|
|
|
Gizartea
Tratu txarrei, stop
Nerea Uranga
Herrian zenbait ekitaldi antolatu dira Emakumearen Aurkako Indarkeria Desagerrazteko eguna dela eta;
iaz tratu txarrak jaso zituztenen 26 kasu lagundu ziren
|
|
Azpeitik kasuak.
26 emakume. Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik iaz (2002an) tratu txarrak jaso zituzten 26 emakumeri eman zitzaien laguntza psikologikoa. Ez zen kasu bakar bat ere eman gizonen kasuan.
4 salaketa. Udal Gizarte Zerbitzuetatik iaz laguntza psikologikoa jaso zuten 26 emakumeetatik lauk tratu txarra jasateagatik salaketa jarri zuten.
|
|
Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailak tratu txarren gaia landu eta kaleratzeko asmoa du egun hori dela eta. Ez da aurreneko aldia gai horren inguruan herrian ekitaldiak egiten direna. Beste hainbat udalerritan bezalaxe Azpeitian ere tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak daude (iaz 26 kasu
hartu eta lagundu ziren Udaleko Gizarte Zerbitzuetan; denak emakumeak). “Tratu txarrak ezberdinduta bereizten dira, baina denak dira tratu txarrak: fisikoa, sexuala, psikologikoa, emozionala, soziala eta finantza-mailakoa”, dio txosten batek.
Lau salaketa jarri ziren iaz Azpeitian. Kasuak asko badira ere, zenbait ez da ausartzen bikotearen tratu txarrak jaso eta hari salaketa jartzera. Gizarte Zerbitzuetako laguntzaileen iritziz, “beldurra dago erasotzailea salatzeko”. Gainera, orain arte kasu horiek makal joaten ziren; hau da, salaketa jarri eta neurriak hartu bitartean erasoak jaso dituena erasotzailearekin bizi beharrean izaten zen kasu askotan. “Bikotearen tratu txarrak jasotzen dituen batek etxea utziz gero, eskubide batzuk galdu egiten zituen. Eta bikoteari salaketa jarri eta harekin bizi beharrean zen, etxe berean, eta bikoteari salaketa noiz helduko beldur izaten ziren erasotuak, erasotzailearen erreakzioaren beldur”, dio Udaleko Gizarte Zerbitzuetako laguntzaileak. Orain, ordea, abuztuaren 1etik aurrera, Espainiako Legebiltzarrak onartutako lege baten ondorioz (Hego Euskal Herrian ere indarrean dago), salaketa jarri eta prozesua azkartzeko neurriak daude martxan: salaketa jarri eta 72 orduren buruan erasotzailea epailearen aurrera deituko da eta tratu txarrak jaso dituenak babesa jasoko du.
Gizarte Zerbitzuetan Emakumearen arloan Ekintza Plan Positiboa abian dago eta tratu txarra jasotzen duten emakumeei laguntza ematen zaie. Laguntza psikologikoa eta beharrezko laguntza guztia bideratzen zaie udaletik (Gizarte Zerbitzuetako telefonoa: 943 15 71 91).
GAIA HERRIRATUZ. Azaroaren 25erako Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Emakumearen Mahaiak zenbait ekintza antolatu ditu: herriko zenbait ikastetxek Emakundetik bideratutako liburuxkak landuko dituzte 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin. Herrira begira, etxez etxeko kanpaina egingo da eta zine-foruma antolatu da, doan, Enparanen, 15:30ean. Solo mia filma emango da eta Gloria Martin psikologoa eta gaian aditua denak foruma gidatuko du.
|