Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  azaroa »  Hara eta hona, autobusean?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Garraioak

Hara eta hona, autobusean?

Nerea uranga

Batera edo bestera joateko autobus zerbitzua, egunero eta sarri hartzen dutenak asko dira Azpeitian. Baina nahiko komeria ibili behar da zenbait lekutara garaiz edo nahi den ordurako iristeko

Autobus geltokia hutsik. Asteartea, goizeko 08:30ak.  
Ikasleen autobusak bidaiari ekiten. 
Donostiarako autobusa bete-bete eginda. 

Bidaiatzeko, herri batetik bestera mugitzeko, loturak askotan garraiobide publikoek eskaintzen dituzte. Baina bidaia erosoa izateko lotura onak izan behar dira. Azpeitiko kasuan nahiko erraztasun gutxi dago, ordea, zenbait bailaratara, auzotara autobusez edota trenez joateko. Donostiara joateko aukera zuzenak daude: autobusez autopistaz, Zumaiara joan eta han trena hartuz...; esan daiteke kostaldera joateko azpeitiarren aukera nolabait bermatuta dagoela garraio aldetik. Baina Gasteizera, Nuarbera, Urrestillara, Arrasatera, Beasainera edo Tolosara joateko zer?

Urolako trenak, inauguratu zen egunean —1926ko ekainaren 22an—, “azpeitiarren ametsa bete” zuen, Imanol Eliasen hitzetan. Donostia eta Bilborekin lotunea zuen trenak Zumaiko geltokian, eta Zumarragako geltokian Madril eta Bartzelonarekin. Baina trenak 60 urteko ibilbidearen ondoren eta zaharkitua zegoelako, 1986ko uztailaren 14an egin zuen azken joan-etorria.

Zuzeneko autobusik ez

Azpeitia-Arrasate: Bi autobus hartu behar dira. Bi orduko bidaia.

Arrasaten eta inguruan ikasten eta lanean dabilen azpeitiar ugari da. Langileek, oro har, egunero autoz joan-etorria egiten dute; batzuek bakarka, eta beste batzuk hiru-lau elkartu eta elkarrekin autoz joaten dira. Ikasle gehienek, aldiz, pisu bat hartu Arrasaten eta astea han pasatzen dute, egunero joan-etorria autobusez egitea “nahiko konplikatua” delako.

Aitzol Larrańaga Arrasateko Unibertsitatean ari da ikasten eta astea han pasatzen du. Iaz, asteburuetan, etxerako joan-etorria autobusez egiten zuen eta horretarako Arrasatetik Elgoibarrera autobusa hartzen zuen, eta Elgoibarrera bila norbait joaten zitzaion. “Iaz, Azpeititik Elgoibarrera ibiltzen ziren autobusen ordutegia eta Arrasatetik Elgoibarrerakoena ez ziren bat etortzen eta Elgoibarren egonaldia egin beharrean izaten ginen. Beraz, etxera lehenago heltzeko norbaiti bila joateko eskatzen genion”, dio Larrańagak. Aurten, ordea, batekin edo bestearekin autoz joaten dira Arrasatera.

Ana Zendoia Eskoriatzan ari da ikasten goizez, eta gero arratsaldez lana egiten du Azpeitian. Egunero joan-etorrian ibiltzen da, autoz. “Bost lagun joaten gara hara: hiru azpeitiar eta bi azkoitiar. Autoan joan beharra dago, oso autobus gutxi dagoelako eta ordutegia ere oso eskasa delako. Kotxean ibiltzera ohitu naiz eta, gustura nabilenez, horrela jarraitzeko asmoa dut”, dio Zendoiak.

Urretxuko Apaolaza autobus enpresak asteburuetan ikasleentzat Azpeititik Arrasaterako zerbitzua ere martxan izan du. “Nahiko ikaslek izena emanez gero, Apaolazak autobus txiki bat jartzen zuen Azpeititik Zumarragarako, eta han autobus handiago batera pasatu eta Arrasatera joaten zen”, dio Larrańagak.

Azokarako autobusa bakarrik

Azpeitia-auzoak: Matxinbenta aldera astearteetan autobus bakarra dago.

Matxinbentara, Nuarbera eta Urrestillara joateko ez dago lineako autobusik; alegia, ez dago eguneroko joan-etorria egiten duen autobusik. Beasainera Azpeititik ez dago batere autobusik. Azpeititik Beasain edo Goierri aldera garraio publikoan joateko dauden aukerak honakoak dira: lehenengo Zumarragara joan eta handik trena hartu; Tolosara joan (egunean bi autobus baino ez daude) eta han trena hartu edota Donostiara joan eta han beste autobus bat hartu.

Matxinbentaraino joaten den autobus bakar bat dago Azpeititik, astearteetan, azokara joan-etorria egiteko. Goizeko 08:00ak aldera abiatzen da handik eta Nuarbetik eta Urrestillatik pasatuz Azpeitira dator. Bueltako autobusa 11:30ean ateratzen da Azpeititik, Artetxeneko aurretik. Bestela, Matxinbentakoek, Nuarbekoek eta Urrestillakoek ahal den moduan moldatu behar izaten dute hona etortzeko, auto stopean, auto partikularrean, senideren batekin autoan, eta oinez ibiltzen denik ere bada. “Motz gelditzen da azokara etortzeko dagoen autobus hau bakarrik egotea”, esan dio Uztarriari emakume urrestildar batek. “Batzuetan, haurrak Azpeitira ikastolara ekartzeko dagoen autobusa hartu behar izaten dugu, eta hori goizean 08:10ak aldera izaten da Urrestillan. Eta gero bueltarako 13:00etan izaten da anbulategi aurrean. Autobusez Urrestillatik Azpeitira joan-etorrian ibiltzeko gaizki daukagu, oso gaizki. Auto stopean behin baino gehiagotan joaten gara, eta stopean jartzeko askotan poltsekin, kargatuta, kaletik Landetaraino oinez joan behar izaten dugu. Batzutan, hiru-edo elkartzen bagara Urrestillatik Azpeitira etortzeko, taxia hartzen dugu, baina taxia 700-800 pezeta [4-5 euro] kostatzen da”.

Lehen Escudero, orain Ulacia enpresako autobusek egiten dute Matxinbentarainoko bidea. Autobus gidariak, Zabaletak, Uztarriari adierazi esan dionez, irailean enpresaren erabakiz hilabeteko aproba bat egin zuten, baina ez zen ondo atera, ez baitzuten bidaiaririk ibili. “Azpeititik Matxinbentara egunero lau joan-etorri jarri genituen. Jendeak eskatutako ordutegiari kasu eginez, goizeko 11:00ak aldera autobus bat jarriz. Baina gaizki atera zen, ez baitzen batere bidaiaririk ibili”. Batzuetan zerbitzurik ez dagoelako kexu da jendea, eta dagoenean ez da probetxurik ateratzen. Orain behintzat, ez dago autobusean Nuarbe aldera joateko aukera handiegirik.

Tolosarako Correoa

Azpeitia-Tolosa: Tolosa aldera egunero bi autobus daude, Erreziletik.

Tolosa aldera edota Errezilera joan-etorria egunero, bai astegun eta bai jaiegunetan, Guipuzcoanako autobusek egiten dute, Eusko Trenekin daukan akordioagatik. Egunero bi autobus daude Azpeititik alde hartara: goizean goiz 06:55ean eta eguerdian 13:55ean. Guipuzcoanako arduradunek Uztarriari adierazi diotenez, “ez da bidaiari asko ibiltzen” Tolosarako autobusetan.

Ibilbide hori egiten duen autobusa Correoa bezala da ezaguna, garai batean postaren garraiobide lanak egiten baitzituen. Guipuzcoana autobus enpresakoen esanetan, garai batean autobus zerbitzu erregular guztiek posta herri batetik bestera eramateko “beharra” zuten. Baina posta batetik bestera garraiatzeaz gainera, paketeen garraioa ere egiten zuten autobusek. “Paketeak garraiatzea, hau da, herri batetik bestera eramatea, garrantzitsua zen autobus enpresentzat. Baina gaur egun almazen guztiek bere garraio propioa daukate, kamio propioak dituzte”, dio Guipuzcoanakoak.

Ordutegiaren arabera

Azpeitia-Gasteiz: Autobusa eta trena hartu behar dira.

Gasteizera joateko, ordutegiaren arabera ibili behar da, Zumarragarako autobusaren ordutegia eta trenarena kontuan izanda. Goizez, arratsaldez edota gauez joan, bidaiaren denbora ere aldatu egiten baita, baita bidaiaren prezioa ere.

Mikel Aierbe azpeitiarrak Gasteizen ikasten du eta astea pisu batean han pasatzen du; asteburuetan, berriz, Azpeitira etorri ohi da. “Azpeititik Gasteizera joateko oso konbinazio txarra dago. Tren erregionalak hiru bakarrik daude egunero, eta hauek ikasleoi hiru euro inguru kostatzen zaizkigu. Talgoak ordutegi zabalagoa dauka baina garestiagoa ere bada, hamar euro kostatzen direlako. Goizean Zumarragarako autobusa hartu eta han trenaren zain ordu laurdenean egoten gara, baina eguerdi aldera 14:00etako autobusa hartuz gero Azpeitian, Zumarragan ordubetez itxoin behar diogu trenari”, dio Aierbek. Igande gauetan joan ohi da Aierbe Gasteizera, “eta bestela, asteleheneetan goizean goiz hartu behar izaten dugu autobusa Azpeitian Gasteizen klaseko orduetan egoteko”.

Etxerako bueltan ere nahiko komeria izaten dituzte trenean. “Gasteiztik Zumarragara bitartean geltoki askotan gelditzen da, ikasle asko izaten gara etxerako bidean, trena gainezka etortzen da eta askotan lurrean eserita hankak mugitu ezinik etortzen gara. Sarri kexatu gara; ordaindu eta gero horrela ibili beharra ere...”. Zumarragan autobusaren zain egon beharrean, eta ahal denean, bila norbait joaten zaie autoz.

“Tentsio handiko” bidaia

Azpeitia-Bilbo: Bi autobus hartu beharra dago.

Arazo eta kexu ugari sortu du Azpeitia- Bilbo arteko autobus zerbitzuak. Orain dela bi hilabete arte Pesak egiten zuen Bilborako zuzeneko ibilbidea. Baina gaur egun zerbitzu hori kendu egin da eta Ermua arteko joan-etorria Eusko Trenek egiten du. Alaitz Olaizolak sarritan hartzen du autobus hori eta egindako aldaketekin kexu da. “Zerbitzu bat kendu eta beste bat jarri dute, eta lehen oker bazegoen orain okerrago dago. Ordutegiak goizean hutsuneak zituen lehen eta orain horiek ez dituzte bete. Bestetik, tentsio bizian joaten naiz autobusean, txoferrari galdezka ea Eibarrera garaiz helduko ote garen, han Bilborako autobusa hartzeko. Trafiko asko baldin badabil eta Eibarren autobusez aldatzeko geltokiz ere aldatu egin behar izaten delako, askotan autobusa galtzeko arriskua izaten da”, dio Olaizolak. Ikasleek ez dute aukera bera egiten: batzuk pisuan gelditzen dira eta besteak autobusez ibiltzen dira egunero. Ikasleentzako Bilborako autobus zerbitzua Piper Ikasleen Elkarteak antolatzen du, Aldalurrekin. Baina Aldalurrek, unibertsitariak eta unibertsitatean lan egiten dutenak bakarrik eramateko baimena du. “Edozein bidaiari gustura eramango genuke baina horretarako baimena behar da. Azkarateko bide berria egin aurretik, guk Bilbora eguneroko linea jartzeko baimena eskatu genuen baina ez ziguten utzi. Gasteizerako eguneroko autobus zerbitzua ere gustura egingo genuke, baina baimenak lortzea oso zaila izaten da”, dio Aldalurreko arduradunak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak