|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Azketako ude
Beharrak eskaparatean
Ainhoa Odriozola
Lehengoan ikusi nituen etxebizitzen alogera eta salmenta prezioen inguruko kartel gorriak kalean. Honen ildotik, irakurleari eskatuko nioke irudika ditzala bi egoera. Imajinatu medikuarengana goazela gripeak jota, emandako erremedioa oso garestia dela eta hau erantzuten digula: "Gripe bolada itzela dago, eta eskaera handia denez, prezioa igo da". Haurra eskolara matrikulatzera goaz eta honokoa esaten digula zuzendariak: "Dagoen jaiotze tasa altua dela-eta, matrikula bikoiztu da. Hala ere, garesti baderitzozu, haur zerrenda handia dugu sartzeko, zure lekuaren zain". Pentsatu une batez: ezinezkoa, irreala, lotsagarria... Espekulazioa deituko nioke: batzuen beharraz aprobetxatuz etekina ateratzeko ahalegina.
Etxebizitza, osasun atentzioa, hezkuntza eta lana, edozeinek ongizate estatuan dituen lau funtsezko eskubideak dira. Eta hori Espainiako Konstituzioan jasota dator. Bizitzeko toki bat izatea, lan duina, hezkuntza egokia eta kalitatezko osasun atentzioa bezain beharrezkoa da. Zergatik ez gara lotsatzen etxebizitzen inguruko espekulazioarekin? Egunero gertatzen da. Ondorioak ezagun dira: sotoak jauregien prezioan, ezin etxerik aurkitu, kreditu amaiezinak, alogera exajeratuak, zalantzazko etorkizuna... Euskal Herria da, etxebizitza baten jabe egiteko esfortzu finantziero handiena eskatzen duen komunitatea, soldataren %60a.
Horrelako arazoen aurrean, gobernuari, legeei, agintariei edo egoerari atxekitzen diogu errua, urruti bezain abstraktu egiten zaizkigun enteei. Badute bere ardura, noski, baina ez dago hain urrutira joan beharrik. Lur jabeak, eraikuntza enpresak eta etxe jabeak tokatu zaizkit beren ondasuna saltzeko prest, ez duen baloreagatik. izan dezakeen prezioagatik baizik. Ez gara konturatzen eskaintzen ari garena behar bat dela bestearentzako.
|