Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abendua »  Juan Joxe Agirre - Argazkilaria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita : Ingurumena eta, batez ere, zuhaitzak dira Juan Joxe Agirreren argazkirako gairik gustukoenak.

"Mendira beti eramaten dut argazki makina"

Nerea Uranga

Argazkigintzari lotuta 30 urte daramatza Juan Joxe Agirrek. Orain, Gure inguruari begirada bat lehiaketan bi sari nagusiak berak jaso ditu. Izan ere, natura du gai kuttuna, eta pagoak; hala, Aittolan atera zizkion Uztarriak argazkiak, bere pagoen ondoan.

 
 
 
 
 
  • Nola hasi zinen argazkigintzan?

Argazki munduan, ezkondu eta berehala sartu nintzen. Umeak-eta etorri zirenean umeei argazkiak ateraz-eta hasi nintzen. Orduan txuri-beltzean eta negatiboan ateratzen nituen. Koinatuak diapositibak egiten zituen eta neu ere horretan hasi nintzen. Beranduago argazkigintzaren inguruan jendea mugitzen hasi zen Azpeitian eta aurreneko argazki rallyak antolatzen hasi ziren. Haietan parte hartzen hasi nintzen, ez zitzaidan gaizki joan eta gaur arte.

  • Gogoan al duzu zuk ateratako lehen argazkia zein izan zen?

Emaztea Zumarragakoa dut. Kamera erosi berria nuen eta behin Zumarragatik Azpeitira Pagotxetatik zehar oinez etorri ginen, eta orduan ateratako irudi batzuk bu-ruan dauzkat; orain, ordea, leku haietara joan eta ez dut leku bera topatzen.

  • Eta ateratako azken argazkia?

Samiñon, Uztarria eta Lagun Onak Mendi Bazkuna prestatzen ari diren mendi gidarako argazki batzuk, baina horrek ez du esan nahi niretzako beste batzuk egin ez nituenik. Bestela, Larraskandara joan nintzen argazki batzuk ateratzekotan, baina azkenean argazkirik ez nuen atera.

  • Argazki makina leku guztietara eramaten al duzu?

Mendira joaten naizenean, beti. Horrek ez du esan nahi, ordea, beti ateratzen ditudanik. Pena handia da mendira joan, gauza eder bat ikusi eta kamerarik ez izatea.

  • Zenbat lehiaketa edo sari irabazi dituzu dagoeneko?

Ehundik gora. 30 urte daramatzat argazkiak ateratzen eta urtero hiru edo lau sari irabazi izan ditut.

  • Herritik kanpoko argazki rallyetan eta lehiaketetan parte hartzen al duzu?

Bai, asko ibiltzen gara beste herriko rallyetan eta lehiaketetan. Donostiako rallya oso ospetsua da eta lau aurreneko postuak aterata nago. Diario Vasco Verano saria ere atera nuen urte batean. Gero, Natura eta horrelako aldizkarietan ere argitaratu izan dizkidate argazkiak.

  • Zein gai dituzu gustukoenak?

Gustukoenak ingurumenari buruzkoak ditut, hori landu dudalako batik bat.

  • Gure Inguruari begirada bat lehiaketan bi urtetan izan zara saridun. Aurten ere bi sari nagusiak zuk jaso dituzu.

Ni ez naiz besteak baino argazkilari hobea baina lekua eta ingurua ondo ezagutzen ditut. Eta beti inguruari begira nago eta le-ku politak bakarrik ez, gaizki dagoenari ateratakoak ere gorde egiten ditut.

  • Orduan, inguruko txoko ederrenak ezagutuko dituzu baina baita zatarrenak ere.

Ni alde ederrenen bila joaten naiz beti bai-na zatarrenak ere bilatzen ditut.

  • Gauza negatiboen eta gauza zatarren argazki on eta polit bat ateratzea zaila izango da gero.

Gauza txar baten argazki ona ateratzea... betiko buruhaustea da hori eta askotan epaileek kontuan hartzen ez dutena. Askotan gehiago baloratzen da estetika edukia baino. Epaileentzat lan zaila izaten da.

  • Zu ere argazki lehiaketetan epaile lanetan ibilia zara.

Hala tokatzen delako da. Lan hori egitea inork ez du nahi izaten. Eskerrak, batek ba-karrik emango dizkizu, beste inork ez.

  • Bildumen erakusketak ere egin izan dituzu. Zuhaitzei buruzko argazki bildumaren erakusketan esan zenuen zuhaitzena izan dela grinarik eta poztasunik handiena sortu dizun gaia.

Arbola zaharrak mirestu egiten ditudalako diot hori. Niretzako baso batean paseoan bakarrik ibiltzea gauza ederrenetakoa da. Aldi berean, oso txikia eta oso babestua sentitzen naiz. Argazki makina eraman eta argazkiak ateratzen ibiliz edota perretxikotara joanda gustura ibiltzen naiz basoan. Zuhaitzekin dagoen arazoa, gero eta baso autoktono gutxiago daudela da, eta horrek ere pena ematen dit. Udalak, Foru Aldundiak eta horrelako erakundeek nahiz eta lana egin, gehiago egin beharko luketela iruditzen zait, batik bat beren lurretan.

  • Baina zuhaitza ez al da gauza estatiko bat?

Oso gauza estatikoa da eta bere lurrarekin oso fidela eta traizionatzen ez duena. Eta urtaro guztietan edertasun berezia du.

  • Zuhaitzen bilduma Azpeititik kanpo beste inon erakutsi al duzu?

Azkoitian eta Tafallan egin dut erakusketa. Datorren udaberrian Donostian jarri behar dut. Oraindik osatzen ari naizen bilduma bat da, beti berritzen ari naizena. Azpeitiko baserriena da osatuta dudan beste bilduma; baserri asko desagertzen ari zirela ikusten nuen eta jasoko zituen dokumentu bat egin nahi nuen. Bilduma liburuan jasota dago.

  • Zein ingurutan egiten dituzu argazkiak?

Hemen, Elosu eta Aittola aldean gehienak. Eta asko baita Urbasa, Andia, Artikutza, Irati eta Aralar inguruan ere. Lekurik gustukoenetako bat Artikutza dut. Hemen inguruko ia baso denak ustiaketarako basoak dira eta Artikutzakoak, aldiz, ehun urtetik hona bere erara utzitakoak dira; oso arbola ederrak daude, eroritakoak eta usteltzen ari direnak goroldio, perretxiko eta abarrekin, eta zuhaitz berriak nola sortzen diren ere ikusten da, naturaren prozesu osoa ikusten da eta eskola paregabea da.

  • Inoiz pentsatu al duzu tailerra utzi eta argazkigintzatik bizitzea?

Oso zaila da argazkigintzatik neure gustuko argazkiak eginez bizitzea. Beste kontu bat da denda jarri eta handik bizitzea, baina lan hori ez dut gustukoa. Beste ogibide bat badaukat eta nahiago dut nire denbora librean nire kontura ibiltzea argazkiak ateratzen. Horrek ez du esan nahi argazkirik-eta ez dudanik saltzen; enkarguzko lanak ere eskatu izan dizkidate. Eta elkarlanean egindako lanak, orain mendi gida bezalakoak, askotan egin izan ditut.

  • Antxieta Arkeologi taldean ere ibili zara.

Urte batzuk egin nituen. Urte haietako oso oroimen ona daukat. Historia-aurreari buruz gauza asko ikasi eta kobazulo, erreka eta toki politak ezagutu nituen. Eta Andoni Albizuri ezagutzeko aukera izan nuen; beharbada hark erakutsi zidan natura beste begi batzuekin ikusten. Orain haiekin ere hartu-eman ona dut, behar denean elkarrekin lan batzuk egiten ditugu, bai Antxieta eta bai Azkoitiko Munibe taldearekin ere.

  • Azpeitiko Baserriak argazkitan liburuan lehenengo orrialdean natur zaletasuna gurasoei, Odriozolatxo eta Premietxeberri baserrikoei zor diezula esan zenuen.

Mutil kozkorretan, lanean hasi arte, anaia eta biok Odriozolatxo baserrian egoten ginen, eta hango oso oroimen onak dauzkat; agian, nik herrena neukalako eta gustuko lanak baino ez nituelako egiten edo. Baina, batik bat, oso ondo tratatzen gintuztelako. Ez zait ahaztuko udako gau beroetan nola joaten ginen atarian zegoen ariztira, basoan etzan eta gora begira egoten ginen muxarren zarata entzuten edo ikusi nahian. Baita izarrak ikusten ere. Orain ez dakit halakorik dagoen. Eta beharbada hortik datorkit naturarekiko zaletasuna.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak