Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Ojacastroko euskalduna
Jose Luis Otamendi
GAIA: "Euskararen normalizazioa Azpeitian". Euskaraz bizi al gara herrian? Udalak bakarrik gidatu behar al du plangintza? Zer paper jokatu behar du euskalgintzak?...
Itsu-itsu onartzen da azpeitiarra berezko euskalduna dela sinestearena, jatortasun labelari esker arduratu beharrik ez duela bere euskaltasun gibelandian. Azpeitian bertan, ordea, kolore as-kotako azpeitiarrak dira: euskaldun zaharrak asko, erdaldun zaharrak, euskaldun eta erdaldun berriak beste zenbait. Guztiak ere azpeitiar. Euskaltasunak baditu milaka aurpegi.
Ojacastroko euskalduna ikusi genuen orain hurrengoan Euskal Telebistan, ostua zioten euskararenganako arreta eta begirune eske. Erdi Aro urrunetsian euskara nagusi zen, nonbait, bere he-rrian, eta agerian erakutsi nahi dute han ere euskara ez dela arrotz. Ni zer pentsatu ez nekiela geratu nintzen Errioxako erakundeek euskara bere ondaretzat hartzeko jartzen zizkien traben aurrean, Espainiako euskaldun talde horren heroikotasunari begira. Xoraturik, izuturik. Iragana geroan ikusteko zoria eman zaionaren ikaraz.
Neurekiko egin nuen ez zegoela identitatea eguneroko tortura mailara zertan ekarri, eta antzeko bu-rutazioak. Esana du poetak, "hizkuntza gu bizitzeko behar dugu, eta ez gu bizi hizkuntza bizi dadin". Lehen ere misiolari saldoak emanak gara, onberatasun kriminalez hamaika herri zapaldutakoak, zorion perfektuaren funtzionario lanetan suhar.
Normalizazioa boladan darabilgun hitz fetitxea da. Normal nahi dugu izan, eta euskaldunok Euskal He-rrian laurden triste bat osatzen ez.
Azpeitian ordea, ai Azpeitia! Ia Zuberoa haina bada jendez, eta euskaldunago hagitzez. Ispilu itsugarria daukagu etxean munduarentzat; zertan da eredu baina? Galdetu nahi nuke zer meritu egin dugun horren euskaldun aratz, horren gora, horren harro agertzeko?
Azpeiti honetan denok dugu euskararen osasunaren ardura, ez maila berekoa baina. Aurrena bermatu beharrekoa, nire ustez, euskaldunari bezalaxe erdaldunari Azpeitian euskaraz bizi ahal izatea da. Bestela eskubide bat urratzen ari gatzaizkio euskaldunari bai, baina baita erdaldunari ere.
Hona datorrenak nolatan egingo du ba bere, egoera jakinetan komunikatzeko besterik balio ez dion hizkuntza. Etorri berriak az-kar antzemango du gurean euskarak balio sentimental handia duela: irri, negar euskaraz egiten dugu, txakurrei eta umeei ere bai. Gizarteko kontu larri askotan, ordea, (osasuna, dirua, administrazioa...) euskararik gabe lasai ederrean bizi daitekeela ikasia izango dizu berehalatik.
Euskaraz bizitzeko aukeren eremua beste gehienetan baino zabalagoa izango du hemen, baina, horrekin batera, hala izan dadin beste gehienetan baino guardia bajuagoa daukagula seguru samar nago. Hartzaile onak gara, hor gabiltza ring-eko soka artean balantzaka, muturra ubelduta, hortzak konfiteak bezala listukatuz, baina, hori bai, irribarrea galdu gabe. Natural. Normaltasunez. Euskara ahoan eta Diario Vasco besapean. Noski, libre gara geure buruari harrika nola eman erabakitzeko.
Bitartean gimnasia gogorra egitera ekarri nahi gaitu euskalgintzak eguneroko txindurri lan eskergarekin. Anormalizatu egin beharko dugu denok, garunak eta giharrak behartu, inoizko batean nahi duen hark euskaraz bizi ahal izatea lortzekotan.
Ojacastro ez da Azpeitia. Han, jakina, txolinkeria gaitza izango da XXI. mendean euskaraz bizitzeak merezi duen galdetzea. Hemen galdera hori serio egin, erantzun eta bere erroa hedatu nahian dabil euskalgintza herriko beste esparruetara, bakoitzari bere arduraren mailan. Zer kristina egin behar dugu azpeitiarrok euskararekin?
Duela bi urte aurkeztu zuen Udalak Euskaraz Biziberritzeko Plan Nagusia. Dirutza ederrak eta indarra frango gastatu zituen orduan, guztiek lehendik ere bazekitena ozenki esan zezaten, azpeitiarrek euskara maite dutela. Konpromisorik eskatu gabe. Opari eskuzabal bat. Debalde.
Ekitaldi handinahia egin zen 2001eko abenduaren 2an. Herritar eta gizarte eragile gehien-gehienen babesa jaso zuen. Ikusmira polita ematen du garaiko hemerotekak oraindik ere. Indar hori guztia nola baliatu da, ordea? Ia bi urte basamortuan egon da plana. Edo hozkailuan. Edo Jainkoaren galtzarpean.
Orain berriro biztu da, baina ez ditugu kanpaiak jo-ko badaezpada ere. Parada-paradan jarri zaigu be-rriro euskararen normalkuntzari bultzada sendoa emateko aukera. XXI.mendeko azpeitiar guzti-guztiei traumarik gabeko euskaltasunaren hautua bermatzeko moduan gara. Horretarako euskararen alde gaudenok, nekez jardungo dugu zintzo euskararen alde, elkarren kontra ari bagara. Egia da, Ojacastron baino hobeto gaude hala ere.
Udalaren ardura dela uste dut, guztion bitarteko asko berak di-tuelako besteak beste, Plana egoki garatzeko markoa eskaintzea. Hori hala izan dadin, Uztarriak eta gizarte-eragileen ordezkaritzak (enpresak, elkarteak, sindikatuak...) planaren erabakiguneetan eta kudeatze lanetan parte zuzena hartu behar dute nahitaez. Bestela, plan bat beharrean klan bat eratuko dugu. Eta setakeriatik eta sektakeriatik nahikoa osatuta gaude lehen ere. Nago, aurrean dugun erronkak zuhurtzia, tinkotasuna eta malgu jokatzen jakitea eskatzen duela. Euskalgintzari eta udalari aurrena, eta beste guztiei gero.
Euskaren bandera etengabe astintzen ibili beharrik gabe bizi nahi dugu. Euskaraz, baina ez euskararentzat. Euskal Herriko he-rri batean..., Azpeitian esate batera. Normal-normal.
Ondoan balego, bihotza betean besarkatuko genuke Ojacas-troko euskalduna.
|