Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abendua »  Erakunde eraginkorra herrirako »  Bat egiteko eta lanerako taldeen eta eragileen inplikazioa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kultura, euskara eta komunikazioa

Bat egiteko eta lanerako taldeen eta eragileen inplikazioa

Uztarria Kultur Koordinadora eta Baite Euskara Elkartea osatzen duten taldeez eta eragileez gainera, herriko hainbat taldek ere bat egitea hobetsi du. Honek babesa emango dio talde bateratuari

"Kultura indartu behar dugu"

Urrestillako musika taldeak. "Gure iritziz, Uztarriatik eta Baitetik orain arte lan asko egin da euskara aldetik. Kultur arloan ere lana egin da, baina oraindik ere asko dago egiteko eta hori bultzatu beharra dago; hurrengo pausua horretan eman beharko da. Herriko taldeek eta eragileek elkartuz eta inplikatuz ahal eta jende gehien horretan lanean jarriz eta hori indartzen saiatuz. Komunikazio aldetik hurrengo urratsa Urola-Kostako Hitza sortzea da. Informazioa jasotzeko zenbat eta aukera gehiago izan, askoz hobeto".

"Natural hartu dugu bat egitea"

Erniarraitz bertsozale elkartea. "Erniarraitz Bertsozale Elkartean jendeak nahiko natural hartu du Uztarriak eta Baitek bat egitearena. Erniarraitzek, bietako kide izanda, normala eta logikoa dela uste duelako. Biek bat eginda, batean bilduta indarra bilduko da. Proiektu berrien aldetik, nahiko anbiziotsuak dira. Ondo etorriko dira. Geure elkartean sakondu egin behar dugu zenbaiterainoko konpromisoa-eta eskatuko diguten".

"Hitza sortzea pausu handia da"

EHE. "Uztarria eta Baitetik orain arte euskara arloan egin den lana oso positiboa da eta orain batzearekin proiektu handiagoak atera daitezke aurrera. Urola-Kostako Hitza sortzea pauso handia da euskararen normalkuntzarako. Eta EBPNn behar-beharrezkoa da euskalgintza eta herriko eragileekin batera aurrera ateratzea".

"Kultur diagnostikoa egin behar da"

Azpeitian gazteok zer?! "Urola-Kostako Hitza beharrezkoa ikusten dugu herri informazioa euskaraz jaso dezagun eta, nola ez, herri mugimenduari ere bultzada handia emango dio. Kulturari dagokionez, Azpeitiko kulturaren egoeraren diagnosi bat egin beharra dagoela ere beharrezko ikusten dugu, egoera ez baita ona".

"Bi taldeak osagarriak dira"

Urola ikastola. "Baitek eta Uztarriak bat egitea, Azpeitian euskararen normalizazioan, alor guztietan, bultzatzeko, laguntzeko eta animatzeko komenigarria da. Bi taldeen orain arteko funtzionamendua ikusita, osagarriak dira eta baliabideak hobeto aprobetxatuko dituzte. Azpeitian euskara eta kultur mailan talde erreferentzial bat behar da".

"Behar da talde sendo bat"

Ikasberri azpeitiko ikastola eta hau da! "Orain arte Uztarriak eta Baitek egin duten lanari esker, sinesgarritasun handia lortu dute. Beraz, bien elkarketatik sortuko den talde berriarentzat abiapuntu bikaina da. Behar da talde sendo bat. Garbi daude emaitzak eta proiektu zehatzak ere bai. Hitza egunkariarekin jende asko euskaraz irakurtzen ohituko da".

"Bat egitea egokia eta naturala"

Iraurgi ikastetxea. "Azken bospasei urteetan euskal kulturak erreferentzia nabarmenik izan baldin badu, Uztarria elkartea izan da hori. Gainera, ia hiru urte badira Baite Euskara Elkartea lagun izan duela euskararen aldeko eginkizunetan. Guztiz naturala eta egokia irizten diogu Iraurgi Ikastetxetik Azpeitiko euskalgintzak bat egitera jotzeari".

"Bat egitea ondo ikusten dugu"

Zaharra berri elkartea. "Uztarriak eta Baitek bat egitea oso ondo iruditzen zaigu; lehen ere nahiko uztartuta zeuden eta askotan harremana zuten, esaterako Baite aldizkaria Uztarriarekin banatuz. Uztarria kultur proiektua denez eta euskara arloa ere lantzen duenez, horrela biek batera bi arloak landuko dituzte".

"Euskalgintzaren elkarlanerako"

AEK. "Hizkuntza komunitatea biziberritzea nahi baldin bada, ez da nahikoa euskaraz hitz egitearekin. Uztarriaren eta Baiteren bat egiteak, parada ezin hobea erakusten du euskalgintzan behar-beharrezkoa ikusten den elkarlanerako. Azpeitiko Udalak badaki EBPNri gogoz heltzeko moduan dagoela orain".

"Beste pausu bat eman da"

Kitarrista Taldea. "Guk hasiera-hasieratik ezagutzen dugu Uztarria, sortu aurreko prozesuan parte izan ginelako. Orain beste pauso bat eman da, eta hor ere eman dugu gure iritzia. Ondo irizten diogu bat egiteari, indarrak biltzea delako, eta proiektuak ere onak dira. Ea denon artean kultura aldetik zerbait indartsua egiten du-gun".

"Indarrak biltzea garrantzitsua da"

Orkatz kultur elkartea. "Uztarria eta Baiteren bat egitearen inguruan, indarrak biltzea garrantzitsua da gauzak egin ahal izateko. Maila horretan, bateratze horrek lagundu dezakela uste dugu. Bestetik, proiektu interesgarriak daude aurrera begira, eta kultur arloan zentratuz, herrian dauden hutsuneei —asko daude eta— erantzunak eta alternatibak bilatzeko taldeen protagonismoa berreskuratzea urrats garrantzitsua izango da".

"Gure babes osoa dute"

Lakrikun antzerki taldea. "Bi taldeen bat egitea oso ondo iruditzen zaigu. Orain arte bi erakundeek egin duten lana oso ona izan da. Lakrikun talde bezala, Uztarriaren partetik babes handia sentitu izan dugu beti, guk egindako lanari arreta eta babes handia eman izan diolako; Uztarriaren bitartez beti izan dugu aukera gure lanak zabaltzeko. Etorkizunean ere badakigu orain arteko lana bezain ona edo hobeaa egingo dutela bi erakundeek, eta gure aldetik babes osoa dute".

"Kultur egitasmo zendoa behar da"

Itsasi. "Bi taldeek arlo berean lana egitea baino egokiagoa da talde indartsu batek egitea aurrera euskara eta kulturaren alde, batik bat euskal kulturaren alde. Kultur arloan egitasmo sendo bat burutzea egokia litzateke, urteetan jarraipena izango duena eta jarraipen horren bidez, jendeak parte hartzeko ohitura hartuko duena. Urola-Kostako Hitza bezalako proiektuek herritarrei euskaraz irakurtzen asko lagundu diezaiekete gure ustez".

"Indarra egiteko modu bat da"

Argazki elkartea. "Uztarriak eta Baitek bat egitea ondo iruditzen zaigu, taldeak elkar batzeari ondo dago, indarra egiteko modu bat delako. Gainera, kultura aldetik ere indar handiagoa egiteko modu bat da. Datorren urteei begira Uztarriak egiteko asmoa duen proiektuen aldekoak gara, herriarentzat positiboak izango direlako".

"Kulturan gehiago egin beharko da"

Zubi zarreko rock taldeak. "Bat egitea aurrerapauso bat da. Uztarria Kultur Koordinadora sortu zenetik gauza asko egin dira, eta orain kontu batzutan, kultur arloan esaterako, indar handiagoa jarri beharko da, baita taldeetatik lana eginez ere. Orain arte egindako lana ona izan da eta gauza asko ere lortu dira".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak