Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  azaroa »  “Sumario hau lotsagarria eta asmakizuna da »  Mikel eta Eenko etxean dira

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara

Mikel eta Eneko etxean dira

Jose luis Otamendi

Hona hemen **Jose Luis Otamendi** poeta herritarrak urriaren 24an Mikel Azkuneren eta Eneko Etxeberriaren harrerarako propio prestatu eta omenaldian irakurri zuen poema.

aspaldi honetan ni ere aritmetika ariketa zoroetan sartuta nabil: zenbat auzokide, herritar ezagun —gogaide zein etsai kuttun— zenbat lagun kendu dizkidaten bistatik kontuak egiten ditut

eta horrelakoetan jabetzen naiz gu ere paisajearen bazterreko osagai garela soslaiak urruneko argazki batean etorkizun zabal eta helgaitzari ertz lausotu batetik begira

gure baitaren deshabitatze antolatua salatu nahi nuen baina ez nekien zein bulegotara jo nondik ekin nola galarazi isuri gera ezin hori: jendea indarrean daramate era txarrean ari zaizkigu ateratzen kirioetatik, barrenetik azaleko usainetik kentzen hezurretatik itzal arrastoak ezabatzen kendu eta kendu ari zaizkigu ari gara aurpegiak keinuak ahotsak kentzen eta izendegi amaiezin bat ondoren...

eta lotsatu egiten naiz jendeak igarri egingo baitigu barren hustu hori geure begietako putzuan igeri

gure baitaren deshabitatze sistematikoa salatzen dut beste inon hoberik ez eta arkupe hauetan egitea otu zait zuen guztion aurrean

ez dut onartu nahi ekaitzen mende bizitze hau ekaitz aldi bakoitzak zer lapurtuko eta gero hondakinen artean bilduko dugunaren itxaropenez ibili beharra beti

lotsa ematen dit jendeak eguna joan eguna etorri batera eta bestera barrena hutsik gabiltzala antzematea begietan edo ibileran edo hitz egiteko doinuan

jendea ari zaizkigu barrutik ateratzen su hartutako hotelak bagina bezala oldar batean eta ez gara larrialdiko eskailerak ez gara meatze abandonatuak ikatza bezala gure barrutik pertsonak ateratzeko geure urratu eta zauri trakets guztiekin nahi dugu bizi eta inor barrutik kentzen digutenerako kontuak egin banan-banan alerik ere oharkabean joan ez dakigun gehiago

gure barruak hustutzeko joera makurra salatzeko etorri naiz eta badakit neurri handi batean kaltea egina dagoela berandu izan litekeela aspaldi hustutzen hasitako arimak bere onera ekartzeko galdutako asko ez dela itzuliko sekula nahiz eta halako batean, akaso, batek daki, gu, edo beste batzuk,nonbaiten, inoiz zoriontsu izan eta hainbeste daukagu konpontzeko osatzeko gure barru zartatu hauetan bere tokian jartzeko

baina kontatzen ahazten bazaigu galduak gara —gure etsairik gabe gure lagunik gabe zer gara ba— hor dago gure indarra horretan da geure izatea bera esan dezadan, aritmetika humano bat: nor bizi da eroso gaur egun bere sasoian

horregatik sarritan aritmetika ariketa zoroetan sartuta ibiltzen gara zenbat auzokide, herritar zenbat lagun kendu dizkiguten bistatik kontuak egiten ditugu eta bueltan datozenak —gaur bezala— azkar hartzen ditugu berriro gure kaleetan geure ametsen abaroan festa giroan ospatzen dugu eta maitemindu adiskidetu berrien antzera besarkada artean elkarri agintzen diogu ez gaituztela gehiago bata bestearen hondotik aldenduko eta pozak txoratzen gaude baina ez gaude konforme: izan ere oraindik ez zaizkigu kontuak ateratzen eta ekaitzen mende bizi behar honekin ez dugu etsiko

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak