Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abendua »  Beste preso bat

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Presoak : Hasieran Soto del Realeko kartzelan sartu

Beste preso bat

Oihana Elduaien

 

Aurreko hilaren 19an gertatu zen. Maider Egiguren azpeitiarra Arrasaten bere autora sartzera zihoala, kalez jantzitako zortzi bat polizia harengana joan ziren; Maiderrek berak gero anaiari esan zionez, "oso modu bortitzean". 20:30ak inguru omen ziren, eta "astin-astin egin eta nonbaiten botako zutela pentsatu zuen", haren anaiak kontatu digunez. Aldameneko kalean manifestazioa egiten ari ziren, eta Maider garraisika haiei abisatu nahian hasi omen zen. Ez zuen halakorik lortu, eta "isil-isilean, inor konturatu gabe" eraman zuten.

Arrasatetik Donostiara, "komisarira edo". Eta 00:30ak aldera, berriz, Azpeitira, Maiderren etxera, ohikoa den bezala etxea miatzera. Familia eta lagunentzat orduantxe hasi zen "ezintasuna eta kezka". "Errebalean —Maider han bizi da— polizia zebilela bagenekien, baina Maiderren berririk ez genuen".

Hurrengo eguneko 11:00ak aldera arte ez zuen inork gertaturikoa baieztatu, eta familiakoek Euskadi Irratiaren bidez jakin zuten bezperan Maider eta Mikel Garaiondo atxilotu zituztela, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz —Garaiondo Eibarkoa da—. Familiakoek beldurra sentitu zuten: "Maider torturatuko zuten beldur ginen".

Espainiako Lege Antiterroristapean inkomunikatuta egon ziren, epailearen aurretik pasatu arte. Ostiralean, 21ean, pasatuko zirela esan zuten polizia iturriek. Beraz, familia Madrilera joan zen. Baina Maider ez zuten ostiralean pasatu. Familiakoak berriz ere etxera.

ETXERA DEIA. Larunbatean, inkomunikatuta zegoela, Maiderrek etxera deitu zuen. "Amarekin hitz egin zuen, gazteleraz, hala behartuta. Ondo zegoela esan zion". Deiak familiaren beldurra areagotu egin zuen, deiak egon diren kasuetan txantajeren bat-edo tartean egon izan dela esan baitzien abokatuak. "Maider epailearen aurretik pasatzeko desiatzen geunden, kartzelara edo kalera, baina komisariko tortura arriskutik kanpo".

Astelehenean pasatu zen Garzonen aurretik, eta ez zuen deklaratu. Kartzelara bidali zuen. Familiarekin egon zen, eta "oso ondo" ikusi zuten. "Orduantxe lasaitu ginen, oso gaizki tratatu zutela esan zigun arren". Soto del Real kartzelan giltzaperatu zuten. Ia astebetera Alcala-Mecoko emakumeen kartzelara eraman zuten azpeitiar zazpigarren preso hori.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak