|
|
|
Kultura
"Herriz herri geure burua salduz ibili beharko dugu"
Kepa Urbieta
Gurutze Eizmendi Lakrikun antzerki taldeko partaidea da, taldea bera sortu zenetik. Hamar urte daramatza antzerkigintzan eta aurten Antzerki Topaketetan euren zazpigarren lana estreinatuko dute: *Agoragofobiatuta*!!, antzerkia pairatzen ari den egoera tamalari umorez erantzuteko bidea.
|
|
|
|
Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi, "Galderen Requiema" antzezlanean.
|
|
- Gurutze, zein zen umetan zenuen ametsa?
Uf! Antzerkiarekin zerikusirik ez zuen behintzat. Arropa mundua gustatzen zitzaidan asko.
- Horrela izanik, nola hasi zinen antzerkian?
Umetako garaiak ondo pasatuta nituela hasi nintzen antzerkian. Orain dela hamar urte Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatu zuen antzerki ikastaro batean parte hartzeko aukera izan nuen. Hura amaitzean antzerkirako gogoz geratu eta zerbait gehiago egin behar genuela erabaki genuen.
- Antzerkitik telebistara jauzia ere egin zenuen...
Bai. Goenkale-n parte hartu nuen bolada batez.
- Zer ezberdintasun dago telebistaren eta taularen artean?
Telebista artifizialagoa da, eta lasaiagoa ere bai. Antzerkian nerbio gehiago izaten dut. Jendaurrean eta zuzenean izatean larritasun egoerak izaten dira eta inprobisazioak asko balio du. Baina xarma handiagoa du aurrean jendea izateak aurrean kamera izateak baino.
- Azpeitian Euskal Antzerki Topaketak izan ohi dira urtero. Esan al daiteke zaletasuna badela herrian?
Ez, nik uste dut antzerki zaletasuna galtzen ari dela; ez Azpeitian bakarrik, leku guztietan. Gaur egun aurpegi ezagunek parte hartzen duten emanaldiek dute arrakasta, topaketak ere profesional mailan antolatu ohi dira. Talde amateurrek lan asko egin behar izaten dugu; laguntza gutxi jasotzen dugu udaletatik. Segurura jotzen dute aretoak bete daitezen.
- Zuek Agorafobiatuta!! antzezlan berriarekin parte hartuko duzue XXI. Euskal Antzerki Topaketetan. Zer-nolako ikuskizuna da?
Alaitz Olaizolak idatzitako antzezlana da, agorafobia duen emakume bati buruzkoa. Etxean lasai egon nahi du, bakarrik egon nahi du, baina ezingo du. Ez daki agorafobia duela eta beti izango du norbait etxean bakarrik egoten utziko ez diona. Komikoa da.
- Zuen obra erakusteko asmoa izango duzue. Aukera asko izaten al da antzerkiaren munduan?
Garai hobeak izan ditugu. Asmoa badugu baina nonbait Eusko Jaurlaritzak laguntzak ematen ditu herrietara talde profesionalak ekartzeagatik eta horrek kalte egin digu. Guk bi urtez jarraituko dugu lan honekin baina herriz herri geure burua salduz ibili beharko dugu.
- Lan asko eta sari gutxi, beraz.
Bai. Prestaketa asko eskatzen du, arropak, dekoratua, argiak, entseguak astean bi aldiz eta azkeneko astean egunero. Lan asko, denbora asko eskatzen du eta ez dugu batere kobratzen. Gustatu egiten zaigulako gabiltza, bestela...
- Inoiz gertatu zaizun pasarte bereziren bat?
Behin Aizarnan antzezten ari ginela, Alaitz Olaizolak orduan Margaren papera egiten zuen eta gidoian ez zegoen galdera bota zidan eta ni zer esan ez nekiela geratu nintzen. Aurretik ere zerbait gaizki egin genuen eta orduan nire onetik atera eta “bueno Alaitz!” atera zitzaidan. Gero dekoratuaren atzealdera joan eta egundoko errieta bota nion.
|