Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abendua »  Iritzia »  Urrestillarekin amaitzeko

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Urrestillarekin amaitzeko

Pako Aristi

Pasa den hileko artikuluari jarraipena eman nahi diot. Urrestillaren gaia borobildu nahi nuke. Arazo bat dagoenean, medikuek gaitzekin bezala jokatu behar baita, hiru pauso hauek jarraituz: diagnostikoa, iragarpena edo pronostikoa, eta tratamendua arazoa konpontzeko. Medikuak beti esango dizu zer daukazun; gaitz horrek hartuko duen bidea, eta nola konpondu edo arindu litekeen.

Pasa den artikuluan Urrestillak duen gaitza deskribatu nuen. Gaitz horrek izen bat dauka zientzia demografikoen esparruan: Lotarako herri bihurtzen ari da, hau da, ciudad dormitorio delakoa. Gero eta jende gehiago bizi den leku bat, gazte jendea datorren leku bat gero eta zerbitzu publiko gutxiagorekin geratzen ari bada, horrek esan nahi du bertako biztanleek bizitza herritik kanpo egiten dutela gero eta gehiago, goizero herritik kanpo joan beharra daukatela euren oinarrizko beharrak betetzeko eta asetzeko, eta egunean bi aldiz itzultzen direla bertara: bazkaltzera (etortzen badira) eta lotara. Hiri handien kanpoaldean asko ugaritu dira lotarako auzo tristeak, egunez beste bizitzarik ez dutenak, ez nortasunik eta ez festa giro eta kultur girorik ez dutenak.

Urrestilla herri zahar bat da, baina bide horretan sartua dago. Etorkizunari begira nik hiru aukera ikusten dizkiot: 1, lotarako herria bihurtzea; 2, etxeak egitearen poderioz Azpeitiarekin bat egitea; eta 3, bertako biztanleak euren oinarrizko bizitza bertan egiten hastea eta bertako giroa indartzea. 30 edo 40 urteren bueltan asko alda liteke gure herria.

Esan beharrik ez dago nik Urrestillarentzat nahi nukeen etorkizuna hirugarrena dela, eta pentsatzen dut bertako biztanleek ere hala nahiko dutela. Galdu ditugun zerbitzuak berreskuratu behar ditugu. Nik ezagutu nuen mediku kontsulta herrian, eskolan bertan aritu nintzen hamar urte arte, frontoia egiten ikusi nuen, arraindegia ezagutu nuen, bi harakin, okindegia bertan ogia eginez, liburu azoka, argazki erakusketak... gaur ez da ia ezer geratzen.

Zer gertatzen da? Dena lotuta dagoela. Herrian medikua bagenu gaisoak bertara etorriko lirateke euren senideek lagunduta. Farmazia bagenu, botikak bertan erosiko lituzkete, eta bien bitartean kafe bat edo beste hartu ere bai tabernetan. Kutxazain automatikoa bagenu, jendeak dirua bertan aterako luke, eta bertan gehiago gastatu. Bazkaltzera datozenak galdezka aritzen dira askotan, ea herrian kajerorik ba al dagoen.

Herri baten helburua, funtzioa, biztanleak bizitza bertan egitea da, bertan geratzea, bertan aurkitzea behar duten gehiena. Gero nahi badute doazela kanpora arropa erostera, afaltzera edo juergara. Arazoa bakarra dugu: indar propiorik ez edukitzea. Gure lurretan jarri dituzten enpresa guztien zerga-diruak bilduko bagenitu udaletxe aberatsa genuke Urrestillan. Udaletxe horrek hitz egingo luke banketxeren batekin kajeroa jartzeko, hartuko luke kezka eta presionatuko luke behar den tokian herrira medikua ekartzeko egunero, eta dentista astean behin, eta ginekologoa, eta pediatra. Udalak herriko eskolari ere eutsiko lioke.

Bestela, nolako herria utzi behar diegu gure ondorengoei? XIX. mendean urrestiltarrak saiatu ziren herrira udaletxea ekartzen. Haiek ere gu bezalako pertsonak izango ziren, euren arazoekin, batzuek pobreak, besteak egoskorrak eta besteak zitalak, baina izan zuten talentoa Urrestillarentzat etorkizun hobearen alde kezkatzeko eta borroka egiteko. Ahal zutena lortu zuten. Gutaz esango al dute antzeko zerbait hemendik ehun urtera?

Nahiago nuke esango balute: ba, Pako Aristiren artikulua oker zegoen, Urrestilla ez dago gaur egun hain gaizki.

Hileko galdera. Zenbat azpeitiarrek zuten irakurria Fernando Morilloren liburu bat?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak