|
|
|
Kultura
“Datu historiko gehienak aurretik bilduak nituen”
Uztarriak abenduaren 6an aurkeztuko du Imanol Eliasek egindako herriko efemerideen liburua. Horretaz aritu da Uztarria Imanolekin
Uztarria aldizkarian kolaboratzaile da Imanol Elias, aldizkaria sortu zenetik. 2002ko irailean berari buruzko biografia liburua atera zuen Uztarriak, Mailo Oiarzabal kazetariak idatzitakoa. Orain, berriz, Imanol Eliasek egindako lan bat argitaratuko du Uztarriak: Azpeitiko efemerideen liburua. Abenduaren 6an aurkeztuko da, 12:30ean. Lan horren gorabeheren inguruan hitz egiten izan da Uztarria Imanolekin.
- Zenbat denbora eman dizu egunez eguneko datuak bildu eta Azpeitiko efemerideen liburu hau osatzeak?
Ziur ez nuke jakingo esaten, baina urte eta erdi seguru. Kontuan izan behar da nire abilezia ordenagailuan; horrek ere asko egiten du, baina ikasteko balio izan dit.
- Nola jaso dituzu datu denak?
Gauza bat da udaletxeko artxibategitik datuak ateratzea, eta beste bat lehenagotik jasota nituen datuak erabiltzea. Aurretik Azpeitiko historiari buruz ere idatzi izan dut, eta herriari buruzko lan eta informazio asko aurrez jasoa nuen; horrek lana erraztu egiten dit.
- Artxiboko lan handia eskatu al dizu liburu honek?
Azpeitiko datu historiko gehienak aurretik bilduak nituen. Gero, beste liburu batzuk kontsultatu, beste batzuek idatzi dituzten liburuetatik-eta datuak jaso, eta azken al-dian egunkarietan azaldu dena ere begiratu dut.
- 300 orrialdetik gora izango ditu liburuak. Datu asko dago bertan. Eta gainera, laburpena omen da.
Bai, nik ditudan datu guztiak ez daude liburuan sartuta. Datu interesgarrienak eta adierazgarrienak daude liburu honetan. Nire lehen ideia, hasiera batean behintzat, liburua egiterakoan orrialde bakoitzean egun bat sartzea.
- Datu bakarren batek harritu al zaitu bereziki?
Zaila da esaten. Ez dakit zein aukeratuko nukeen. Nik gustura emango nituzkeen datuak, herriaren hasiera-hasierako datuak dira, baina horiek ez dira hemen inguruan inon aurkitzen. Datu horiek ez dira ezagutzen. Baina, bestela, nik uste dut datu garrantzitsuenak liburuan bilduta daudela.
- Honezkero Azpeitiko historia ondo ezagutuko duzu bada?
Hasieran liburu hau edo datu bilketa hau egiten hasi nintzenean, niretzako kontsultarako liburu bat egiteko asmoa nuen. Kontsultarako liburua izango dela uste dut. Nik uste dut orain liburu hau kaleratuta, nik dakidana beste edozeinek ere jakin dezakeela. Eta horrek ere badu bere meritua.
- Lan eta lan zabiltza. Lan berri batzuk ere badabilzkizu esku artean. Aurreratzeko modurik bai zertan ari zaren?
Gipuzkoako datuak biltzen ari naiz orain. Datu interesgarriak daude, eta gauza polita egin daiteke hor ere. Lehenagotik lan dezente eginda nuen, eta orain iloba Asier ari da datu gehiago biltzen, eta neronek ere laguntzen diot oraindik. Beste lan bat ere egiten ari naiz: Azpeitiko 400 pertsonaia inguru bilduko dituen lan bat da. Hau ere gustuko lana da, eta interesgarria izan daitekeela uste dut. Honekin, herriko zein kanpotik herrira etorritako eta herriaren alde lan egin duten pertsonaiak ezagutzera eman nahi dut. Ixilean lanean jardun izandako zenbait pertsonaia ere jaso ditut. Kontuan izan behar da pertsonaia horiek ez direla gazteak, gazteak badu-eta oraindik egin dezakeenik.
|