskararen normalizaziorako plan estrategikoaren diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean parte-hartze zuzena lortzea (euskara).
- Kultur-gunea sortzea (kultura).
Hori guztia aurrera eramateko, oso garrantzitsua da herriaren aurrean erakunde indartsu bezala azaltzea. Eta horregatik egin dute Uztarriak eta Baitek bat, erakunde bakar sendoa sortuz.
Erakundeak herri mugimendu izaerakoa izan behar du, beti; bere izaeraren eta helburuen arabera jokatu behar du, beti. Baina proiektu gehiago abiatzeko eta gauzatzeko, geure erritmoa izateko, edozein erakunderekiko independenteagoak izateko, baliabide ekonomiko propio handiagoak izan behar ditugu. Bide horretan, Uztarriak baditu ideia batzuk, eta lantzen ere hasi da. Proiektu horietako bat da herrian kultur-gunea irekitzea. Kultur-gune hori ez litzateke gaur egungo edo biharko eguneko herriko beste kultur azpiegiturei lehia egiteko sortuko; batetik, Uztarria bera indartzeko litzateke, eta, bestetik, egungo azpiegituren osagarri eta herriarentzako aberasgarri. Baina zer litzateke kultur-gune bat horretarako kultur proiekturik gabe? Ezer ez. Beraz, Azpeitiko kultur egoeraren azterteka egiteko asmoa dugu, gero, herriko gaur egungo proiektuak eta ekimenak aintzat hartu eta diagnostikoa ere kontuan hartuta, kultur proiektua egiteko.
Gauza asko, beraz, Uztarriak esku artean dituenak. Baina merezi du erronkei heltzea. Komunikazioa, euskara eta kultura ardatzetan NOR izateko. Aukera ona dugu azpeitiarrok eta ezin dugu alferrikaldu. Aurrera!
|